Berriak Segurtasuna
Eu

Sestaoko Ertzain-etxeak 25 urte egin dituela eta, urte horietan bertan lan egin duten 30 ertzain eta langile omendu ditu

2017.eko irailak 28

Ekitaldian hildako ertzainen omenezko plaka desestali dute Gernikako arbolaren Ertzain-etxeko kimuaren ondoan

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia Sestaoko Ertzain-etxearen inaugurazioaren XXV. urteurreneko ekitaldietan izan da Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok, Ertzaintzako dibisio-buru Josu Bujanda, José María Iurrebaso eta Jon Zearsorok eta Sestaoko komisario Vicente Arcenillasek lagunduta; ekitaldian horiekin batera izan dira beste hainbat polizia-agintari, Segurtasun Saileko kargudun batzuk eta mugapeko (Sestao, Barakaldo eta Trapagaran) alkateak ere.

Sestaoko Ertzain-etxearen urteurrena dela eta, hainbat ekintza antolatu dira irailean eta urrian Bizkaiko polizia-etxe horrek 25 urte bete dituela ospatzeko.  

Ekintza nagusia gaur egin da Sestaoko Ertzaintzaren egoitzan. Vicente Arcenillas unitate-buruak ongi etorria emateko hitz batzuk esan ondoren eta txistulariek ‘Agur Jaunak’ jotzen zuten bitartean, Segurtasuneko sailburuak urte hauetan hildako ertzainen omenez jarritako plaka desestali du Ertzain-etxeko haritzaren, Gernikako Arbolaren kimuaren, ondoan, Ertzaintzako agintariek eta Sestaoko ertzainen senitartekoek lagunduta.

Gizartearen errekonozimendua

Sestaoko Ertzain-etxeko langileek mende laurden honetan egindako lana errekonozitu du unitate-buruak ekitaldian, eta komisarian egunero eta etengabe egiten den lana ere balioetsi du. Gainera, gaur egun Bizkaiko polizia-etxe honetan lan egiten duten pertsona guztiei eta bakoitzari ere helarazi nahi izan die omenaldia. Ertzaintzak eta Sestaoko Ertzain-etxeak mugapeko gizartearen aldetik lortu duten errekonozimendua azpimarratu du Arcenillasek bere esku-hartzean, eta bide horretan lanean jarraitzearen aldeko apustua egin du, bertako langileak eta instalazioak mantenduta eta ibilgailuen parkea berrituta.  

Sestaoko Ertzain-etxearen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiaren baitan diplomak eman zaizkie egoitza abian jarri zenetik bertan lan egin duten hogeita hamarren bat ertzain eta langileri.  

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak bere esku-hartzean adierazi du Sestaoko Ertzain-etxea erreferentziako unitatea dela Sailarentzat eta Ertzaintzarentzat, eta, erakunde gisa, une bakoitzean segurtasun publikoan eragina duten egoeretara moldatzea egokitzen zaiola, zailtasunei aurre eginez eta aukera berriei erantzunez. Alde horretatik, honako hau azpimarratu eta gogoratu die bertan zeudenei: "Hain zuzen ere, egun hauetan odol berritu da unitatearen eguneroko jarduna Ertzaintzaren oinarrizko eskalako funtzionario izendatu berriekin, XXV. promozioko agenteekin, alegia. Lor ezazue zuen Ertzain-etxekoak izateaz harro egon daitezen. Ikas dezatela zuengandik zer esan nahi duen Barakaldoko, Sestaoko eta Trapagarango alkateek gaur hemen ordezkatzen duten gizarteari zerbitzatzeak.  Kudeaketan gardenak, gertukoak eta komunikatiboak eta, batez ere, eraginkorrak garela sentitu behar dute. Belaunaldi berriek xurga ditzatela balio horiek, urte hauetan guztietan zuen funtsa izan diren balio horiek".

Azkenik, omenaldia egin zaien agenteek taldeko argazkia atera dute Segurtasuneko sailburuaren eta unitate-buruaren ondoan.  

25. urteurreneko ekitaldian Sestaoko Ertzain-etxearen mugapeko udaletako agintari gorenak ere izan dira: Sestaoko Josu Bergara, Barakaldoko Amaia del Campo eta Trapagarango Xabier Cuellar.  

Beste ekitaldi batzuk

25. urteurrena dela eta antolatutako ekitaldien programako ekintzarik nabarmenetako bat Done Bikendi kirol-hirian Ertzaintzaren helikoptero batekin Txakur Unitateak egindako erakustaldia izan zen. Bertan mila bat pertsona izan ziren, bertako ikastetxeetako ikasle eta irakasleak.  

Bestalde, Ertzaintzaren Bandak urriaren 22an, igandean, kontzertua emango du Sestaoko Kasko plazan.  

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2017.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    La Ertzain-etxea de Sestao homenajea a 30 ertzainas y laborales que han trabajado en el centro policial durante... https://t.co/5fdWRcycdv

  • @Gob_eus
    2017.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    Sestaoko Ertzain-etxeak 25 urte egin dituela eta, bertan lan egin duten 30 ertzain eta langile omendu ditu ➡ https://t.co/KoDxef8Yw3

Ekitaldiko kargudunak