Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu ditu Zadorra ibaiko zubiak, ‘Monumentu Multzoaren’ kategorian (Gobernu Bilera 2017-09-19)

2017-09-19
  • Babesak arabar lurraldeko 15 udalerritan dauden 88 zubi hartzen ditu guztira 

Gobernu Kontseiluak Zadorra ibaiko zubiak kultura ondasun, monumentu multzoaren kategorian, izendatzen dituen dekretua onartu du gaurko bere bileran. Dekretuaren xedea da ondare hori ondasun kalifikatuen erregistroan sartzea, bere babesa eta mantentzea bermatzeko. Ondare honek 15 udalerritan sakabanatuta dauden 88 zubi hartzen ditu barne. 

Gaur onartutako dekretuak monumentu multzo gisa onartutako eremua mugatu du. Aipatua Arabako ibai emaritsuenaren 66 kilometroetan zehar barreiatuta dago. “Zadorra ibaiko arroa da egungo bide-sarearekin sinbiosi ezin hobea agertzen duten bere zubien katalogo aberatsa egituratu eta ordenatzen duen eragilea. Kultura unitatea osatzen duten zubi ezberdinen batzea justifikatzen duen osagai lotzailea da”. 

Dekretuak dioenaren arabera, “kategoria ezberdineko bide ugariko sare korapilatsu baten baitan, zubiek mugarri garrantzitsua osatzen dute” eta inguru horretan “fabrika-arkuak” duen garrantzia azaltzen du. Dekretua onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kultura Ondarearen Zentrora atxikitako kultura ondasun kalifikatuen erregistroan sartuko ditu zubiak. 

Zadorra ibaiko arroaren zubien monumentu multzoak hiru kategoriatan banatzen ditu babestutako zubiak, beren babes-erregimenaren arabera. Armiñongo Zubi Zaharra da babes bereziko erregimena izango duen bakarra. Beste 34 zubik babes ertaineko erregimena izango dute, eta beste 53 zubiek oinarrizko babesa izango dute. 

Babes-eremuaren mugatzeak ondoko udalerriak hartzen ditu barruan: Alegria-Dulantzi, Armiñon, Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Berantevilla, Elburgo/Burgele, Iruña-Oka, Iruraiz-Gauna, Legutio, Ribera Baja/Erribera Beiti, Agurain-Salvatierra, San Millán/Donemiliaga, Vitoria-Gasteiz, Zigoitia eta Bernedo.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko