Eu

Osalanek eta AVAk bat egin dute, autonomoek lan-istripuak eta laneko gaixotasunak estalita izateko

2017.eko irailak 15
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lan eta Justiziako sailburuak, María Jesús San Josék, “aldatu nahi dugun” errealitatea azaldu du; bere saila horretan ari da lanean

María Jesús San José Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburuak, gaur goizean, autonomoen kolektiboan kontingentzia profesionalen estaldura sustatzeko ekimena aurkeztu du. Ekitaldian, Ernesto García Ozaeta Euskal Autonomoen Elkarteko presidentearekin eta Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiarekin batera egon da. 

Sailburuak gogoratu du “tradizioan langile autonomoaren bereizgarri izan dela zuzenbide pribatuaren araupean egotea eta lan-zuzenbidean jasotzen joan diren hobekuntzen onurarik ez izatea”. Hori izan da kolektibo honen aldarrikapen historiko nagusietako bat. 

Hori zuzentzeko, 2014ko urtarrilaren 1ean, legeak ateak ireki zituen, Autonomoen Araubide Bereziko kideek lan-istripuen eta laneko gaixotasunen ondoriozko kontingentziengatik kotizatu ahal izateko. Aukera horren bidez, eskubidea dute, lan egiteko ezintasuna dakarkien laneko istripurik edo laneko gaixotasunik izanez gero, beren kotizazio-oinarriaren % 75ari dagokion prestazioa kobratzeko, baja medikoa jaso eta biharamunetik aurrera, edo kalte-ordainak eskuratzeko, baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorren kasuan, ezintasun iraunkorren edo heriotzaren kasuan, beste onura batzuen artean. 

“Besteren kontura lanean diharduten langileentzat naturala dena, lan autonomoa egin eta laguntza medikoa eta sanitarioa bakarrik jasotzen dutenentzat nobedade garrantzitsua izan zen”, esan du San Josék. Hala ere, indarrean sartu zenetik hiru urte inguru igaro dira, “eta langile autonomoen gutxiengoak heldu dio horri”. 

Euskadin Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen duten 171.000 pertsona ingurutik, 18.000 inguruk baino ez dute kotizatzen kontingentzia profesionalengatik, kontuan hartuta, gainera, horietako askok nahitaez egin behar dutela. Alegia, norbere kontura lanean ari den langileen % 10 baino ez dago istripu eta laneko gaixotasunen kontingentziengatik babestuta. “Hain gutxik izatea estaldura hori istripu edo laneko gaixotasunagatik kezkagarria iruditzen zaigu”, esan du. “Zoritxarrez, hori da aztertzen ari garen errealitatea, eta errealitate hori aldatu nahi dugu”. 

Lan eta Justiziako sailburuak nabarmendu nahi izan du, gainera, “kostuak ez duela muga izan behar dakartzan onurei dagokienez”. 920 €-ko kotizazio-oinarria (kolektiboaren batez besteko kotizazioa) duen autonomo batek 9,20 € ordainduko ditu, baldin eta bere jarduera arrisku baxukoa bada, edo 34,03 €, maila ertaineko arriskukoa bada, adibide bat aipatzearren. 

Hori horrela, Osalan eta AVA – ATA Euskadiren arteko lankidetzaren bidez, zenbait ekintza ari dira abian jartzen, hobekuntza horri helduko dioten autonomoen kopurua areagotzeko asmoz. 

“Euskadin, 171.000 pertsonak kotizatzen dute Langile Autonomoen Araubide Berezian, eta ezin gara horietara zuzenean heldu, ez baititugu Gizarte Segurantzaren datuak”, esan du San Josék. “Hori dela eta, horrelako gaietan orientazioa eta aholkua ematen dizkieten aholkularitza- eta kontsultoretza-etxeen, Euskadiko elkargo profesionalen eta, jakina, Euskal Autonomoen Elkartearen bidez joko dugu berengana. Pertsona horiek guztiek beharrezko informazioa izatea nahi dugu, baina baita alta emango dutenek hasieratik estaldura hori kontratatuz egin dezaten ere".

Oroigarri hau garrantzitsua da une hauetan; izan ere, estaldura 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera eraginkorra izateko, dagokion inprimakia bete eta aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, irailaren 30a baino lehen. 

“AVArekin dugun lankidetzari ematen ari gatzaizkion sustapen horren bidez, saiatuko gara autonomo-kopuru handiagoak formalizatzea Kontingentzia Profesionalen estaldura. Hori hala sartuz gero, OSALANek, era berean, informazio hobea izango du helburu duen prebentzio-lana diseinatzeko eta egiteko”, esan du María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak. 

Kontingentzia profesionalen estalduraren onurak

Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduten mutuek, laneko istripuaren edo laneko gaixotasunaren kasuan, langileen esku jarriko dituzte zenbait zerbitzu, besteak beste, larrialdi anbulatorioa, kontsulta medikoa eta traumatologoa, tratamendu medikoa, errehabilitazio funtzionala edo ospitaleratzea eta kirurgia-operazioa. Era berean, gaixotasunak lan egiteko ezintasuna eragiten badio, bere kotizazio-oinarriaren % 75en baliokide den prestazioa kobratuko du, baja medikoa eman eta biharamunetik aurrera, eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango du baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorren kasuan, ezintasun iraunkorren edo heriotzaren kasuan.

Bestalde, kontingentzia profesionala dela eta baja medikoan dauden langile autonomoek, beharrizan-egoeran badaude, laguntza sozialak jaso ahalko dituzte, beren jarduerari eusten lagunduko dien pertsona bat kontratatzeko eta familia-unitateko funtsezko gastuei aurre egiteko.

Euskal Autonomoen Elkartea

Euskal Autonomoen Elkartea Euskadiko langile autonomoen topaleku den plataforma nagusia da; 3.200 kide baino gehiago ditu, mikroenpresa, taldekatze sektorial eta merkatarien elkarteetakoak. Helburu du kolektibo horren errealitate ekonomikoa eta soziala hobetzea, laguntza- eta orientazio-zerbitzuen bidez (lege-gaiak, Gizarte Segurantzaren ingurukoak, enpresaburu gisa dituzten betebeharrak eta eskubideak…), prestakuntza-ekintzen diagnostikoaren, diseinuaren eta garapenaren bidez, baldintza abantailatsuak dituzten merkataritza-akordioen bidez, eta abar.

AVA elkartea ATAri –Espainian langile autonomoen inguruan dagoen erakunde nagusia– atxikitzeak balio erantsia ematen dio eta, batez ere, elkarrizketa sozialean eta, oro har, autonomoen kolektiboaren eta, bereziki, Euskadin finkatuta dauden autonomoen interesei buruzko erabakiak hartzean parte-hartze espazioa bermatu.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ernesto García Ozaeta Presidente Asociación Vasca de Autónomos