Eu

URAk esleitu egin ditu Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusiaren eraikitze-lanak, Gernika-Busturia tartean

2017.eko irailak 26

Aurreikusia dago aldi baterako enpresa-elkarte bati esleitutako 17,1 milioi euroko aurrekontuko proiektu hau 2020aren lehenengo erdirako amaitua egotea

Uraren Euskal Agentziak esleitu egin ditu Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusia eraikitzeko lanak, Gernika-Busturia tartean. Acciona Agua SA, Leandro Gómez SLU eta Loroño SAk osatzen duten aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zaio eta aurrekontua 17.174.154 eurokoa izango da.

Proiektu hori URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako lankidetzarako hitzarmenean jasotzen da. Hitzarmen horrek xede du saneamendu-sarea eraiki eta hondakin-urak Bermeoko Lamiarango HUAra (Hondakin Uren Araztegira) bideratzea ahalbidetuko duten lanak egitea. Hitzarmen horrek zedarritutakoaren arabera, Uraren Euskal Agentziak 49 milioi inbertituko ditu 5 urteren buruan, 2003 geroztik Eusko Jaurlaritzak jadanik ordaindutako 35 milioi gehitzen zaiena; beste alde batetik, Busturialdeko Ur Partzuergoak konpromisoa hartu du kudeaketa plan bat zehazteko saneamendu-azpiegituren mantentze teknikoa eta ekonomikoa ahalbidetze aldera; hartara, etorkizunean ur-hornidura eta hondakin-uren kudeaketarako beste administrazioen laguntza-eske jotzea ekiditeko.

Gernika-Busturiako kolektore-tartea

Esleitutako proeiktua itsasadarraren ezkerraldeko kolektore berria egiteko lanak barne hartzen ditu Gernikako ponpaketa-estaziotik (egun leku horretan dagoen araztegiaren eremuan) eta Busturiako ponpaketa-estazioaren arteko tartean.

Lan horien xedea: Gernikatik Busturiaraino hondakin urak jaso, abian diren edo eraikitzen ari diren kolektore tarteen bidez batu eta horiek guztiak (ezkerraldeko herriguneetakoak zein eskuinaldeko zati batetakoak) Lamiarango araztegira helaraztea bertan dagokion legez trata ditzaten, itsasora isuri aurretik.

Lanon barruan 6,5 km-ko kolektore-tarte berria egingo da (tartearen gehiengoan grabitateak bultzatuko ditu urak; baina, ia 2 kilometrotan, emarien bultzatzea beharrezkoa izango da); 2 kilometro eta erdi hodi eraiki beharko dira Gambe eta Muruetako hondakin urak kolektorera bideratzeko; eta, azkenik, 4 ponpatze eraikiko dira isuriak saneamendu-sistemara helarazteko.

Halaber, aurreko lanok egindako zuloak irekita direla baliatuz, hornidurarako 6,5 km hodi berri eraikiko da. Busturia eta Gernika arteko hornidura-hodia berriztatzea beharrezkoa da: bai gaur erabiltzen dena padura-gunean dagoelako, baita egoera makalean dagoelako ere.

Lan horiei esker, Gernika eta Lamiarango HUA arteko saneamendu-sarearen tarteak bukatuko dira, eta, hartara, Gernika, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi edota ezkerraldeko beste herriguneen hondakin-urak, behingoz, Bermeon dagoen HUAraino bideratuko dira, dagokion moduan tratatuak izan daitezen.

Lamiarango HUA eta Sukarrieta arteko tartean lanak abian

Orain, URA hondakin-urak ponpatzeko estazioa eraikitzen ari da Sukarrietako Marisma parkeko lurpean. Lanok Gernikako eta Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko hondakin-urak Lamiarango HUAra bideratzea ahalbidetuko dute.

Era berean, bulkada-hodiaren instalazioaren zati handi bat eraiki da, barneratzearen bitartez, hondakin-urak Sukarrietako ponpaketa-estaziotik Bermeora bideratu ahal izateko.

Sukarrieta eta Lamiarango HUA arteko tartean egingo diren lanok, orotara, 12,4 milioi euroko aurrekontua dute, eta 2018ko bigarren hiruhilabeterako burutuak izatea aurreikusten da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak