Berriak Lehendakaritza
Eu

Segurtasun Sailaren bide-hezkuntzako ‘Don’t be Dummy! Zuk ez duzu ordezkorik’ proiektu berria abian jartzeko ekitaldian izan da Lehendakaria

2017.eko irailak 22

600en bat ikaslek hartu dute parte Durangon trafiko-istripuen ondorioak ezagutzeko eta horiei nola aurrea hartu jakiteko ekitaldi ibiltarian

Iñigo Urkullu Lehendakaria Segurtasun Sailaren bide-hezkuntzako ‘Don’t be Dummy! Zuk ez duzu ordezkorik’ proiektu berria abian jartzeko ekitaldian izan da, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta sailburuorde Josu Zubiagak, Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak eta Durangoko alkate Aitziber Irigorasek lagunduta. Jardunaldian Durangoko eta inguruko bost ikastetxetako 600en bat ikaslek parte hartu dute gaur, Autorik gabeko Mundu Egunarekin eta Mugikortasunaren Europako Astea ospakizun instituzionalarekin bat etorriz, egindako lehenengo bi saioetan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak antolatutako ekimena gaur aurkeztu da Durangoko San Agustin Kultur Etxean Udalaren laguntzaz, eta programa pedagogiko berri eta elkarreragile baten bidez trafiko-istripuen arrazoi eta ondorioen berri eman eta horiei aurrea hartzeko sentsibilizazio-aholkuak zabaldu nahi ditu.

Proiektua batez ere unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako gazteei zuzenduta dago, eta Euskadiko gazteek bide-segurtasunaren, mugikortasun iraunkorraren, arduraz gidatzearen eta trafiko-istripuei aurrea hartzearen arloan kontzientzia hartzea eta horiek sentsibilizatzea du helburu.

“Gobernu gisa erronka saihestezina hartu dugu gure gain: lanean jarraitzea pertsona bakar batek ere ez dezan bizia gal trafiko-istripu batean. 2010ean 67 biktima izan ziren, iaz 46, eta helburu zehatza jarri dugu: 2010. urteko heriotza-kopurua % 50era murriztea 2020an. Dummyk adierazi digun bezala, kalte materialak ordezkatzen edo konpontzen dira, baina norbera ordezkaezina da. Ez daukagu ordezkorik.”, adierazi die Iñigo Urkullu Lehendakariak bide-hezkuntzako sentsibilizazio-proiektuaren aurkezpenean parte hartu duten ikasleei.

Ekitaldian Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak azpimarratu du “gure bide-sarean biktimen eta istripuen kopurua murriztea, gizartea  bide-segurtasuneko araudiaren errespetuan kontzientziaraztea, gizarteko sektore guztietan bide-segurtasuneko prestakuntza sustatzea eta, ahal den neurrian, istripuen arrazoiak, inguruabarrak eta ondorioak hobeto ezagutzen laguntzea, hain zuzen ere, bertatik ikasi eta berriro gerta ez daitezen, horiexek dira 2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan jasotako 2014-2019 aldirako Segurtasun Publikoko Plan Orokorraren helburuetako batzuk, eta hortxe kokatzen da  bide-hezkuntzako ‘Don´t be Dummy-Zuk ez duzu ordezkorik’ proiektua”.

Pertsonaia birtuala

Pertsonaia birtual eta elkarreragile batek, Dummy batek, alegia (automobilgintzako enpresek modelo berrietan segurtasun-probak egiteko erabiltzen duten panpina), bideratzen ditu trafiko-istripuen biktima izan diren pertsonen edo horien senitartekoen lekukotasunak, eta horretarako, Stop Accidentes Elkartearen eta Bizkarrezur Muineko Lesioak Ikertzeko Elkartearen (AESLEME) laguntza izan da. Istripuek sortzen dituzten larrialdi-egoeretan parte hartzen duten pertsonen (ertzainen, udaltzainen, Osakidetzako langileen, suhiltzaileen eta salbamenduko langileen, larrialdietarako teknikarien, …) bizipenen kontakizunak ere jaso dira ekitaldian. Lekukotasunekin tartekatzen diren bideoetan heriotza ekar dezaketen trafiko-istripuak eragiten dituzten egoera arriskutsuak azaltzen dira, hala nola, gehiegizko abiadura, alkohola eta/edo droga kontsumoa, pertsona batek, gidatzen ari den bitartean, mugikorra edo bestelako tresna elektronikoak erabiltzea edo trafiko-seinaleak ez errespetatzea.

“Bideoek eta lekukotasunek zirrara eragiten dute, baina agerian jarri behar da egunero izaten dugula eguneroko joan-etorrietan denok erabiltzen ditugun hirietako eta hiri arteko bideetan pertsonek izaten dituzten portaera arriskutsuen ondorio diren trafiko-istripuen berri”, azpimarratu du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak, eta nabarmendu du jarraitu egin behar dela bide-segurtasuna lantzen.

“Era horretako antzezpenen eta Dummy beraren irudiaren balio garrantzitsuetako bat da aurrez aurre jakitea ikasleek nola erreakzionatzen duten trafiko-istripu batek izan ditzakeen ondorioak ikusten eta entzuten dituztenean, bai eta gaztetxoei gaiaren inguruan gogoeta eginaraztea ere gidari edo oinezko gisa arduratsuak izan daitezen”, esan du Díaz de Corcuerak.

Gaur egin diren bi saioetan 17 eta 18 urteko 600 ikasle inguruk hartu dute parte, guztiak honako 5 ikastetxe hauetakoak: Maristak Ikastetxea, Durangaldeko Lanbide Ikastetxea, Iurretako Juan Orobiogoitia Institutua, Fray Juan de Zumarraga Institutua eta Durangoko Jesuitak ikastetxea.

Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren asmoa da saioekin jarraitzea 2016-2017 ikasturtean. Horretarako, Trafiko Zuzendaritza Euskadiko hainbat herrirekin harremanetan jarri da (besteak beste, Zarautz, Galdakao, Barakaldo, Donostia eta Eibar) ekimena gauzatu eta udalerri bakoitzean bide-segurtasunaren alde lan egiten duten pertsonak inplikatzeko.

Lehenengo saioan lekukotasunak eman dituzte Muineko Lesioak Ikertzeko AESLEME elkarteko Alaitz Arbillak, Gipuzkoako Trafiko Lurralde Unitatearen buru den Santi Núñez Espinal ertzainak eta Durangoko Udaltzaingoko agentea den Javier Sánchezek. Gainera, ekitaldian izan dira Euskadiko Stop Accidentes elkartearen ordezkari Rosa Trinidad, AESLEMEko presidente Mar Cogollos, Gurutzetako Ospitaleko Lesionatu Medularren Unitatearen buru eta bertako mediku Luisa Jauregui eta Nora Cívicos, eta Segurtasun Saileko hainbat kargu, besteak beste, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anitua eta Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartzia eta Gabinete Zuzendaria, Ana Reka.

 

Pdf-a, argazkiak eta bideoak jaisteko lotura: ftp://DUMMY@62.99.71.21

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak