Eu

Basque Ecodesign Meeting-ek Euskal Autonomia Erkidegoaren lidergoa berresten du produktu ekosideinatuen fabrikazioan

2017.eko irailak 19
  • Ekodiseinuan ziurtatutako enpresa espainiarren % 54 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira
  • Euskadin 38 produktu fabrikatzen dira gaur egun produktuaren ingurumen-adierazpenarekin
  • BEM2017 zifretan: 60 hizlari, hogeiren bat saio eta bertaratutako 500 pertsonatik gora

Euskadi ekodiseinuan ziurtatutako enpresa kopuru handiena duen autonomia-erkidegoa da. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak azpimarratu du produktuaren ingurumen-berrikuntzako lidergo hori gaur Bilbon, baieztatu duenean ”ekodiseinuan ISO 14006 Arauarekin ziurtatutako 70 euskal enpresa daudela, hots, Espainian ziurtatutako guztizko enpresen % 54”. Sailburuak Basque Ecodesign Meeting-BEM2017 topaketaren hasiera-ekitaldian egin ditu adierazpen horiek. Ekodiseinuari buruzko nazioarteko topaketa hori gaur eta bihar egingo da Euskalduna Jauregian, eta produktuaren diseinuko eta bizi-zikloaren analisiko bostehun espezialista bertaratuko dira.

Iñaki Arriola sailburuarekin batera hartu dute parte BEM2017aren inaugurazioan Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekoberrikuntza eta Ekonomia Zirkularreko arduradun Hugo-Maria Schallyk eta Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kalitate eta Ingurumen Ebaluazioko eta Ingurune Naturaleko zuzendari nagusi Javier Cachónek.

Arriolak zehaztu du Euskadin gaur egun 38 produktu fabrikatzen direla, haien bizi-zikloan sortzen duten ingurumen-inpaktuari buruz informazioa eskaintzen dutenak, Environdec-ek bermatutako produktuaren ingurumen-adierazpena dutelako. Zifra hori Espainian dauden produktuaren ingurumen-adierazpen guztien % 50 da.

Bi egun hauetan zehar, Basque Ecodesign Meeting Europako ekodiseinuaren hitzordu nagusia bihurtuko da. 60 hizlaritik gora izango dira eta 500 espezialistatik gora industria-diseinuan edo produktuaren ingurumen-berrikuntzan makineriako sektorean, elektriko-elektronikoan, berriztagarrietan, garraioan eta mugikortasunean, ontziratzean eta enbalajean, elikaduran, IKTetan, eraikuntza-materialetan, altzarigintzan edo hezkuntzan.

Hogeiren bat saiotan zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa aurreratuenen fabrikazio-prozesuetan hartutako soluzioen berri izango da. Kasu askotan lehiakortasunaren eta haien posizionamenduaren hobekuntza izan dira merkatuak etorkizunean ekonomia zirkularragora baterantz egingo duen aldaketarako. Ekonomia horretan, produktu baten materialak, haren balio-bizitzaren amaieran, ez dira baztertzen, baizik berriz integratzen dira zirkuitu produktiboan bigarren mailako lehengai gisa.

“BEM2017aren edukiak Europar Batasunaren politikarekin lerrokatu dira ekonomia zirkularraren arloan eta ekodiseinuaren, birmanufakturaren, birziklatzearen eta pertsona kontsumitzaileenganako ingurumen-gardentasunaren sustapenean oinarritutako ekonomiaren arloan”, esan du Ingurumen sailburuak. Ildo horretan, Arriolak gogoratu duenez, “Europak ekodiseinuko zuzentarau berriaren 2019ko lan-plana argitaratu du, argi hartzen duena barnean produktuaren iraunkortasunaren irizpidea. Horrela, besteak beste, zaharkitze programatuaren aurkako borrokari heltzen zaio”.

BEM2017aren saioen artean nabarmena da Europako Eskualdeen Ingurumen Konferentziak, ENCOREk, antolatutakoa. Hor hartuko dute parte Ingurumeneko eta Eskualde Garapeneko Robert Uitto ministroak eta Jamtland suediar eskualdeko Ingurumeneko eta Osasuneko Susanne Wallner ministroak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko haien homologo Iñaki Arriolarekin elkarrizketa bat izango dute nazioarteko hitzorduan.

BEM2017 topaketa tekniko bat da, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak, Basque Ecodesign Center-ek eta SPRIk bi urtetik behin antolatutakoa. Euskal Autonomia Erkidegoko kluster nagusien lankidetza du eta ekitaldi iraunkor gisa ziurtatu da “Erronka Garbia” metodologiaren aplikazioari esker.

Ohar osagarria

Basque Ecodesign Center lankidetza publiko-pribatuko ekimen bat da, euskal enpresa hauek osatutakoa: CIE Automotive, EDP Naturgas Energía, Euskaltel, Eroski, Gamesa, Iberdrola, Ormazabal Velatia, Orona, Vicinay Sestao, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe eta SPRI sozietate publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko industria-kluster nagusiak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak