Eu

Retortillo: “Kanpaina antituristikoa euskal ekonomiaren aurkako erasoa da”

2017.eko irailak 27

 

  • Abuztuko kanpaina ez da jarduera turistikoaren aurkako eraso bat, euskal ekonomiaren aurkakoa baizik, zuzeneko eta zeharkako milaka enplegu arriskuan jarrita

 

  • “Jarduera turistikoa aurkezpen-txartel ezin hobea da, lagungarria da gure ekonomia nazioartekotzeko, merkatu berriak eta negozio-aukerak irekita”, esan du Retortillo sailburuak.

 

  • Sailburuak gogoratu du turismoa eta ostalaritza krisian zehar hazkunde hoberena erakutsi duten sektoreak direla, eta ez diotela utzi enplegua sortzeari.

                                          

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Alfredo Retortillo Legebiltzarrean agertu da gaur, berak eskatuta, uda honetan Euskadiko turismoari buruz sortu ahal izan den irudi desitxuratuaren aurrean Sailaren politiken berri emateko.

 

Turismoaren aurkako eraso-kanpainari buruz, Retortillok hura sostengatu, zuritu eta beren postulatu politikoak sustatzeko baliatu zutenaksalatu ditu. “Hori besterik ez zen behar Euskadiko jarduera turistikoa eztabaida desitxuratu baten bazka izateko, politika turistikoari buruz gogoeta barea sustatu ordez, sektorearen, horko langileen eta oro har Euskadiren irudi negatibo bat besterik ematen ez zuena”.

 

Izan ere, Euskadiko sektore turistikoak euskal ekonomia osoak baino portaera hobea du eta 2017ko bigarren hiruhilekoan ehun mila afiliatu inguru zituen Gizarte Segurantzan, Euskadiko guztizko afiliazioaren % 10,7.

 

Turismoaren aurkako kanpaina

 

Sailburuaren hitzetan, euskal turismo-eredua ustez zalantzan jartzean faltsuki oinarritutako kanpainak, “eredu hori zertan zetzan gehiegi argitu gabe”, ondorio kaltegarriak izan ditu hiru alderditan:

 

  1. Lehenik, Euskadi turisten aurkako “etsaitasun-helmuga, are xenofobo gisa” erakustean, “Tourist go home” edo “Erraustu giriak” leloak sustatuta, besteak beste.

 

  1. Bestetik, Euskadiko turismoaren irudia eguzki eta hondartzako turismo masifikatuarenarekin identifikatu du, euskal turismoaren egoera oso desberdina denean, bai boom turistikora berandu iristeagatik, bai bere ezaugarriengatik eta aplikatu diren sustapen eta antolamenduko politikengatik. Identifikazio bereziki kaltegarria, azaldu du Retortillok, erakarri nahi dugun turismo mota uxatzen duelako, hain zuzen.

 

  1. Era berean, sailburuak nabarmendu du Basquetourreko egoitzak eta tren turistikoak jasandako ekintzek edo pintada xenofoboek bisitariak iristea eragotzi zuten iraganeko indarkeria-egoeretara eta ETAren terrorismoak eta kale-borrokak sortu zuten irudi txarrera eramaten gaituztela. Ildo horretan, gogoratu du Euskadi bisitatzen duen turismoaren % 49,6, barnekoa zenbatu gabe, Espainiatik datorrela, non oraindik ahaztu ez den iraganera eramaten duen edozein irudik inpaktu handiena duen. “Irudi horrekin berriz lotzeko arriskuan jartzen gaituen edozein ekintza arduragabekeria da arrazoi horrengatik ere”.

 

Ondorioz, Retortillok adierazi du eraso horiek, gainera, ez direla turismoaren aurkakoak soilik, baizik euskal ekonomiaren aurkako erasoak. Ez da herrialdearen edo zehazki turismoaren irudian eragina dutela soilik; sektore estrategiko baten aurka doaz eta zuzenean kaltetzen dute Euskadiko ekonomia, “zuzeneko eta zeharkako milaka enplegu arriskuan jarrita”.

 

Turismoaren bilakaera Euskadin

 

Sailburuak Euskadiko turismoaren bilakaera eta egungo egoera aztertu ditu. EUROSTATek masifikazio turistikoaren maila ostatu-gauen eta biztanleria egoiliarraren arteko ratioaren bidez neurtzeko erabiltzen duen intentsitate turistikoaren adierazlearen arabera, Euskadi 14. postuan egongo litzateke 17 Autonomia Erkidegoen artean. Indize altuenak dituzte Balear Uharteek 53,03rekin, Kanariar Uharteek 33,16rekin eta Kataluniak 7,38rekin, Euskadiren 2,48aren aldean.

 

Ildo horretan, mila biztanleko hotel-plazen analisiak mila biztanleko 12,65 plazarekin kokatzen du Euskadi, Balear Uharteen 173,85en edo Kanariar Uharteen 111,95en aldean.

 

 “Gure programak eta politikak garapen orekatuaren, ondarearen babesaren eta tokiko ekonomiari egindako ekarpenaren berme den turismora zuzentzen dira, ekonomiaren, kulturaren eta bizi-kalitatearen ikuspegi batetik”, amaitu du Retortillo sailburuak.

 

 

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2017.eko irailak 29

    Comentario de Twitter:
    100.000 personas trabajan en sector turístico en Euskadi: https://t.co/af4KViFM7E @a_retortillo

  • @gananzia
    2017.eko irailak 29

    Comentario de Twitter:
    50% del turismo que visita Euskadi viene del resto de España https://t.co/af4KViFM7E

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak