Eu

Artolazabal: “Baldintzak sortu behar ditu gizarteak gazteen emantzipazioa bultza dezaten eta funtsezko papera betetzen du horretan enpleguak”

2017.eko irailak 27
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Bilboko Merkataritza Ganberan esku hartu du "Erronka eta aukera berriak gazteen enpleguan" jardunaldian
  • 2013az geroztik Europar Batasuneko gazte langabeen kopuruak 1,6 milioi egin du behera eta 900.000 gutxiago dira ez ikasi ez lanik egiten ez duten gazteak
  • “Helburu argi eta premiazko bat da gazteen langabezia murriztea eta lehen enplegu duin, bidezko eta ahalik eta kalitate handieneko bat lortu ahal izatea”
  • ‘Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa’ eta ’Gazteen ekintzailetza’ programak garatzen dihardu Eusko Jaurlaritzak
  • “Euskadik eta Europak gazteen potentzial hori hartu behar dute oinarritzat, garapen orekatua, solidarioa eta iraunkorra ahalbidetuko diguna”
  • “Enplegurako baldintza faboragarriak eta programak sortzen ari gara gazteak lan-munduan sartu eta bertan irauteko, eta lanerako aukerak izateko trebetasunak gara ditzaten errazteko”

Bilbo 17 09 27

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen arabera “funtsezkoa da gazteek gizartean parte hartzea eta haiek emantzipatzeko aukerak sortzea, eta horregatik ari gara enplegurako baldintza faboragarriak sortzen gazteak lan-munduan sartzeko, bertan irauteko eta lan-ibilbideak eraikitzeko trebetasunak gara ditzaten laguntzeko; instituzioek, enpresa-munduak eta gizarte-erakundeek partekatutako apustua”.

 

"Erronka eta aukera berriak gazteen enpleguan" gaiaren inguruko jardunaldian esku hartu du Artolazabalek Bilboko Merkataritza Ganberan, hauekin batera: Ganberako lehendakari José Ángel Corres, Garapen Ekonomikoaren Arloko Zinegotzi Xabier Otxandiano, LANEren bulegoko zuzendari Joaquín Nieto, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendari Ander Añibarro, GOOGLEko politika publikoen manager Antonio Vargas, SEUReko Pertsonen eta Erantzukizun Sozial Korporatiboaren zuzendari Itxaso Larrañaga, Expansión-eko zuzendariorde Pedro Biurrun eta Randstad-eko Iparraldeko eskualde-zuzendari Andrés Menéndez.

 

Artolazabalen hitzetan “Gazteria da Herri gisa dugun balio handienetako bat, gure orainari eta geroari begira. Herri gisa aurrera egin nahi badugu eta gizarte gisa garatu, apustu argia eta irmoa egin behar dugu gazteen alde, gure artean egon daitezen haiei etorkizuna eta alternatibak eskainiz".

 

Artolazabal sailburuak aipatu duenez “gazteen kolektiboak bereziki jarrera irekia du aldaketaren eta eraldaketa sozialen aurrean, eta kontuan hartu behar da aldaketa horiek eragin handia dutela euren bizi-baldintzetan, euren balioetan eta euren jarreretan. Edozein aurrerapen eta eraldaketa sozialaren oinarria dira gainera. Enplegua eta Gizarte Politikak sailak egindako apustuaren esparruan, gure helburua da gazteei lan-aukerak sortzea, gure gizartearentzako aukerak ere direla kontuan hartuta”.

 

“Jean-Claude Juncker lehendakaria etengabe ari da planteatzen beste Europa bat, eguneratuagoa eta sozialagoa, bere Gazterian oinarritua” azpimarratu du Beatriz Artolazabalek. “Gazteen langabeziaren aurkako borroka lehen mailako lehentasuna da Europar Batasunarentzat. Enplegua eta gizarte-politikak bultzatzea guztion intereserako gaia da, Estatu eta Herrialde guztiek partekatua, gu tartean gaudela. Batzordea ahalegin horietan laguntzen ari da politika eta ekintza jakin batzuen bitartez, eta horien artean aipatzekoak dira Gazte Bermea eta Gazte Enpleguaren inguruko ekimena”.

 

Esperientziak

Artolazabalek adierazi duenez, “2013az geroztik Europar Batasuneko gazte langabeen kopuruak behera egin du –1,6 milioi gutxiago dira– eta ez ikasi ez lanik egiten ez duten gazteen kopurua gutxitu egin da –900.000 gutxiago dira–. Gazteen enplegutasunaren hobekuntza horretan, beste herrialde batzuetan ikasteak eta trebatzeak balio erantsi bat adierazten du haien gaitasunen garapenean, ibilbide profesionalean dituzten aukerak hobetzeko eta europar hiritartasuna indartzeko. Hortxe dugu «ErasmusPro», Erasmus+ programaren barruan, aprendiz gisa atzerrian egonaldi luzeak egiteko”.

 

“Hemen Bilbon, Estrasburgon edo Munichen ezinbestekoa da kalitateko hezkuntza bermatzea Gazteriak beharrezko ezagutzak eta gaitasunak bereganatzeko, gizartean bete-betean parte har dezaten eta mundializazioak eta aldaketa teknologikoak eskaintzen dituzten erronka eta aukera berriei erantzun diezaieten. Esango nuke Bruselak markatutako bide horri ekin diola Euskadik, gure trebetasuna eta gizarte aurreratu eta solidario bat lortzeko borondate argia erakutsiz” adierazi du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

 

“Helburu argi eta premiazko bat da gazteen langabezia murriztea eta lehen enplegu duin, bidezko eta ahalik eta kalitate handieneko bat lortu ahal izatea. Hala, Gazteriaren Euskal Behatokiaren azken datuak kontuan hartuta, 2017ko bigarren hiruhilekoan, Euskadiko 16 - 29 urte bitarteko populazioaren langabezia-tasa % 15,9koa da, 16 urteko eta hortik gorako populazio orokorraren tasa gainditzen duen portzentajea (% 11,0)” nabarmendu du Artolazabalek, eta adierazi duenez “joan den urteko bigarren hiruhilekoaren aldean, tasak zazpi puntu baino gehiago egin du behera, % 23,2tik 2016ko bigarren hiruhilekoan % 15,9ra 2017ko bigarren hiruhilekoan”.

 

“Euskal gazteriaren langabezia-tasak behera egin izanarekin batera behera egin du ere bai populazio orokorrarenak, nahiz eta gazteen artean nabarmenagoa izan den beherapen hori. Datu horiek ikusita, ildo beretik jarraitu beharrean gaude lanean, eta arreta berezia jarri gure gazteak lan-merkatuan sar daitezen lortzeko, haien integrazioan lagunduz eta haien bizi-egonkortasun aukerak bultzatuz, haien garapen pertsonala eta profesionala ahalbidetzearren” adierazi du Artolazabal sailburuak.

 

Neurriak

Artolazabalek zenbait neurri aipatu ditu “enpleguaren eremuan gure gazteak aurre egiten ari zaien erronkei erantzuteko, esaterako, Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa ekimena, non Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko hiru unibertsitateek, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen elkarteek eta HETEL gizarte-ekimeneko Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu/itunduen elkarteak joan den uztailean esparru-akordio bat sinatu baikenuen hezkuntza-eremutik lan-eremurako trantsizioa eta ikasleen eta pertsona titulatuen arteko ekintzailetza bultzatzea helburu hartuta”.

 

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak bi programa garatzen dihardu: ‘Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa’ eta ’Gazteen ekintzailetza’, urtero lau milioi euro jasotzen dituzten programak. ‘Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa’ programaren helburua da graduko eta lanbide heziketako 1.500 ikasleri lehen esperientzia praktiko bat erraztea. Programa hori abian jartzean aukera izango dute praktiken bitartez hezkuntza-mundutik lan-mundurako hiru hilabeteko trantsizio-esperientzia bat bizitzeko. Bide horretatik urtero 150 proiektu bultzatzea da helburua. Proiektu horietako bakoitza bultzatzeko esleitutako ikastetxeak edo erakundeak 6.600 euro jasoko ditu.

 

“Beste neurri bat da Gazte Bermearen Deialdia”adierazi du sailburuak eta esan du“berehala jarriko dela abian deialdi bat, heziketa dualaren dinamizazioan eragina izateko asmoz, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuari lotuta egongo delarik, modalitate presentzialean profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzeko, eta langabezian dauden gazteei soilik zuzenduta egongo da, Estatuko Gazte Berme Sisteman alta emanda daudenei. Heziketa dualaren tipologia horrekin batera, deialdiak beste proiektu-tipologia bat hartzen du barnean, berau amaitu ondoren kontratatzeko konpromisoa bermatzen duena".

 

Bilboko Ganberan Artolazabalek adierazi duenez “Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko Esparru Programak Gazteen Enplegua Sustatzeko bere jardute-eremuaren barruan ezartzen du Gazteen Itzulera programa berri bat abian jartzea, euskal enpresen aldetik tokiko kontratazioa bultzatuko duena, kanpoan esperientzia edo prestakuntza eskuratuta, Euskadira itzuli eta beren ibilbide profesionala bertan jarraitu nahi duten gazteei zuzendua”. Neurri horiek lehendik dauden beste batzuei gehitu zaie, horien artean aipatzekoak: Lehen Aukera, praktikako kontratuetarako % 30eko diru-laguntza jasotzeko aukera ematen duena, edo Errelebo Kontratua sustapen-ekimena.

 

“Enpleguaren aldeko baldintzak sortzen ari gara, eta berealdiko garrantzia du gazteek lan-ibilbideei ekiteko, horietan irauteko eta ibilbide horiek eraikitzeko trebetasunen garapena erraztuko duten programak abian jartzea, eta horretarako beharrezkoa da instituzioen, enpresa-munduaren eta gizarte-erakundeen artean apustu egitea, enplegu gehiago eta hobea behar dugula jakinda.Euskadik eta Europak gazteen potentzial hori hartu behar dute oinarritzat, garapen orekatua, solidarioa eta iraunkorra bermatuko diguna. Horrek, gainera, beste aurrerapauso bat eskatzen du erronka demografikoan, emantzipazioa eta familia berriak eratzea ahalbidetzeko" amaitu du esanez Artolazabalek.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • José Ángel Corres. Joaquín Nieto. Antonio Vargas. Pedro Biurrun