Berriak Lehendakaritza
Eu

Berdintasunerako XIV. Guneak 131 entitate ezberdinek antolatutako ekintzak eskainiko ditu hiru hilabetetan zehar

2017.eko irailak 25
  • Emakundek Gunearekin bilatzen duen helburua hainbat erakunde eta elkartek berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da
  • Aurtengo leloa da “Berdintasuna nire baitan ere hasten da” eta gizarte berdinzalea eraikitzeko norbanakoak duen erantzukizunari egiten dio erreferentzia 
  • Autobus batek Euskal hiri eta herrietatik zabalduko ditu Gunearen leloarekin zerikusia duten  mezu eta ekintzak 

 

Irailaren 25a eta abenduaren 15a bitartean ospatuko den 2017ko Berdintasunerako Guneak berdintasunaren inguruan ekintzak antolatuko dituzten  131 entitateren indarrak batzea lortu du “Berdintasuna nire baitan ere hasten da”  lelopean. 193 ekintza daude iragarrita, Emakunderen koordinaziopean, eta azkeneko urteetan bezala, autobus ibiltari bat erabiliko da gunearen egoitza moduan.  Gunearen helburua hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da. Entitate ezberdineko kideak izan dira aurkezpenean, eta Eneko Goia, Donostiako alkatea.

 

Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek, eta testuinguru horretan urtero jartzen du martxan Berdintasunerako gunea. Hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzeko asmoz sortu zuen Emakundek 2004. urtean Berdintasunerako Gunea. Azkeneko edizioetan ardatz edo gai nagusi bat du guneak eta antolatzen diren ekitaldi guztiek, edozein esparru edo arlokoak izanik, ardatz horrekin lotura izan behar dute.

Aurtengo leloa da “Berdintasuna nire baitan ere hasten da”, Emakundek martxoaren 8an erabilitakoa,  eta  gizarte berdinzaleagoa eraikitzeko norbanakoak duen erantzukizunari egiten dio erreferentzia.   Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, Gunearen aurkezpenean adierazi duenez, “berdintasuna lortzea denon erantzukizuna da: erakundeena, mugimendu sozialena, enpresena, familiena, ikastetxeena, komunikabideena, era guztietako entitateena… Eta baita ere pertsona bakoitzarena ere. Pertsona bakoitzak bere eragin eremuan zerbait egin dezakeelako berdintasunaren alde. Guraso bezala, lagun bezala, hezitzaile bezala, bezero bezala, enpresa bateko arduradun bezala… Eta Berdintasunerako Gunea horren adibide garbia da”.

Gai hau ardatz hartuta 131 entitate ezberdinek 193 ekintza antolatu dituzte Euskal Herriko herri eta hiriburu ezberdinetan  irailaren 25a eta abenduaren 15a bitartean. Antolatzaileen artean erakunde publikoak, enpresak, elkarteak, fundazioak, sindikatuak eta abar, daude. Eta antolatu diren ekintzak era askotakoak dira: hitzaldiak, mintegiak, erakusketak, mahai inguruak, tertuliak eta abar. 76 herri eta hirietan egingo dira.

Autobus ibiltaria

Aurten ere, aurreko urteetako esperientzia ona ikusita, autobus ibiltari bat erabiliko da gunearen egoitza ibiltari moduan, ekintzak beste hainbat egoitzetan antolatuko badira ere. Entitate ezberdinen ekintzak programatuta ez dauden orduetan, autobusa eskoletako ikasle taldeekin eta bestelako taldeekin antolatu diren ekintzetarako sentsibilizaziorako ikasgela izango da. Bertan berdintasunean adituak diren bi pertsona tekniko izango dira une oro.

Gunearen programa osoa honako helbidean:

http://emakundeapp.com/agenda/2017/

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia, Donostiako alkatea