Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

➢ Euskadiko 200.000 pertsona inguruk beren denboraren zati bat ematen dute besteen bizi-kalitatea hobetzeko eta gizarte zuzenagoa eraikitzeko; konpromisoz, antolakuntzaz eta doan

2010.eko azaroak 26

Abenduaren 5ean Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da

Abenduaren 5ean Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna ospatzearen kariaz, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak, boluntariotzaren agentziek (Arabako Erdu, Bizkaiko Bolunta eta Gipuzkoako Gizalde), hiru foru-aldundiek, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak boluntariotzaren partaidetza sustatzea erabaki dute, “Besteentzako denbora, guztien aldeko denbora - parte hartu eta eraldatu!” sentsibilizaio-kanpainaren bitartez.

Kanpainaren helburuak dira boluntarioen eta elkartasuneko gizarte-erakundeen lana aintzat hartzea eta elkartasunaren, lankidetzaren, eraldaketaren, eta konpromisoaren balioak hedatzea. Kanpaina abenduaren 10ean amaituko da, eta horren bitartez herritarrak boluntario gisa parte hartzera animatu, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna ezagutarazi, eta 2011. urtea Europako boluntariotzaren urtea dela iragarri nahi da.

Azken ospakizun hori dela-eta, Europar Batasunak ondoko helburuak ezarri ditu: Europar batasunean boluntariotza-esparru bat ezartzearen alde lan egitea, boluntariotza herritarren partaidetzako adierazpen gisa finkatuz; boluntarioen elkarteei jarduteko baliabideak eskaintzea eta boluntariotzaren kalitatea hobetzea; boluntariotza-jarduerak aintzat hartzea, boluntariotzaren garapenean inplikatutako pertsona, enpresa eta erakundeentzako pizgarriak sustatuz; eta boluntariotzaren balioaren eta garrantziaren inguruko sentsibilizazioa sustatzea.

Euskadin Boluntariotzaren Euskal Kontseilua da boluntariotzaren inguruko topaketa, aholkularitza eta kontsultarako organo gorena. Organo paritarioa da, 2001. urtean jarri zen abian, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzari atxikita dago. Boluntariotzako erakundeen hamahiru ordezkarik eta administrazio publikoetako beste hamahiruk osatzen dute.

Loli García Familia Politikarako zuzendariak, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren izenean, horren nahia adierazi du: “boluntarioek beren erakundeen, beren sareen eta administrazio publikoen sostengu hobea eta handiagoa sentitu dezaten, eta oraindik boluntarioak ez direnak aukera horretara gerturatzeko eta noizbait erabakia hartzeko modua izan dezaten”.

200.000 boluntario

Kopuru zehatza ezagutzea zaila den arren, kalkuluen arabera 200.000 pertsona inguruk beren denboraren zati bat ematen dute besteen bizi‑kalitatea hobetzeko eta gizarte zuzenagoa eraikitzeko lanean, konpromisoz, antolakuntzaz eta doan. Horietako gehienak 18 eta 45 urte bitarteko emakumeak dira, eta elkartasuneko gizarte-erakundeetan parte hartzen dute, hainbat eremutan: ingurunea, desgaitasunak, kultura, haurrak, aisialdi hezigarria, bakea eta giza eskubideak, emakumea, osasuna, kirola, garapen-lankidetza, adinekoak eta zahartze aktiboa, etab.

Azken urteotan egin diren azterlanetatik eratortzen denez, kopuru horrek agerian uzten du Euskadiko herritarren % 10 baino gehiagok —bakoitza bere partaidetza-mailarekin— konpromisoa dutela eta modu egonkor, aldizkako eta jarraituan lan egiten dutela elkartasun-erakunderen batekin.

Euskadin dauden irabazi asmorik gabeko 15.000 erakundeen lurralde-banaketa bat dator banaketa demografikoarekin.

 

Iruzkin bat
  • 2010.eko azaroak 29

    Gran iniciativa, poner el valor la acción de los voluntarios.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Loli García