Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

GIBdunek bizi duten diskriminazio egoerak prebentzioa eta tratamendua zailtzen ditu

2010.eko azaroak 29

"Giza eskubideentzat eta GIBarentzat argia" da 2010eko Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzeko aukeratutako leloa

Ia bost gurasotik batek seme-alabak eskolaz aldatuko lituzkete giza inmuno-eskasiaren birusa (GIB) duen ikaskideren bat izanez gero.  Euskadin birusa duten 9.000 pertsona badaude ere, horietatik % 30ak birusa duenik ere ez daki.

GIBa duten pertsonek bizi duten diskriminazio egoerak ondorio garrantzitsuak ditu beraien osasun psikologikoan eta horrek beraien egoerari behar bezala aurre egitea eta tratamenduak betetzea oztopatzen du. Diskriminazio egoera horrek osasun publikoan eragina du, prebentzioa zailtzen duen giroa sortzen baitu.

Hain zuzen ere, hori da Osasun eta Kontsumo sailburuak aste honetan bertan ospatu behar den Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta nabarmendu duen datu esanguratsuenetakoa. Gainera, GIBak sortzen duen gizarte bazterketaren gaineko beldurrak arrisku praktikak izan dituzten pertsonak birusa duten jakiteko proba ez egitera eramaten ditu.

Ondorioz, Euskadin birusa duten 9.000 pertsona baldin badaude ere, horietatik % 30ak birusa duenik ere ez daki. Birusa dutenen % 50 harreman heterosexualen bidez kutsatu da, % 33 babesik gabeko harreman homosexualak izateagatik eta % 10 baino gutxiago drogekin lotutako praktiken ondorioz.

Hiesaren Espainiako Elkarteak egindako ikerketaren arabera, langileen % 69 deseroso sentituko litzateke hiesa duen pertsona batekin lan egin beharko balu.  Hezkuntza arloari dagokionez, gurasoen % 58,8 ez litzateke eroso sentituko beraien seme-alabek birusa duen ikaskideren bat izango balute. Ez hori bakarrik, gurasoen % 40 egoera hori saihesteko seme-alabak eskolaz aldatzeko prest ere izango litzateke.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak GIBarekin lotuta indarrean duen politikak hiru ardatz nagusi ditu: birusa hedatzea saihestea, seropositiboei osasun arreta egokia ematea eta kutsatutakoen diskriminazioaren aurka borrokatzea.

Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, datorren azaroaren 30ean, asteartea, Donostiako Kursaal jauregia xingola gorri batekin argituko da 19:00etan.

 
 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rafael Bengoa