Eu

Eusko Jaurlaritzak dio Espainiako Gobernuak 37 transferentzia zor dizkiola Euskadiri 1979ko Gernikako Estatutua onetsi zenetik

2017.eko irailak 22
  • Autogobernu lantaldeak eskatuta, Eusko Legebiltzarrari bidalitako bi txostenetan, Eusko Jaurlaritzak salatzen du Espainiako Gobernuak ez duela lege organikoa betetzen eta, onetsi zenetik 37 urte igaro ondoren, oraindik itxi gabe jarraitzen duela 
  • Agiriek, gainera, ondorioztatzen dute Espainiako legeriaren jarduketa bateratzaileak eta zentralizatzaileak eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak mugatu eta larriki debaluatu dutela euskal erakundeek beren politika publikoak ezartzeko eta garatzeko duten gaitasuna   

Eusko Jaurlaritzak Autogobernu Lantaldeak eskatutako bi txostenak onetsi eta bidali dizkio Eusko Legebiltzarrari:

  • “Gernikako Estatutuan jaso diren eta oraindik transferitu ez diren gaien eskualdatze-katalogoaren eguneratzea”; 1993an, Eusko Legebiltzarrak egiteko dauden transferentzien “Zubia Txostena” izenekoa onetsi zuenetik, egin diren eskualdatzeen, egiteko daudenen eta berrien katalogoa zehazten du agiri honek.  Fitxa oso bat du, egiteko dagoen transferentzia bakoitzeko; fitxa horretan, gaiaren deskribapena, eskumen-esparrua, balorazio juridikoa, zein organotatik zein organotara eskualdatu behar den, eta egoera beste autonomia-erkidego batzuekin erkatuta zein den ageri dira, besteak beste.
  • "Zerrendan jaso diren eremuetan erabakiak hartzeko gaitasunaren ebaluazioa eta politika publikoak ezartzeko dauden mugen analisia –oinarrizko araudia zein betearazpenarena–”;testu honek euskal erakundeek dauzkaten eskumenen irismen eraginkorra aztertzen eta ebaluatzen du, baita zenbait eremutan erabakitzeko duen gaitasun erreala eta, gaur egun, politika publikoak ezarri ahal izateko dauden mugak ere. Analisia 10 kudeaketa-eremutan egiten da: lan-harremanen eta enpleguaren araubidea, babes integraleko eta sozialeko sistema, finantza publikoak eta ogasuna, finantza pribatuak, lehen mailako sektorea, araubide energetikoa, hezkuntza eta unibertsitatea, hizkuntza-araubidea, demokrazian sakontzea: politika parte-hartzaileak, eta justizia-sistema propioa.

AUTOGOBERNUAREN MURRIZKETA

Eusko Jaurlaritzak, txostenetan, dio Espainiako Gobernua aldebakarreko neurriak ezartzeko duen eskumena gehiegikeriaz baliatzen ari dela. Esaterako, berariaz dio, azken urteotan, Espainiako Gobernua sistematikoki ari dela Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko eskumen-titulu horizontalak aplikatzen, eta printzipio horiek aukera ematen diote autonomia-erkidegoetako legegintza-gaitasuna ordezkatzeko, gaian eskumen esklusiboa izanik ere. Horrela, Espainiako Gobernuak etengabe ematen du oinarrizko araudia, zentralizatzailea eta bateratzailea, eremu guztietan, eta horrela, mugatu eta debaluatu egiten du, larriki, euskal erakundeek politika publikoak, osotasunean, ezartzeko eta garatzeko duten gaitasuna.

Espainiako Gobernua zalantzan jartzen ari da, berez, Euskadik auto antolatzeko duen gaitasuna, eta horrela, murriztu egin nahi du euskal autonomia politikoa administrazio-deszentralizazio hutsera. Eusko Jaurlaritzak beste batzuetan salatu izan duen bezala, Espainiako Gobernuak degradatu egiten du Euskadiren autonomia politikoa, eta ondorioz, euskal erakundeak botere zentralaren eragile laguntzaile bilakatu nahi ditu.

1979TIK ESKUALDATZEKO DAUDEN 37 ESKUMEN

Eusko Jaurlaritzak dio, gaur egun, 37 eskumen daudela (*I. Eranskina) transferitzeko. Horietatik, 31 “Zubia Txosten"ean jasotako gaiak dira, baina 6 berriak dira:

  1. Immigrazioa: Eusko Jaurlaritzaren ustez, tresna berriak hornitu behar dira mugimendu migratzaile berrietako pertsonak jasotzeko, baldintza duinetan, eta emigratu dutenei, bueltatzeko baldintza duinak eskaintzeko. Hori dela-eta, eskatzen du atzerritartasuneko betearazpen-jarduketa guztiak alde batera utzita, osasunarekin, gizarte-ongizatearekin, garapen komunitarioarekin eta lanarekin lotutako administrazio-jarduketa guztiak bere gain hartzeko.
  2. Farmaziako produktuei buruzko legeria: 2015etik, farmazia-produktuei buruzko legeria gauzatzeko materian, zenbait funtzio erabiltzeko ahalmenak onartu zizkien Espainiako legeriak autonomia-erkidegoei. Alegia, publizitate-mezuak baimentzea, promozioak kontrolatzea, farmazia-produktuen egiaztatzea, ikuskaritza, kalitate-kontrola, farmakozaintza, zehapen-ahalmena eta establezimenduak ixteko ahalmena, ikuskaritza eta abar. Hamahiru autonomia-erkidegok jaso dute eskualdatze hau, baina ez Euskadik.
  3. ISBN eta ISNN esleitzea: Gernikako Estatutuak jasotzen duen kultura arloko eskumenak Euskadiri ISBN eta ISNN bibliografia-identifikazioko nazioarteko kodeak esleitzeko eta kudeatzeko eskualdatzea dakar, katalogazioa eta informazioa barne, baita estatistika funtzioak ere. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du ISBNren Nazioarteko Agentziak berak ez duela oztoporik jartzen, Estatu beraren barruan, kode horiek esleitzen dituzten agentzia nazional desberdinak egoteko, eta gainera, eskumen hori, dagoeneko, transferitu zaio, behin, Kataluniari.
  4. Itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa: Gernikako Estatutuak Euskadiri itsasoko eta lurreko eremuen kudeaketaren eskumena ematen dio, besteak beste, itsas instalazioetako baimenetarako, hondartzetako, aingura-eremuetako edo pantalan flotatzaileetako erabileren baimenetarako, interes orokorrekoak ez diren obren kudeaketa eta betearazpenerako, kontzesioak emateko, baimenak, zehapenak eta abar. Bi autonomia-erkidegok jaso dute eskualdatze hau, Andaluziak eta Kataluniak, baina ez Euskadik.
  5. Eskola-asegurua: Gernikako Estatutuak, halaber, eskola-aseguruaren araubide ekonomikoa eta eskola-aseguruaren ondoriozko osasun-ekintzako funtzioak eta zerbitzuak kudeatzeko eskumena jaso du.
  6. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza: Enplegu Politika Aktiboen transferentzia amaitzea, arau-hausteen kontrola, ikuskaritza eta zehapen-ahalmenen funtzioak gehituta. Eskumen honek lotuta egon behar du eskualdatu beharreko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren funtzioekin, Itsasoko Gizarte Institutuaren funtzioekin, eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren kudeaketarekin.

“ZUBIA TXOSTEN”ETIK HONA EGINDAKO ESKUALDATZEAK

Gaur, Legebiltzarrari bidalitako txostenetan, gainera, 1993an “Zubia Txostena” onetsi zenetik 2011ra arte (*II. Eranskina) eginiko eskualdatzeak berrikusten dira. 2011n izan ziren azken eskualdatzeak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)