Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburuak adinekoentzako tratu txarren prebalentziari buruzko azterlana aurkeztu du

2010.eko azaroak 29

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak azterlan bat aurkeztu du gaur goizean Gasteizen, adinekoentzako tratu txarren prebalentziari buruzkoa, horren emaitzak fenomeno horren errealitatera hobeto hurbiltzeko baliagarri izango direlakoan. Enplegu eta Gizarte Gaeitako Sailak egindako azterlan hori era horretako lehenengoa da Euskadin, eta, horren arabera, 60 urtetik gorako 5.000 pertsonak, gutxi gora behera (% 0,9, guztizko pertsona kopurua 542.188 dela aintzat hartuta), une honetan zaintzaileen -senitartekoak, normalean- tratu txarrak jasotzen dituztela adierazi dute.

Inkestatuek beren egoerari buruz duten pertzepzioaz haratago, elkarrizketen arduradunek tratu txarren susmoak atzeman dituzte kasuen % 1,5ean (8.133 pertsona).

Guztira, 13.000 pertsona egongo lirateke, gutxi gorabehera, elkarrizketatuak zein elkarrizketa-egileak atzemandako tratu txarren susmo-egoeren eraginpean.

Landa-lana egiteko autonomia-erkidegoko 1.207 adinekori galdesorta egin genien depresio- edo antsietate-zantzuak, zaintzaileen eskutik tratu txarrak jasotzeko arriskua edo tratu txarren susmo-indizea atzemateko. Zehazkiago, zenbait elementu aztertu ditugu, hala nola higienerik eza, etxebizitzaren bizigarritasun-arazoak, tristezia, antsietatea, familia-harreman txarrak edo beharrezkoak ez diren laguntza teknikoen gabezia.

Azterlanaren datuek "tratu txarren susmoak" baino ez dituzte aditzera ematen, gertaerak inondik inora berretsi gabe, horrek eskatuko lukeelako, sailburuaren hitzetan, "tratu txarren ustezko biktima eta arduraduna eta egoeraren testuingurua sakonetik ebaluatzea".

Tratu txarren tipologia aztertzean, txostenaren egileek adierazi dute inkestatuen erdiak baino gehiagok faktore psikologikoak aipatu dituztela; kasuen % 22an arduragabekeria aipatu dute, eta tratu fisiko txarrak aipatu dituztenak ere % 22 izan dira. Tratu ekonomiko txarren kasurik ez dugu aurkitu. "Adinekoek alor horretan tratu txarrik jasaten ez dutela adierazi badute ere, profesionalen ustetan, zalantzarik gabe, kulturazko edo konfiantzazko -edo, hobe esanda, konfiantza-abusuzko- arrazoi sendoak daude horren atzean, eta, horren eraginez, senitartekoek adinekoen dirua erabiltzen dutenean, adinekoek ez dute egoera hori tratu txartzat jotzen", zehaztu du Zabaletak.

Azterlanak aztertu ditu, halaber, tratu txarren susmoarekin zerikusia duten faktoreak. Ildo horretatik, emaitzak argiak dira: tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeen ehunekoak gizonen ehunekoa bikoizten du.

Emakume gehiago

Hala, tratu txarrak jasotzen dituztela diotenen % 72,6 emakumeak dira eta % 27,4 gizonak, hurrenez hurren.  Litekeena da hori hala izatea, batetik, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeek gizarte- eta osasun-laguntzaren premia izateko aukerak handiagoak direlako, eta, bestetik, emakumeak ausartagoak direlako tratu txarrak salatzeko orduan.

Adinekoek jasandako tratu txarren susmoaren prebalentzia nabarmen handiagoa da emakumeen artean (% 1,2) gizonen artean (% 0,6) baino, eta neurri handiagoan nabari da adinean behera egin ahala: 60-74 urte dituztenen artean, tasa % 1,1 da; 75 urtez gorakoen artean, berriz, % 0,6.

Egoera zibilaren faktorea ere kontuan hartzekoa da: adineko banandu edo dibortziatuen artean gehiago dira tratu txarren susmoa dutenak, baita beren osasuna okerrago ikusten dutenen artean edo eguneroko bizitzako jarduera oinarrizko zein instrumentalak egiteko besteen mendetasun handiagoa dutenen artean ere. Gainera, azterlanak zera erakutsi du, tratu txarren susmoa dutenek heziketa-maila txikia dutela, baita baliabide ekonomiko urriak ere.

Ustezko tratu txarren eta antsietate-egoeren artean ere lotura argia dago, ustezko tratu txarrak jasaten dituztenen % 38k patologia horren zantzuak dituelako. Pertsona horien bizi-kalitatea gainerakoena baino nabarmen txarragoa da -% 82 eta % 48, hurrenez hurren-.      

Azterlanak erakusten duenez, tratu txarrak jasaten dituztela susmatzen dutenek okerrago daramatzate familia-harremanak, eta gatazka gehiago dituzte senitartekoekin. Laguntza-sareari dagokionez ere zenbait gabezia aipatu dituzte, afektibitate- eta gizarte-bizitza eskasa dutelako, edo, gutxienez, bizitzaren arlo horrekin gustura ez daudelako.

Tratu txarren susmoa beste pertsona batzuen zaintzaren inplikazio handiagoarekin uztartzen duen datua oso kontuan hartzekoa da. Azterlanaren arabera, tratu txarrak jasotzen dituztela sentitzen duten adinekoek sarriago hartu dute beste pertsona batzuk zaintzeko ardura, tratu txarren biktima sentitzen ez direnek baino. "Harremanak eta sare sozial eta familiarrak murrizteari zaintza-jarduera bizia eransten bazaio, egoera hori arriskugarria izan daiteke pertsona horientzat" ziurtatu du sailburuak, eta horren haritik adierazi du kolokako egoera ekonomikoa eta tratu txarren susmoaren prebalentzia handiagoa uztartuta daudela.

Ustezko tratu txar horien arduradunen profilari dagokionez, azterlanak erakutsi du lau kasutik hirutan arduraduna gizonezkoa dela. % 50ean seme-alabak dira arduradunak, eta % 25ean, berriz, ustezko tratu txarrak jasaten dituenaren bikotekidea.

Bestetik, aipatzekoa da ustezko tratu txar horien arduradunen % 41 estres-egoera baten eraginpean dagoela; % 25ek, berriz, arazo psikologikoak ditu.

Amaitzeko, Gemma Zabaletak gogora ekarri du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak datorren urtean garatuko duen adinekoentzako ekintza-planak tratu txarren aurka jarduteko ildo garrantzitsu bat bilduko duela, eta horren haritik gizartea sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko hainbat neurri abian jarriko direla, adinekoen segurtasuna bermatzeko. "Eremu horietan guztietan zeharkako eta prebentzioko edukiak bilduko dira, dimentsio hori plangintzaren funtsezko helburuetako bat delako. Horretarako, aldundiak eta udalak gonbidatuko ditugu horien diseinuan eta aplikazioan parte har dezaten", amaitu du sailburuak.

Iruzkin bat
  • @eocenico
    2010.eko azaroak 29

    Comentario de Twitter:
    13.000 ancianos podrían ser víctimas de maltrato en Euskadi http://bit.ly/hc8Sbc

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)