Berriak Kultura
Eu

Aurrera doaz Balentziaga Museoa martxan jartzeko lanak

2010.eko azaroak 25

Aurrera doaz Balentziaga Museoa martxan jartzeko lanak

Erakundeetako ordezkariek Fundazioaren bildumen zentroa bisitatu dute, espezialisten lana bertatik bertara ikusteko

 

Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburu Blanca Urgellek, Getariako alkate Andoni Aristik, Eusko Jaurlaritzako Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Ondareko zuzendari Pilar Azurmendik Cristobal Balentziaga Fundazioak Miramongo Teknologia Parkean duen bilduma-zentroa bisitatu dute.

Cristobal Balentziaga Fundazioaren helburua da Cristobal Balentziaga jostunaren eta haren nortasunaren garrantzia sustatzea, hedatzea eta indartzea eta, horretarako, Cristobal Balentziaga Museoa eraikitzea, garatzea eta mantentzea. Museoa Getarian egongo da, berariaz museoa izateko erakin batean, zeinean azken ukituak ematen ari baitira.

Museoak Fundazioaren babesean jaso diren pieza guztiak bildu nahi ditu, dela lagapen edo dohaintza bidez, dela erakundeen edo pribatuen gordailu bidez, betiere Cristobal Balentziagaren lan bikaina ezagutarazteko eta haren balioa handitzeko.

Une honetan, museoaren erakusketa iraunkorra prestatzeko lanean ari da Fundazioa, hau da, bertako hainbat bildumaren erakusketa, bilduma horiek hobeto ulertzeko eta interpretatzeko zenbait baliabide grafikoz eta ikus-entzunezkoz lagunduta. Prozesu horren baitan kokatu behar da gaurko bisitaldia, alegia, aipaturiko xede horretarako planteatu diren baliabide materialak, giza baliabideak (ekipamendu multidiziplinarra) eta irizpideak bertatik bertara ezagutzeko.

Carmen Lucini andreak -bera prebentziozko kontserbazioan eta museografian aditua da, eta hemengo lanen koordinatzailea- prozesuaren gaineko xehetasunak eman dizkie bisitariei, hots, bateragarri eginez Balentziaga Museoak bere bildumak kontserbatzeko gorde behar dituen gaur egungo kontserbazio-eskakizunak, batetik, eta bildumetako objektuak erakustea eta ikertzea, bestetik. Halaber azpimarratu du sortzailearen ikuspegiarekiko fideltasuna errespetatzeko garrantzia, eta zehatz-mehatz azaldu du gauzatzen ari den proiektu eszenografikoa.

Balentziaga Museoarekin lanean ari den taldean Manuel Outumuro boladan dagoen moda-argazkilaria dugu. Berak egingo ditu inaugurazio-erakusketarako katalogoko argazkiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)