Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Beatriz Artolazabalek atseginez jaso du Junckerren analisia Europar Batasunarentzat, “Europaren eraikuntzan oinarri soziala indartzeko beharraz”

2017.eko irailak 14
  • Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez, beharrezkoa da “egoera demografikoari arreta handiagoa jartzea”
  •  “Ekintza solidarioetan parte hartzeaz gainera, gure gazteek laguntza behar dute beren emantzipazioan eta enplegurako sarbidean”

VG 17 09 14

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak atsegin handiz jaso ditu Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko lehendakariaren analisia eta proposamenak, Europako Parlamentuaren aurrean egindakoak, Alsaziako Estrasburgo hirian, 2017. urteari dagokion Europako Batasunaren egoerari buruzko eztabaidaren barruan. “Junkerrek asmatu egin du eta konbentzitu egiten du Europa trinko eta sozialagoaren definizio berria proposatu duenean, ‘aldeko haizeak' deitzen dituenak baliatuz, baita Batasunaren nazioarteko eta barruko egoerari dagokionez ere” esan du Artolazabalek.

 

Jean-Claude Juncker Europako Batzordea lehendakariak hitzaldia eman zuen Europako Parlamentuko kideen aurrean, Estrasburgon, Batasunaren 2017ko egoeraren inguruan. Hitzaldian, datorren urterako bere lehentasunak eta 2025era arteko EBren bilakaerari buruzko ikuspegiak azaldu zituen.

 

 “Juncker lehendakariak hilabeteak badaramatza ere oinarri sozialak indartzeaz hitz egiten, atzo, agian, gehiago nabarmendu behar zuen gai hori. Haren ideiarekin bat gatoz ahalduntzeari eta babesteari dagokionez, oinarri soziala abiarazteko funtsak baitira, inor susperralditik kanpo ez uzteko. Izan ere, pertsonen alde bete-betean lan egiteko garaian gaude” ñabartu du Artolazabalek.

 

 “Juncker susperraldi ekonomikoaz aritu da, haren ustez dagoeneko errealitate bihurtu delako. Egia da, gure herrian, urratsak astiro ematen baditugu ere, eta ‘gelditu gabe bogan aritu behar badugu ere’ —lehendakariak atzo Parlamentuan erabilitako itsas erreferentziak erabilita—, indar handiz gainera; pertsona guztiek, herrialde guztiek, enplegu duinak eta kalitatezkoak ditugu helburu, gure gizartea, gure enpresak, gure ekonomia iraunkorra eta Europako ongizate-estatuaren gure ideala gogobeteko dituzten enpleguak, guztiz bideragarria baita hori” nabarmendu du Artolazabalek.

 

Artolazabalek azaldu duenez: “Juncker lehendakariak ibilbide-orri bat aurkeztu du Batasun elkartuagoa, indartsuagoa eta demokratikoagoa lortzeko, eta aipatzen zuen haize horrek (beharrezkoa estatu, herrialde eta eskualdeen belak puzteko) gizarte eta herrialde aurreratuen presentzia eta partaidetza handia behar ditu. Herrialde horien artean dago Euskal Autonomia Erkidegoa; printzipio sozial horiekin konpromisoa duten eta Europa elkartuagoa, indartsuagoa eta demokratikoagoa eraikitzera zuzentzen diren herrialdeen artean, hain zuzen.

 

Behetik gora

 “Gobernantzan aritzeko eta demokratizazioan, hurbiltasunean eta partaidetzan sakontzeko, Jean-Claude Junckerrek esan bezala, Europa behetik gora eraiki behar da. Haren proposamena ezagutza bat da Euskal Autonomia Erkidegoaren gisako herrialdeen partaidetzarekiko. Positiboa da Junckerrek behetik gora eraikitzeaz hitz egitea, Euskal Autonomia Erkidegoaren gisako herrialdeei Europako proiektuan parte hartzearen ideia indartzen baita”.

 

 “Batasunaren egoerari buruzko haren funtsezko mezuetan, Europan gure gazteak sustatzeko beharraz aritu da, eta esan du horretarako neurriak ezarri behar direla (adibidez, Europako boluntario gazteentzako Europako Solidaritate Kidegoa), Europako solidaritatea errealitate bihurtuta” —interpretatu du Artolazabal sailburuak—; “neurri horiek eskatzen dute, era berean, emantzipaziorako eta enplegurako plan eraginkorrak eta estrategiak, eta dagoeneko horiek garatzen ari gara Batasunaren hego-mendebaldeko herrialde txiki honetan”.

 

Artolazabal sailburuak: “Junckerrek dio Europa merkatu bakar bat baino gehiago dela, dirua edo euroa baino zerbait gehiago. Egia da. Batasunaren egiturak sinplifikatzea proposatzen du eta, prozesu horretan, hobeto egokituko dira eta presentzia handiagoa izango dute geurea bezalako herrialde eta eskualdeek, gure herritarren ongizate orokorrerako bide hori zuzenean ezagutu eta kudeatzen baitute”.

 

 “Egia da Junckerrek ez duela zuzeneko aipamenik egin Europak bizi dituen egoera kezkagarrien inguruan —adierazi du Artolazabalek—; baina, nire ustez positiboa da duen interesa oinarri sozialak deitutakoak garatzeko. Oinarri horiek bermatu egin behar dute Europar Batasun aurreratu hori, planeta errespetatuko duena, barruan eta kanpoan solidarioa izango dena, gazteek eta adinekoek enplegu duinak lortzeko aukera izango dutena. Izan ere, horrek egoera hobea ekarriko du enpresentzat, ekonomiarentzat eta, oro har, gizartearentzat, Goteborgen azaroan izango den gailur sozialean ikusiko dugunez” azaldu du Beatriz Artolazabalek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak