Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundien eta bi lurralde horietako Udalen arteko lankidetza protokoloa onartu du Bilboko Burdin Hesia zaintzeko eta balioan jartzeko (Gobernu Bilera 2017-09-26)

2017.eko irailak 26

Eusko Jaurlaritzak lankidetza protokoloa sinatu du gaur Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta bi lurraldetako 33 Udalekin Bilboko Burdin Hesia eta Defentsak babestu, zaindu eta balioan jartzeko Euskal Kultura Ondarearen zati eta Memoria Demokratikoaren ibilbide diren heinean. 

Modu honetan lankidetza-eremu bat ezartzen da non erakunde bakoitzaren erantzukizun eta konpromisoak definituta dauden eta era berean, aurrera eraman beharreko lanetarako jardun-plan espezifikoak garatuko direla ere jasotzen du protokoloak. 

  • Babesa

Eusko Jaurlaritzak Burdin Hesiko osagaiak babestuko ditu, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren bitartez eta Euskal Kultur Ondareari buruzko Legean jasotako mekanismoez baliatuz.

  • Sendotzea eta mantentzea

Foru Aldundiak, beren aldetik, Burdin Hesiko osagaia sendotzeaz arduratuko dira, beren eskumenen barruan. Eta udalak, identifikatutako osagaien ingurunea txukun mantentzeaz arduratuko dira.

  • Ezagutaraztea

Gogora Institutuak “Memoriaren Ibilbideak" osatuko ditu Burdin Hesiaren inguruan. Iruditeria bateratua izango duten seinaleak diseinatuko ditu, hesiaren esanahia azaldu eta Euskadiko Memoria Demokratikoa berreskuratzen laguntzeko.

 

Iñigo Urkullu lehendakariak uztailaren 28an aurkeztu zuen Bilboko Burdin Hesia eta Defentsak berreskuratu, zaindu eta balioan jartzeko proiektua. Ekitaldi hartan izan ziren proiektuaren parte diren erakunde guztiak. 

ZER DA BURDIN HESIA?

Burdin Hesia, 1936ko Gerra Zibilean Bilbo eta bere inguruneak Francoren armadarengandik babesteko eraikitako defentsa-lerroa izan zen. Aguirre Lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritza berriak eraiki zuen 80 Km. inguruko eta ferra itxurako defentsa-lerro hori Bilbo eta inguruko herriak, Abra badiako portua eta argi- eta ur-hornidurak babesteko. Defentsa-lerroak 300 osagaitik gora zituen: lubakiak, alanbre-hesiak, babeslekuak edo gotorlekuak, besteak beste. Francoren armadak ekainaren 19an hartu zuen Bilbo. Bi aste lehenago bere babes-sistema, Burdin Hesia alegia, apurtua zuen, Alejandro Goicoechea Omar bere sustatzailearen traizioari esker, lerroaren planoak armada kolpistari helarazi baitzizkion.

Hesiak 33 euskal udalerri zeharkatzen zituen. Egun, baina, 25 dira aztarnaren bat duten udalerriak eta aztarna horiek guztiak babestu egingo dira. 

Informazio gehiago: http://bit.ly/2xjDniP

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko