Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Ertzaintzaren agintariekin bildu da gaur, Islamismo Erradikalaren Aurkako Plan Estrategikoaren garapena aztertzeko

2017.eko irailak 15

Iñigo Urkullu lehendakariak, Estefanía Beltrán de Heredia sailburuak, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak bilera egin dute gaur goizean Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren agintariekin, Islamismo Erradikalaren Aurkako Ertzaintzaren Plan Estrategikoaren garapenari buruzko informazioa jasotzeko eta polizia-analisien berri izateko.Erandioko egoitza nagusiko Krisi Aretoan egindako topaketan izan dira Jorge Aldekoa Ertzaintzaren burua, Josu Bujanda Herritarren Babeserako Alorreko burua, José Mari Yurrebaso Ikerketa Kriminalaren Alorreko burua, Jon Ziarsolo Inteligentzia Bulegoko burua eta Juan Vicente Bilbao Inteligentzia Bulego Nagusiko Inteligentzia Kriminaleko burua.

Bilera horretan, Ertzaintzako agintariek azaldu dute zein diren gaur egungo alerta 4 mailaren arabera hartutako segurtasun-neurriak eta zer jarraipen egiten ari den. Horrez gain, islamismo erradikalaren aurkako plan estrategikoa nola aplikatzen ari den azaldu dute. Besteak beste, baloratu dira erradikalizazio islamista eta islamofobia saihesteko Ertzaintza zer ekimen ari den egiten erkidego musulmanarekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean.

Topaketa horretan, duela ia hilabete Katalunian izan ziren islamismo erradikalaren atentatuen ondoren jasotako informazioen polizia-analisia ere aztertu da.

Bestalde, Estatuko Segurtasun Kidegoekin eta Indarrekin egin diren bileren berri eman dute. Era berean, ekitaldien eta udalerrien inguruabar partikularren arabera hartzen ari diren segurtasun-neurrien arloan Euskadin egin diren tokiko koordinazio-batzordeen berri eman dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak