Berriak Hezkuntza
Eu

Irakasle funtzionarioen mahai sektoriala: Hezkuntza Sailaren konpromisoak

2017.eko irailak 27

Konpromiso nagusiak:

  • 5.000 plaza eskaintzea Enplegu Publikorako Eskaintzen (EPE) bidez legealdi honetan. Hasierako aurreikuspenean baino 2.000 plaza gehiago.
  • Egonkortasunaren aldeko apustua: behin-behinekotasuna 10 puntuan jaistea, legealdi honetan %27tik %17ra jaitsiz
  • Ordezkapenak lehen egunetik, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan
  • Bitarteko langileentzat egonkortasun handiagoa: plazan jarraitzea, plaza hori Enplegu Publikorako Eskaintza bidez bete arte

 

Hezkuntza Saila eta sindikatuak irakasle funtzionarioen mahai sektorialean elkartu dira gaur goizez. Uda aurretik adostutako eran, Eusko Jaurlaritzak bere proposamena helarazteko helburuz deitu du mahaiaren bilera.

STEE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek zuzen-zuzenean jaso dituzte Hezkuntza Sailak hezkuntza sistema nahiz irakasleen lan baldintzak hobetzeko akordiorako egin dituen proposamenak.

Hainbat arlotan hobekuntza nabarmena dakarren neurri sorta honek, helburu hauek ditu:

  • Irakasleen klaustroen antolaketa hobetzea, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren garapena hobetze aldera
  • Irakasleen nahiz maisu-maistren lan baldintzetan hobera egitera
  • Milaka familiari funtzio publikoan sartzea ahalbidetzea, kalitatezko enplegua eskainiz

Hezkuntza komunitatearentzat onuragarri gertatuko diren konpromiso irmo, bideragarri eta errealistak dira.

EPEetan eskainiko den plaza kopurua handitzea

Hezkuntza Sailak aurkeztu dituen proposamen nagusien artean dago, legealdi honetan deituko diren EPEen bidez eskainiko den plaza kopuruan igoera esanguratsua aurreikusten duen proposamena.  

Hezkuntza Sailak une honetan eskain daitekeen plaza kopuru maximoa eskaintzeko konpromisoa hartu du. Orotara 5.000 plaza eskainiko dira legealdi honetako lau urteetan zehar (2017-2020). Sailak egin duen azterketaren ondoren eta egun indarrean den araudiarekin bat etorriz, nabarmen ugaritu da plaza kopurua. Igoera hau, tasa gehigarria deritzonak dakarren erregulazio berriaren ondotik gertatu da.  

Behin-behinekotasun tasa jaistea

Hezkuntza Sailak behin berriz berretsi izan du hezkuntza sisteman den behin-behinekotasun portzentajea jaisteko duen borondate sendoa.

Aipaturiko EPEekin, behin-behinekotasun tasa 10 puntuan jaitsiko da legealdi honetan (2017-2010), %27tik %17ra.  Bilakaera honekin, legealdi hau amaitzean irakasleen %83 langile finkoak izango dira.

Hobekuntza honek eragin zuzena izango du ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuaren egonkortasunean, baina baita irakasleen bizitza-proiektuetan ere. Bi alderdi horiek hezkuntza sistemaren funtzionamendu onaren mesedetan eragiten dute zuzen-zuzen.

Ordezkapenen araudia

Hezkuntza Sailak beti azaldu izan du sentiberatasuna ordezkapenen araudiari dagokionez. Hala ere, indarrean den araudiaren babesarekin eta analisi sakona burutu ondoren, indarrean den ordezkapen araudiaren hobekuntza bat aurkeztu ahal izan da.

Indarrean den araudia 2010ean adostua izan zen sindikatuen ordezkaritzarekin. Egoera ekonomikoa zaila izanik ere, edo Estatuko araudiak hala exijitu izan arren (Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zion Errege Dekretuari Auzitegi Konstituzionalean), ez du okerrera egin azken urteotan.  

Orain –harturiko konpromisoen artean hau dagoelarik- ordezkapenen erregimena hobetzea erabaki da, eta lehen egunetik beteko dira ordezkapenak Lehen Hezkuntzako kidegoan.

Honela bada, Hezkuntza Sailak erabaki du, bai Haur Hezkuntzan (dagoeneko hala ari zen egiten) bai Lehen Hezkuntzan, irakasleen ordezkapenak lehen egunetik beteko direla (egun, Lehen Hezkuntzan ordezkapenak 3. edo 4. egunean egiten dira).  

Bitarteko langileen egonkortasuna

Sindikatuei igorri zaien dokumentuak jasotzen duen beste alderdietako bat bitarteko irakasleen egonkortasunaren ingurukoa da. Sindikatuei ekaineko mahai sektorialean aurreratu zitzaien eran, bitarteko langileen kontratazioa orokortzea bultzatuko da Hezkuntza Sailetik, plaza hutsa EPE bidez bete arte. Honek esan nahi du ikastetxeei egonkortasun handiagoa emango zaiela klaustroen bidez, behin-behineko irakasleen betebeharrak egonkortzeaz gain.

Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri dituen konpromisoek proposamen-sorta benetan garrantzitsua jasotzen dute. Euskal Hezkuntza Sistemaren hobekuntzan eragin zuzena izango dute proposamenok, baita irakasle eta maisu-maistren lan baldintzetan ere.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak