Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriarte Euskadiko ikastetxe publikoetako zuzendariekin elkartu da

2017.eko irailak 28
  • Ikasturteko lehentasunez eta garatu beharreko ildoez jarduteko balio dute zuzendariekin egiten diren saiook

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Maite Alonso sailburuordea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendari Lucia Torrealday eta Ikastetxe eta Plangintzako zuzendari Eugenio Jimenezekin batera, Euskadiko ikastetxe publikoetako zuzendariekin elkartu da gaur goizez, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendariekin lehenik, eta Bigarren Hezkuntzakoekin ondoren. Hezkuntza Saileko arduradunek urtero egin izan dituzte bilera hauek, ikasturte hasieran, ikastetxe publikoetako arduradunekin. Ikasturte berrirako lehentasunak, garatu beharreko arlo nahiz ildoak, edo Sailak abian jarri dituen berritasun nagusiak ezagutarazteko unea izaten da, baina baita ikuspuntu trukerako edo ikastetxeen ekarpenak jasotzekoa ere. 

Gasteizko Mendizabala Institutuan elkarturik, Cristina Uriarte sailburuak ikasturte honetarako erronka nagusi gisa azaldu du Euskadin Hezkuntzaren aldeko Akordioa erdiestea. Hausnarketa eta parte hartze prozesu horrek ondorengo hilabeteetan zein metodologia eta egutegia izango duen azaldu die sailburuak zuzendariei. Haste honetan bertan jarri da abian prozesu hau, hogeita hamarren bat gizarte eta hezkuntza eragilerekin astelehenean izandako bilerarekin.   

Berritasunen artean, Prestakuntza Ekimen Globala ere azaldu zaie ikastetxeetako arduradunei, Hezkuntza Sailak ikasturte honetan martxan jarri duen ekimena. Ekimen honen xedea da ikasleen gaitasunen garapen-maila eta, bide batez, emaitzak hobetzea. Bestela esanda, gaitasunetan oinarritutako curriculumaren planteamendua ikasgelako praktikara eramatea. Horretarako, Sailaren Berritzeguneek prestakuntza-moduluak eskainiko dizkiete irakasleei, lehentasunezkotzat hartzen diren eremuetan (komunikatzeko gaitasuna: hitzezkoa, hitzik gabekoa eta digitala; zientziarako gaitasuna; matematikarako gaitasuna; elkarbizitzarako gaitasuna…)

Ekimen honen parte dira ikasturte honetan euskal ikastetxeetara iritsi diren plan berri biak ere: Irakurketa Plana batetik, ikasgelan idatzizko ulermena eta ahozko adierazpena lantzeko, eta hizkuntzetan ez ezik gainerako arloetan ere eragin zuzena izango duena; eta bestetik Bizikasi, eskola jazarpenari aurrea hartzeko plana.

Hezkuntza Saila lanean ari da ikastetxeetako arduradunekin harreman zuzena izan eta horrela ahalik eta koordinaziorik handiena lortzeko, hezkuntza sistemaren mesedetan beti ere. 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @m_ojanguren
    2017.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: La consejera @c_uriartetoledo se reúne con los equipos directivos de los centros públicos de Euskadi ➡ https://t.co/7CGGWiDZsD

  • @AnderBaraja
    2017.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: .@c_uriartetoledo sailburua Euskadiko ikastetxe publikoetako zuzendariekin elkartu da ➡ https://t.co/uYYMF9Vh5O https://t.co/d

  • @Gob_eus
    2017.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    .@c_uriartetoledo sailburua Euskadiko ikastetxe publikoetako zuzendariekin elkartu da ➡ https://t.co/uYYMF9Vh5O https://t.co/dXQbqesDEu

Ekitaldiko kargudunak