Eu

HABEk eta Lanbidek hitzarmen bat sinatu dute langabeek euskara ikasi eta, horrela, euren enplegagarritasuna hobetu dezaten

2017.eko irailak 22
  • Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Donostian aurkeztu dute proiektu pilotu hau, prestakuntza-ekintzak egiten dituztenei zuzenduta.

 

DSS 2017/09/22

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Donostian aurkeztu dute gaur Lanbideren eta HABEren arteko hitzarmena langabezia-egoeran daudenek euskara ikas dezaten errazteko. Proiektu pilotu hau Lanbideren bitartez ikastaroak egiten ari direnei dago zuzenduta, eta helburu du langabeen enplegagarritasuna hobetzea eta euskaraz ikasteko garaian erraztasun handienak emateko Eusko Jaurlaritzaren apustuan sakontzea. Bi aldeek sinatutako hitzarmenean, 200.000 euroko inbertsioa finkatu da 2017-2018 ikasturte honetarako.

 

Aurkezpenean, Lanbideko zuzendari Borja Belandia eta HABEko zuzendari Jokin Azkue ere izan dira. Bertan, Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu du zeinen garrantzitsua den apustu hau langabeen enplegagarritasuna hobetzeari begira. “Lanbidek antzeman du zerbitzu elebidunen eskariak gora egin duela oro har jendeari arreta egitearekin lotutako lanbide arloetan, zerbitzuen sektorearen barruan; bereziki, gure lurraldeko eremu euskaldunduenetan.

 

Horregatik, gure ustez, prestakuntza-espezialitate horietako ekintza kualifikatzaileetan diharduten lanik gabeko langileek euren enplegagarritasuna areagotzeko aukera izan dezakete enplegu-eskariari euskararen ezagutza egiaztatua erantsiz gero. Hau da, aldibereko prestakuntza da, ikuspegi profesionaletik ere euskaraz jakitea komeniko zaion orori batik bat zuzendutakoa” adierazi du.

 

Ekintza kualifikatzaileak

Hitzarmen honek ezartzen du laguntza horiek eskuratu ahal izango dituztela Lanbiden izena emandako langabeek; zehazki, Lanbidek diruz lagundutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzendutako ekintza kualifikatzaileak ikasten ari direnek. Edonola ere, parte hartu ahal izango dute, orobat, 2014an, 2015ean edo 2016an Lanbidek onartutako diru-laguntzen deialdien esparruan egindako ekintzetan dagokion profesionaltasun-ziurtagiria lortu dutenek.

 

Ildo horretatik, Artolazabalen hitzetan: “hizkuntza-trebakuntzako ikastaro horiek parte hartzen duten langabeei bidea emango diete beren jardueraren helburu Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria elebiduna duten enpresetan laneratzeko aukerak areagotzeko”.

 

Zupiria sailburuak, bestalde, nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzak duen joera euskara ikastearen bide hori errazteko: “Joan den astean euskaltegietako matrikulazio-kanpaina aurkeztu genuen, eta euskara ikasteko erraztasunak eskaintzen jarraitzeko dugun asmoa azpimarratu genuen. Aurkezten dugun hitzarmenaren helburua da beste esparru batzuetan prestatzen ari diren pertsonak euskarara hurbiltzea. Kasu honetan, euskarak, gauza positibo asko ekarriko dizkien mundu baterako ateak zabaldu ez ezik, lan-aukera gehiago ekar diezazkieke”.

 

Lanbideren ikastaroren bat egiten ari direnen kasuan, euskarazko prestakuntza aldi berean egingo da, baina haren ikastorduetatik kanpo. Horiek aukera izango dute HABErekin hitzarmena duten Euskal Autonomia Erkidegoko 103 euskaltegi publiko nahiz pribatuetako edozeinetan izena emateko, eta edozein maila egin ahal izango dute, A1etik hasita C2raino. Hitzarmenak jasotzen du, A-1 mailaren kasuan, gutxienez 125 ikastorduko ikastaro batera joan beharko dutela. Gainerako mailetan, berriz, gutxienez 165 ordu egin beharko dituzte.

 

Laguntza horiek eskuratzeko interesa dutenek Lanbiden eskatu beharko dute hizkuntza-trebakuntzarako ikastaroetan parte hartzea. Hortik aurrera, Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu egingo du, izena ematearen hurrenkeran, pertsona horrek eskakizunak betetzen dituela, eta, onartua izanez gero, jakinaraziko dio hautatzen duen euskaltegian Lanbidek baliozkotutako fitxa aurkeztu behar duela.

 

Era berean, Lanbideren bulego-sarean, haren webean (www.lanbide.euskadi.eus), informazioa emango da euskarazko hizkuntza-trebakuntzako ekintzetarako prestakuntza-eskaintzaren inguruan, prestakuntzari-ikastaroei buruzko atalean, interesa duen edonorentzat. Hitzarmen honek 2018ko ekainaren 30era arteko indarraldia du. Dena den, gehienez lau urtez luzatzeko aukera dago.

 

HABEren eta Lanbideren arteko hitzarmen honen babesean bultzatuko diren laguntzez gainera, Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek diru-laguntza eta bestelako laguntza ugari eskaintzen dizkiete euskara ikasteko interesa dutenei. Gaur aurkeztutako laguntzak eskuratu ezin ditzaketen langabeek gainerako instituzioek bultzatutako laguntzak jaso ahal izango dituzte.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lanbideejgv
    2017.eko irailak 26

    Comentario de Twitter:
    HABE y Lanbide firman acuerdo para que las personas desempleadas puedan aprender euskera y mejorar su empleabilidad https://t.co/jVbWSagvY8

Ekitaldiko kargudunak