Eu

Josu Erkoreka, Aintzane Ezenarro eta Monika Hernando Gurseko kontzentrazio esparruari buruzko dibulgaziozko ekitaldian izan dira

2017.eko irailak 20
  • Gogorak antolatutako jardunaldi hau, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, irailaren 30ean, Gursen, antolatu duten ekitaldi instituzionalaren aurrekaria da
  • Gaurko ekitaldian, Josu Chuecak, UPV/EHUko Historia Garaikideko irakasle eta “Gurs, el campo vasco” liburuaren egileak parte hartu du, eta Natalia Cambronero eta Alberto Santosen “Gurs, un recuerdo desde el olvido” dokumentala eman da

Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkoreka, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendari Aintzane Ezenarro, eta Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendari Monika Hernando, “Gurs, euskaldunen esparrua” ekitaldian izan dira; Frantziako hego-mendebaldean kokatuta dagoen esparrua zer izan zen eta han izan zirenen memoria ezagutu eta berreskuratzen laguntzeko antolatutako ekitaldian.

Jardunaldi hau, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, irailaren 30ean, herri hartan bertan antolatutako ekitaldi instituzionalaren aurrekaria izan da. Horretan, Gerra Zibilaren ondoren, Gurseko kontzentrazio-esparruan sartutako milaka pertsonek jasandako sufrimendu bidegabea oroitu eta aitortuko da.  

Gaur arratsaldeko ekitaldian, Josu Chuecak, UPV/EHUko Historia Garaikideko irakasle eta “Gurs, el campo vasco” liburuaren egileak, bere lanean oinarritutako hitzaldia eman du. Horren ondoren, jardunaldia bukatzeko, “Gurs, un recuerdo desde el olvido” dokumentala eman da, estreinatu berri den Natalia Cambronero eta Alberto Santosen ikusentzunezko lana.

GURSEKO ESPARRUA

Gurseko esparrua Gerra Zibileko gudari errepublikarrak hartzeko, 1939an, eraikitako errefuxiatu-esparrua izan zen hasieran. Naziek Frantzia okupatu ondoren, Gurs kontzentrazio-esparru bihurtu zen eta milaka judu preso eraman zituzten hara.

52 herrialdetako 60.000 pertsona ingururen helmuga izan zen, haietako 6.500 euskaldunak. Are gehiago, 1942ko abuztuaren eta 1943ko otsailaren artean, sei konboik, horietatik guztietatik, 3.907 pertsona garraiatu zituzten Poloniako Auschwitzeko esparrura.

1950ean, Gurseko esparrua itxi zuten. Bertako barrakoi guztiak suntsitu, eta laurogei hektarea horietan, ehunka zuhaitz landatu ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak