Eu

“Elkarlan” sarien hirugarren deialdiak, lehenengo aldiz, "open data" kulturarekin erlazionatutako lan onena sarituko du

2017.eko irailak 27
  • EHAAk deialdia argitaratu du gaur, eta aurrekoetan bezala, osasun, ingurumen, garapen ekonomiko, hezkuntza eta gizarte kohesio arloetako beharrei, pertsonak eta kolektiboak ahaldunduz, erantzutea helburu duten hiru proposamen onenak sarituko dira.
  • Saritutako proiektuek 6.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko dute, eta euren berri emango da informazio eta komunikazio bideetan

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak “Elkarlan, Eusko Jaurlaritzaren balio publikoko kogenerazio proiektuak” sarien deialdia argitaratu du gaur. Sarion helburua honako sei arlo hauetako behar edo gizarte erronkei erantzuteko lau proposamen onenak aitortzea da: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikaskuntza, gizarte kohesioa eta open data kultura.

Sarion hirugarren deialdia da eta, lehenengo aldiz, datu askeen filosofia sarituko da. Edizio hau, aurrekoetan bezala, gizarte zibileko erakundeei zuzenduta dago: gobernuz kanpoko erakundeak, elkarteak, irabazi asmorik gabeko fundazioak...

Proposamen guztiek pertsona eta kolektiboen ahalduntze-prozesuak aktibatzeko gaitasuna agertu beharko dute, bai diseinu fasean, bai inplementazio fasean ere. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 27ra arte luzatuko da, eta elektronikoki egin ahal izango da honako webgunearen bitartez: www.euskadi.eus.

SARIAK

Sari bana emango zaie osasun, ingurumen, garapen ekonomiko, hezkuntza eta gizarte kohesioaren arloetan balorazio onena lortzen duten hiru proiektuei. Eta laugarren proiektu batek ere saria jasoko du, open data kulturari lotutakoa hain zuzen ere. Hautatutako lau egitasmoetako bakoitzak honako sari hauek jasoko ditu:

  • 6.000 euro, gehienez ere, proiektuan azaldutako hobekuntza neurriak indarrean jartzeko
  • Proiektuaren berri ematea informazio eta komunikazio bideetan, egitasmoari jendaurreko aitorpena emateko eta berau sustatzeko

Elkarlan sarien deialdiarekin Eusko Jaurlaritzak aurrera egiten du honako konpromiso hauetan: gizarte eragileen partaidetza sustatzea, herri jarduerak duen gizarte impaktua aitortzea, eta administrazioaren eta herritarren arteko berrikuntza sustatzea.

HERRITARREN PARTAIDETZAKO LIBURU ZURIA

Herritarren partaidetzako jardunbide egokiak bultzatzeko asmoa duen sariketa honek, Jaurlaritzak Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria lanean hartutako konpromisoekin bat egiten du, uneotan indarrean jartzen ari direnak. Zehazki, sariketa deituta, Eusko Jaurlaritzak liburuaren helburuetako bat betetzen du: herritarren partaidetza sustatzen duten formulak garatzea ahalbidetzen duten esperientzia berritzaileak bultatzea. 

Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria 2014an aurkeztu zen EAEko herri-administrazioaren eta herritarren arteko elkarrizketarako, negoziaziorako eta akordiorako mekanismo iraunkorrak sortzeko tresna gisa, herritarrek beraiei zuzenean eragiten dieten erabakietan parte hartu ahal izateko.  

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IngurumenEJGV
    2017.eko irailak 29
  • @IngurumenEJGV
    2017.eko irailak 29
  • @IngurumenEJGV
    2017.eko irailak 29
  • @IngurumenEJGV
    2017.eko irailak 29
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak