Berriak Justizia eta Herri Administrazioa

Idoia Mendiak Gerra Zibilean fusilatutako senar-emazte baten gorpuzkiak entregatu ditu

2010-11-25

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak Florentino García Valencia-ren eta Mónica Barrón del Val-en hiru iloba txikiri eman dizkie beraien senideen gorpuzkiak. Gorpuzkiak A 2622 errepideko (Pobesetik Espejora) arekan zegoen Gerra Zibileko hobi txiki batean aurkitu zituzten, La Tejerako mendatearen parean (Erriberagoitia, Araba).

Erriberagoitiko auzokideen ahozko testigantzen arabera, 47 urtekoa eta lanbidez nekazaria zena García eta 46 urtekoa eta aurrekoaren emaztea zena Barrón erreketeen talde batek fusilatu eta orain gorpuzkinak aurkitu diren leku berean lurperatu zituzten. Senar-emaztea, ordea, Villanueva de Soportillo-koa (Burgos) zen.

Hobi horretan hiru pertsona helduren gorpuzkiak azaldu dira -bi gizon eta emakume bat- eta gorpuak lurretik ateratzeko lanak 2010eko ekainaren 19an eta 20an egin dira, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzari aurretik eskabidea egin zioten familiakideei jakinarazi ondoren. Gorpuzkiak Aranzadi Zientzia Elkarteak atera ditu lurpetik, Euskal Herriko Unibertsitateko Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra den Francisco Etxeberriaren zuzendaritzapean.

Hobia txikia da, bi metro luze eta 40 zentimetro zabal besterik ez ditu, eta gehiago dirudi hiru gorpuzkiak sartzeko propio egindako zulo estu luze bat. 1,5 metroko sakonera eman zioten, eta handiagoa da erdialdean aldeetan baino.

Aurkitutako gorpuzkiak Donostian dagoen Euskal Herriko Unibertsitateko Auzitegiko Antropologiako laborategira eraman ziren eta bertan ikerketa antropologikoa egin zen. Gorpuzkiekin batera, ikertzaileek objektu batzuk aurkitu zituzten, hala nola, apain-orrazi bat, krisketak, txanpon batzuk, gerriko baten metalezko belarri bat eta abarketen kautxu beltzezko zolak.

Idoia Mendiak aurreko irailaren 1ean eman zizkien jada bere familiartekoei La Tejeran lurperatuta zegoen hirugarren pertsonaren gorpuzkiak, Primitivo Fernández de Labastidarenak,hain zuzen. Lanbidez baserritarra eta Santa Gadea del Cid-eko (Burgos) herritarra, 1936ko irailaren 3an desagertu zen, 35 urte zituelarik.

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak, 2003. urteaz geroztik, Gerra Zibilean eta frankismoaren garaian desagertutako pertsonak ikertzeko plan bat du. Plan horretan, Aranzadi Zientzia Elkartea ari da lankidetzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, sailburua