Eu

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Baionako Bernat Etxepare Lizeo berriaren inaugurazion izan dira

2017.eko irailak 16

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Bernat Etxepare Lizeo berriaren inaugurazioan izan dira gaur, Baionan. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek babestu nahi izan dute Iparraldeko euskarazko hezkuntzaren etorkizunerako hain garrantzitsua den proiektu hau.

Iparraldean euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duen lizeo bakarra da 1990ean sortutako Bernat Etxepare Lizeoa, 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat euskara hutsean ikasteko abagune bakarra. Gaurko ekitaldian, gainera, lehenengoz lanbide-heziketa sail bat inauguratu dute, euskaraz ikasteko aukerak areagotuz. Beraz, bi urteko lanen ostean, Bernat Etxeparek aurpegi eta eskaintza eraberritua erakutsi du gaur.

Zupiria sailburuak euskararen biziberritze prozesuan hezkuntzak duen garrantzia nabarmendu du: “Eusko Jaurlaritzarentzat oso albiste garrantzitsua da, proiektu honek euskararen erabilera bultzatzen lagunduko baitu hezkuntzaren bitartez. Euskal Autonomia Erkidegoan badakigu zer garrantzia duen hezkuntza sistemak, bere maila guztietan, euskaldunen komunitatea handitzeko. Iparraldean bide horretan lanean ari direla ikusteak asko pozten gaitu. Era berean, funtsezkoa da euskara lanbide-heziketaren mundura eramatea, baita lan mundura eta arlo sozioekonomikora ere. Helburu hori lortzeko oso garrantzitsua izango da gaur abian jarri den proiektua”.

Gaurko ekitaldian, besteak beste, Akitaniako presidente Alain Roussetek, Baionako alkate eta Euskal Elkargoko presidente Jean Rene Etchegarayek edota Seaskako presidente Paxkal Indok hartu dute parte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak