Eu

Eusko Jaurlaritzak 11 milioi euro ingururen maileguak ematea onartu du lehen sektorean eta baserri guneetan inbertsio proiektuak garatzeko (Gobernu Bilera 2017-09-26)

2017.eko irailak 26

SENDOTU programaren barruan jasota daude eta Finantzen Euskal Erakundeak finantza erakundeekin elkarlanean emango dituen maileguen bitartez artikulatuko dira

2015ean eta 2016an 21 milioi eurora iritsi zen finantza laguntzen zenbatekoa. 

SENDOTU Programa 2017-2018 urteetarako arautzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen agindua onartu du Gobernu Kontseiluak. Aginduaren arabera, programak arriskua finantzatzeko laguntza lerro bat aurreikusten du, zeina maileguen bitartez emango baita. Mailegu horien zenbateko osoa 10.981.250 eurokoa izango da. Helburua da abeltzaintzan, nekazaritzan, basogintzan, arrantzan, elikagaigintzan eta Euskal Herriko landa guneak eta itsasbazterreko guneak garatzeko jardueretan inbertsioak egiteko proiektuen garapena bultzatzea. 

Laguntza hauek maileguen bitartez antolatuko dira, eta mailegu horiek Finantzen Euskal Erakundeak finantza erakundeekin elkarlanean emango ditu. Horretarako, hitzarmen bat izenpetuko du Finantzen Euskal Erakundeak hainbat kreditu erakunderekin. Hitzarmenean, halaber, 1.757.000 euroko berme fondo bat eratzea aurreikusiko da, gerta daitezkeen hutsegiteak estaltzeko eta mailegu ematea erabat operatiboa izatea eta xede duen sektorean modu positiboa eragitea ahalbidetzeko. 

Izenpetutako hitzarmenaren bitartez, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak hitz ematen du egon daitezkeen hutsegiteak estaltzeko erabiliko den Berme Funts hori eratzeko beharrezkoak diren ekarpenak egingo dituela, bai eta laguntza programa ezarri eta abeltzaintza sektorean zirkulatzailea finantzatzen laguntzeko programaren baitan dagokion deialdia egingo duela ere. 

Finantzen Euskal Erakundeak eta kreditu erakundeek, berriz, hitz ematen dute 2017an eta 2018an dagozkion maileguak emango dituztela.  Finantzaketa onartuz gero, programan parte hartzen duen Finantza Erakunde laguntzaile baten eta Finantzen Euskal Erakundearen artean egingo dute finantzaketa, erdibana. 

SENDOTU PROGRAMA 

Sendotu programa 2015ean abiarazi zen, nekazaritzan, basogintzan, arrantzan, elikagaigintzan eta landa garapeneko jardueretan inbertsio programak garatzea errazteko. 2015ean eta 2016an 21 milioi eurora iritsi zen finantza laguntzen zenbatekoa. 

Onuradunak pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke, betiere enpresa txiki eta ertainen izaera badute. Bete behar dituzten baldintzak dira gutxienez guztirako gastuen %20 inbertsio pribatu bidez estalita egon behar direla eta arriskuaren finantzaketaren guztirako zenbatekoa 15 milioi euro baino gehiago ez izatea enpresako. Eta horrez gain, Foru Ogasunekin dituen zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak egunean eduki beharko dituzte, ez dira krisian dagoen enpresa bat izango, eta ez dira inolako espediente zigortzaileren menpe egongo. Eskatzaileek proiektu berbererako beste laguntza publikoren bat eskatu eta eskuratu badute, jakinarazi egin beharko dute. 

Laguntzak esleitzeko ondoz ondoko konkurrentzia prozedura erabiliko da. Horrek esan nahi du esleipena modu ordenatuan egingo dela, betetako eskariak aurkezteko unearen arabera, eta hurrenkera horri jarraituta ezarritakoa betetzen duten eskatzaile guztiei esleituko zaiela, ezarritako fondo guztiak agortu arte. Eskaerak aurkezteko epea Agindua indarrean sartzen den egunean hasi, eta fondoak agortzen diren egunean bukatuko da. 

SENDOTU laguntza finantzariorako programaren laguntzak eskatzeko orria http://www.euskadi.eus egongo dira eskuragarri.Elikagaien Kalitate eta Industrien Zuzendaritzako titularrari igorriko zaizkio, zuzendaritza horren bulegoetan aurkeztuta –Donostia-San Sebastián kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz–  edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak aurreikusten dituen lekuetako edozeinean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko  Dekretuak ezartzen duena betez. 

Aurkeztutako eskaerak Balorazio eta Jarraipen Batzorde batek baloratuko ditu, batera, eta Batzordea eragiketa bakoitzean parte hartzen duten aldeetako bakoitzak osatuta egongo da. Hori horrela, hau izango da Batzordearen osaera:

-      Finantzen Euskal Erakundeko ordezkari bat.

-      Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren ordezkari bat, Saileko titularraren aginduz izendatua, zeina idazkari lanak egingo dituen.

-      Finantzaketa Proiektuan parte hartzen duten Finantza Erakunde laguntzaileetatik ordezkari bana.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Open_Govern
    2017.eko irailak 26

    Comentario de Twitter:
    Concesión de préstamos por cerca de 11M€ para proyectos de inversión en el sector primario y las zonas rurales https://t.co/mZwKWxzA3I

  • @Open_Govern
    2017.eko irailak 26

    Comentario de Twitter:
    11M€ ingururen maileguak ematea onartu da lehen sektorean eta baserri guneetan inbertsio proiektuak garatzeko https://t.co/x9MHaqbhLT

Komunikabideek behera kargatzeko