Eu

Elikaduraren eta gastronomiaren etorkizuna aztergai hirugarren “Gazteak hazten-Growing Young” sinposioan

2017.eko irailak 27

“TEKNOLOGIA, ELIKADURA ETA OSASUNA-FOOD HEALTH TECH” du izenburu sinposioak, eta bertaratzen direnek gizartean pil-pilean dagoen eztabaida batean hartuko dute parte: elikaduraren iraultza, eta iraultza horrek osasuna, teknologia, industria, zientzia eta berrikuntzarekin duen harremana.

Inaugurazioan izan dira Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea; Rogelio Pozo, AZTIko zuzendari nagusia, eta Matxalen Uriarte, AZTIko Elikadura eta Osasun arloko koordinatzailea eta kongresuaren arduraduna.

Hiru egunez, jaten duguna zergatik jaten dugun, nutrizioari eta elikagaiei buruz zer dakigun, eta elikaduraren eta gastronomiaren etorkizuna zein izango den argitzeko erantzunak emango dira.

Elikaduraren iraultza izango dute hizpide, gaurtik aurrera, hirugarren “Gazteak hazten-Growing Young” kongresuan. Abangoardiako sinposioa da, dinamikoa, non industriak eta zientzia- eta medikuntza-komunitateek beren jakintza eta ikerkuntzak partekatzeko eta gizarte modernoak dituen hiru desafio garrantzitsuei buruz eztabaidatzeko aukera izango dute: zergatik jaten dugun jaten duguna, zer dakigun nutrizioari eta elikagaiei buruz, eta zein izango den elikaduraren eta gastronomiaren etorkizuna. Gaur egin da kongresuaren irekiera-ekitaldia, Bizkaia Aretoan (Bilbo), eta han izan dira Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea; Rogelio Pozo, AZTIko zuzendari nagusia, eta Matxalen Uriarte, AZTIko Elikadura eta Osasun arloko koordinatzailea eta kongresuaren arduraduna.  

 

“TEKNOLOGIA, ELIKADURA ETA OSASUNA-FOOD HEALTH TECH” du izenburu kongresuak, eta datorren ostiralera arte, irailak 29, bertaratzen direnek gizartean pil-pilean dagoen eztabaida batean parte hartzeko aukera izango dute: elikaduraren iraultza eta iraultza horrek duen harremana osasunarekin, teknologiarekin, industriarekin, zientziarekin eta berrikuntzarekin. AZTIk antolatu du sinposioa, Lipigeniaren lankidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Sailaren laguntzarekin, eta gaurkotasun handiko gaiak landuko ditu, hala nola doitasun-nutrizioa, plazera vs osasuna, big data, zientzia, pertsonalizazioa, gizartea, osasuna, teknologia, elikagaien industria, kontsumitzailea eta merkatua. Gai horiek guztiak maila goreneko nazioarteko adituak partaide izango dituen eztabaida batean lantzeko aukera ematen du Growing Young sinposioak.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek hau nabarmendu du: "Oso garrantzitsua da Euskadirako eta elikaduraren sektorerako hirugarren aldiz zientziari, gizarteari eta merkatuari buruzko sinposio profesional handiena den horren egoitza izatea, are gehiago kontuan hartuta elikaduraren bitartez gizarte osasuntsuagoa sustatzeko helburua azpimarratuko duela”. Oroz sailburuordeak gaineratu duenez, “Euskadin euskal elikaduraren eta gastronomiaren ildo nagusietan aurrera egiteko lan egingo du: Segurua, Osasungarria, Berezia eta Jasangarria (gizarteari, kulturari, ekonomiari eta ingurumenari dagokienez), baina beste ikuspuntu batetik, Elikaduraren Balio Katearen paradigmatik, lehen sektoreko ekoizpenetik elikagaien kontsumora iritsi arte; tartean, hor daude eraldaketa, banaketa eta merkaturatzea, gastronomiara iritsi arte".

Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak zientzia-elikadura binomioa izan du hizpide, eta hau nabarmendu du: “Zientzia eta teknologia funtsezko tresnak dira gizartean eta, batez ere, gazteen artean elikadura egokia bultzatzeko. Teknologiak bateratuta, elikagai hoberenak eta gizabanako bakoitzaren beharren arabera pertsonalizatutakoak aztertu eta garatu ahal izango dira, bizimodu osasungarriagoa eta bizi-kalitate hobea sustatzen lagundu dezaten”.

Programa bat eta hiru erronka

“Growing Young” programaren lehen egitekoa galdera honi erantzutea da: Zergatik jaten dugu jaten duguna? Gai ugari jorratuko dira, kontsumitzaile eta paziente ere baden gizabanakoaren ikuspegitik: elikatze-ohiturak, elikagaiak hautatzeko konpromisoa eta elikadura orekatuari eusteko konpromisoa. Iñaki Martínez de Albénizek (UPV/EHU), Jaime Martínek (LANTERN) eta Bittor Rodríguezek (UPV/EHU) dinamizatuko dute eztabaida, zeinaren helburua hau argitzea baita: Posible ote da osasuntsu eta gustura jatea? Nola ekin ote diezaioke gizarteak bizimodu osasuntsu bati? Zerk du eragina bizimodu osasungarri baterako heziketan?

Bigarren egitekoa, berriz, hau ezagutzea da: Zer dakigu elikatzeko moduari eta elikagaiei (eta gehigarriei) buruz? Zientziari eta elikadurari lotutako gaiak aztertuko dira, diagnostikoaren ikuspegitik, bai eta gizabanakoek elikatzeko izan beharreko jokabideari buruzkoak ere. Hauek izango dira eztabaidaren dinamizatzaileak: Carla Ferreri (ISOF-CNR), Juan Antonio Corbalán mediku eta saskibaloi-jokalari ohia (VITHAS INTERNACIONAL), Luis Castaño (BIOGURUTZETA), Ander Urrutikoetxea (ONKOLOGIKOA), César Martín (BIOFISIKA INSTITUTUA) eta Kayo Kurotani (NATIONAL INSTITUTE OF HEALTH AND NUTRITION).

Ezagutzea zein izango den elikaduraren eta gastronomiaren etorkizuna, eta galdera honi erantzutea: Hurrengo elikadura-iraultzaren aurrean ote gaude?, hori da hirugarren egitekoa. Bernard Lahousse (FOODPAIRING), Fernando Macho (MEDWHAT), Antonio Martín (BLENDHUB), Itziar Alkorta (BIOFISIKA INSTITUTUA), Ainhoa Calvo (SENDABIO) eta Iñigo Uriartek (SURAVITASAN) gai hauei buruzko eztabaida eta iritzi-trukea sustatuko dute: elikagai-sektoreko produktu eta zerbitzu berriak, eta gizarteak merkatuan eragin handiagoa izatea ekarri duten komunikazio-eta informazio-molde berriak.

Matxalen Uriarte AZTIko Elikadura eta Osasun arloko koordinatzaile eta kongresuaren arduradunak nabarmendu duenez, "eztabaida izango da sinposioaren ardatz nagusia. Sektoreak eta eragileak elkarrengana hurbildu nahi ditugu, jarduteko estrategia berriak eztabaidatzeko eta diseinatzeko. Bertaratzen direnek elikadurari, osasunari, teknologiari, industriari, zientziari eta berrikuntzari buruzko gaurkotasun handiko eztabaida batean hartuko dute parte. Jakintza eta aplikazio industriala antolatu beharra daukagu, eta tokiko jarduketak garatuta soluzio globalei erantzun ahal izango diegu".

Osteguna bitartean landuko diren gaien artean, nabarmentzekoak dira gizarte osasuntsua garatzeko Euskadin egiten ari diren ekimenak. Atal horretan, arrakasta izan duten hainbat kasu aurkeztuko dira. Nazioarteko testuinguruari dagokionez, Kayo Kurotanik (NATIONAL INSTITUTE OF HEALTH AND NUTRITION) Japoniako gizarte eta elikadura osasungarriaren eredua aurkeztuko du.   

“Teknologia omikoak prebentziozko diagnostikorako erreminta gisa" eta "nutrilipidomika: ikuspegi molekularra zelula-mintzetatik osasunera eta nutrizio pertsonalizatura”. Gai horiek jorratuko dira, besteak beste, zientziaren eta teknologiaren arloei dagokienez. Funtsezkoak dira bi arlo horiek, izan ere, gizartean elikadura egokia bultzatzeko, gazteen artean batez ere. Teknologien bateratzeari esker, ikerketak egin ahalko dira produktu pertsonalizatu eta ahalik eta onenak garatzeko, gizabanako bakoitzaren beharren arabera betiere, bizimodu osasungarriago bat sustatzen lagun dezaten.

Fernando Machok (MEDWHAT), berriz, txosten hau aurkeztuko du: “Benetako janari adimentsua, adimen artifizial aurreratua erabiliz”. Bestalde, Begoña Pérez Villarrealek EIT Food europar ekimena aurkeztuko du. Nazioarteko partzuergo bat da EIT Food, eta berrikuntza, ekintzailetza, negozio-sorrera eta hezkuntzaren arloko ekimen aitzindariak lantzen dihardu, elikagai-hornidurarako kate jasangarri eta lehiakorrak eraiki daitezen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak