Eu

Zaratamoko oinezkoen igarobideak trenbidea gainditzeko aukera ematen du gaurtik aurrera

2017.eko irailak 18
  • Tapiak segurtasuna eta zerbitzua hobetzen jarraitzeko konpromezua berretsi du, Pradera-ko trenbide pasagunearen itxiera iragartzearekin batera.
  • Eusko Jaurlaritzak 46 trenbide pasagune kendu ditu 2010-2016 epean, horietatik 33 Bizkaian.

Arkotxako (Zaratamo) oinezkoen igarobidea zabaldu denez, gaurtik aurrera trenbidea gainditu ahal izango da. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak gaur adierazi duenez, bihar bertan itxiko da behin betiko Pradera izeneko trenbide pasagunea, eta, aldi berean, puntu horretako segurtasuna bermatzen zuten hesiak eta seinaleak kenduko dira.

Tapiak eta Jon Ajuria Zaratamoko alkateak gaur arratsaldean bisitatu dituzte 425.000 euro, gehi BEZ, kostatu diren eta Eusko Jaurlaritzak, ETS erakunde publikoaren bitartez, finantzatu dituen obrak. Lanak egiteko sei hilabete behar izan dira. Lan guztiak urriaren lehen hamabostaldian amaituko direla aurreikusten da.

Jarduketa hori, Eusko Jaurlaritzak, trafiko intentsitate handia jasaten zuten trenbide pasaguneak pixkanaka kentzeko aurrera daraman politikaren barruan dago. Trenbide pasagune hau Bilbo-Donostia lineako 7/607 kilometro puntuan zegoen, Zaratamoko Arkotxa auzoan. Bertako biztanleak eta Udalak behin eta berriro egin dituzte puntu beltz hori kentzeko eskariak.

Euskal trenbide sareko trenbide pasaguneen egoera

Gaur egun, Euskal Trenbide Sareak kudeatzen duen sareak 115 trenbide pasagune ditu, horietatik 74 Bizkaian eta 41 Gipuzkoan.

2010 eta 2016 artean, Eusko Jaurlaritzak 771,75 milioi euro inbertitu ditu bere esku dagoen trenbide sarea hobetzeko lanetan. Kopuru horren barruan azpiegitura eta material mugikorra jasotzen da. Trenbide pasaguneei dagokienez, 2010-2016 epealdi horretan 46 trenbide pasagune kendu dira, horietatik 33 Bizkaian.

Zerrenda horri, bihartik aurrera desagertuta egongo den Praderako pasagunea (Zaratamo) eta lanak egiten ari diren beste batzuk, Deriokoa, besteak beste, edo datozen hilabeteetan lizitatuko den Lasarmintegikoa (Usansolo) gehitu behar zaizkio. Horiek kentzeko 6,4 milioi euroko inbertsioa egin beharko da.

Gipuzkoan, ETS, Zarautzen dagoen Santa Klarako trenbide pasagunea eta Irungoa kentzeko lanak ari da egiten.

Pradera Trenbide Pasagunea kentzeko lanen deskribapen teknikoa

Trenbidea gainditzeko aukeratu den modua, goialdetik doan oinezkoentzako igarobidea eraikitzea izan da. Igarobide horrek, trenbidearekin paraleloan doan BI-3720 errepidea ere gaindituko du. Horretarako, aurretik fabrikatutako zutabea jarri da, eta lekuan bertan hormigoiztatu den taularekin osatu da. Bertara, mutur bakoitzean dauden eskaileren eta igogailuen bitartez helduko da, guztiz erabilerraza izan dadin. Igogailuetarako sarrerek euritik babesteko biserak dituzte. Igogailuek, 630 kilogramo / 8 pertsona jasotzeko ahalmena izango dute

Igarobidea eraikitzeko, beharrezkoa izan da orain arte bertan egon den eta semaforo bitartez arautzen den oinezkoen igarobidea sarbide berriaren inguruetara aldatzea. Jarduketa hori Bizkaiko Foru Aldundiarekin koordinatuta egin da. Halaber, Bizkaibusen egungo geralekua ere lekuz aldatuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Ajuria (Alkatea)