Euskadiko kirol-portuak, Atlantikoko azoka nautikorik garrantzitsuenean: Arroxelako 45. “Le Grand Pavois” Aretoa
- Eusko Jaurlaritzak Euskadiko kirol-portuak sustatuko ditu Arroxelan urriaren 2ra arte 100.000 bisitari baino gehiagoren aurrean.
- UPV-EHUko I. Eskola Nautikoaren “Saltillo” eskola-itsasontzia Euskadiren standa da Atlantikoko azoka nautikorik garrantzitsuenean.
- Euskadiko Kirol Portuak-EKP, euskal standaren buru izateaz gain, APPAren (Association des Ports de Plaisance de l´Atlantique) kide da eta haren bileran izan da.
“Saltillo” eskola-itsasontzia agertoki nagusietako bat da fatxada atlantiko europarreko azoka nautiko handienean: irailaren 27tik urriaren 2ra egiten den Grand Pavois azokan.
Itsasontzia Grand Pavois azoka-barrutian dago atrakatuta “Les Minimes” portuan. Euskadiren standa izateaz gain, aretoaren antolatzaileek erabiltzen dute itsasoaren eta komunikazioaren munduko profesionalen arteko topagune gisa, eta horrek ikusgaitasun handia ematen dio euskal presentziari aretoaren espazio fisikotik harago.
Mikel Lejarza kapitain duen itsasontziaren kokalekuak lehentasunezko lekua du Aretoan. Tripulazioa azoka-barrutiaren barruan bizi da eta bisitariei erakusten die belaontzia, EKPko langileekin batera, Euskadiko eskaintza nautikoari, kulturalari eta turistikoari buruzko informazioa emanik.
Horrela, Euskadik bere kirol-portuak sustatzen ditu nabigazioko profesional eta zaleei eskainitako Grand Pavois azoka nautiko handian. 100.000 m2-ko erakusketa-eremua du, nazioarteko 800 markatik gora, 750 itsasontzi eta aurkeztutako 250 produktu berri, eta 100.000 bisitari inguru hartzen ditu.
Zona atlantiko frantseseko areto nautiko garrantzitsuena hartzeaz gain, Arroxelako portua Atlantiko frantseseko laket-porturik handiena da eta handik etortzen dira euskal portuetan lehorreratzen diren iragaitzazko itsasontzi gehienak. Azoka horretara euskal bisitarien kopuru oso handia joaten da.
Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Kirol Portuak sozietate publikoak eta Arroxelako Portuak harreman estua dute duela ia bi hamarkadatik hona. “Know how” harreman bat, non kirol-portuak kudeatzeko bi sozietate publikoek informazio teknikoa eta portu-kudeaketari buruzkoa trukatzen duten.
Lankidetza-ildo horretan bertan, Euskadiko Kirol Portuak Aretoan zehar urteko bileretako bat egiten duen APPAren kide da. Elkarte horrek 53 jolas-portu hartzen ditu Loira Atlantikotik Euskadiraino. Ia 31.000 atrakalekuko ahalmena du eta haren helburua da bere bazkideei aholku ematea eguneroko lan operatiboez eta alderdi tekniko, ingurumeneko, segurtasuneko eta abarrez, nahitaezkoak portu-azpiegituren bilakaera eta modernizaziorako.