Berriak Osasuna

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean tuberkulosi kasu bat hauteman ondoren Osakidetzak hartutako prebentzio eta kontrol neurrien behin-behineko balantzea

2017-09-22

Euskal Autonomia Erkidegoko Tuberkulosiaren Programan ezarritako jarduketa-protokoloa irailaren 8an aktibatu ondoren, Osakidetzak jakinarazten du 2017ko otsailetik irailera bitartean Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitatean ospitaleratuta egon ziren 200 adingabe ingururi egindako proba guztien emaitzak negatiboak izan direla.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitatean lan egiten duen langile sanitario batean biriketako tuberkulosi-kasu bat hauteman ondoren jarri zituzten martxan protokoloan finkatuta prebentzio-neurriak Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zuzendaritzak eta Osakidetzak. Kasu hori hauteman zenetik, beraz, eta jarduketa-protokoloan adierazitako ildoak jarraituz, 50 adingaberi egunero egin zaizkie kutsatu ote diren jakiteko beharrezko probak, eta egindako proba horien guztien emaitzak negatiboak izan dira.

Bestalde, adingabe horien senitartekoak aztertzen jarraitzen dute bigarren mailako kasuak goiz hautemateko, eta orain arte ez da kontaktu positiborik hauteman.

Era berean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Segurtasun eta Osasun Batzordeak dagozkion neurriak hartu ditu aste honetan, tuberkulosiaren eraginpean egon ahal izan diren ospitaleko 100en bat langileri behar den informazioa eman ondoren, eta horien artean ere ez da orain arte tuberkulosiaren baziloaren kasu positiborik hauteman.

Bestalde, eta inplikatuta dagoen tuberkulosiaren bazilo-mota aztertu ondoren, egiaztatu da aplikatutako prebentziozko sendagaiarekiko sentikorra dela, eta bere eraginkortasuna erabatekoa izango da, beraz.

Azkenik, adierazi behar da Osasun Sailak eta Osakidetzak jarraitu egingo dutela datozen egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko Tuberkulosiaren Programako jarduketa-protokoloan jasotako prebentzio-neurriak ezartzen, eta, bide batez, benetan eskertzen dute, behin berriro ere, Osakidetzako langileek egindako lana eta protokolo hau ezartzen parte hartu duten guztien laguntza.

                                                          

                                                                                   Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailak 22

Iruzkin bat
  • @pediaguibel
    2017-09-22

    Comentario de Twitter:
    Balance provisional de las medidas de prevención y de control adoptadas por Osakidetza tras detectar un caso de TBC. https://t.co/lIj520JQ6J

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan