
Eusko Jaurlaritzak 24,6 milioi euroko diru-laguntzak bideratu ditu Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten eskola pribatuentzat
Gobernu kontseiluak gaurko bileran onartu du titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko eskolentzako 2017-2018 ikasturterako diru-laguntzen deialdia. Guztira 24,6 milioi euro izango dira euskal familiek euren seme-alaben izena sare horretan “arrazoizko kostua” asumituz eman ahal izateko eta lana eta familia uztartzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak astearteetako ohiko prentsaurrekoan azaldu duen bezala.
Laguntzen helburu zehatza da ikastetxe horiek mantentzen laguntzea, familien kuotak homogeneizatzea eta haur-eskoletan hezkuntzaren eta asistentziaren arloko arretaren kalitatea hobetzea. Gaur egun Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa eskaintzen duten titulartasun pribatuko 272 ikastetxe daude Euskadin, eta hezkuntzako etapa hori eskaintzeko behar bezala baimenduta badaude diru-laguntza horien onuradun izan daitezke. 2017-2018 ikasturtean 13.384 neska-mutil daude horietan matrikulatuta.
Bestalde, euzko abertzaleak eta euskal sozialistak taldeek elkarrekin aurkeztu duten Gardentasunari eta herritarren parte-hartzeari buruzko lege-proposamena aintzat hartzearen aldeko irizpidea eman du Eusko Jaurlaritzak. Ekimen hau legealdi honetarako Gobernuaren akordio-proposamenetako bat da. Erkorekak gogoratu duen moduan, 2018rako aurkeztea zegoen aurreikusita, eta Eusko Jaurlaritza, beraz, pozik dago EAJ-PNV eta PSE garrantzizko lege horren tramitazioa arintzeko adostasun batera iritsi direlako. “Ongietorria da proposamen hori, Jaurlaritzaren lehentasunezko konpromisoetako bati jarraitzen baitio: administrazioei gobernantza publiko ona emateari, alegia” ziurtatu du.
Gaurko Gobernu Kontseiluan onartutako gaien artean Euskadiko arrantza eta akuikulturaren sektorearentzako 9,8 milioi euroko laguntza-programa eta Euskadiko ETEei eta autonomoei laguntza finantzarioa emateko programa daude.
POLITIKA OROKORRARI BURUZKO OSOKO BILKURA
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileari Legebiltzarrean ostegunean egitekoa den Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuraz galdetu diote, lehendakariak Exekutiboaren ekintzak azalduko dituela eta bertan. Erkorekak esan du Gobernu Programan jasotako Autogobernuaren ataleko bi epigrafeei helduko diela bere hitzaldian Urkullu lehendakariak: autogobernu aitortuaren defentsa eta hori eguneratzea. Bigarren atal horri dagokionez, aurreratu du hainbat gogoeta egingo dituela Euskadin “hitzarmen instituzional berria azaleratu beharraren” inguruan, erreferentzia gisa koalizio-akordioan jasotako 14 puntuak hartuta.
Lehenengo epigrafeari dagokionez, Exekutibo zentralak transferitzeke dituen eskumenen katalogoa azalduko du lehendakariak, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu duena eta Exekutiboak ostiralean bertan bidaliko diona Espainiako Gobernuaren lehendakariorde Soraya Sáenz de Santamaríari. Erkorekak esan duenez, dokumentu hori Gernikako Estatutua betetzea helburu duen negoziazio-prozesuaren “oinarria” izango da.