Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak ekitaldi instituzional bat antolatuko dute gerra zibilaren ondoren Gurs-eko esparruan sartutako pertsonak aitortzeko

2017.eko irailak 14
  • Ekitaldia Gurseko herri frantsesean izango da irailaren 30ean

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakari Uxue Barkosek ekitaldi instituzional batean hartuko dute parte datorren irailaren 30ean, Gerra Zibilaren ondoren Gurseko kontzentrazio-esparruan sartutako milaka pertsonek jasandako sufrimendu bidegabea oroitzeko eta aitortzeko. Esparru hori, “euskaldunen esparrua” ere deitua, erregimen frankistaren biktimen aterpe izatekoa zen hasieran, eta azkenean kontzentrazio-esparru bihurtu zen. Gurs 60.000ren bat pertsonaren helmuga izan zen.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzional bat antolatuko dute, eta Gurseko esparruko drama jasan zutenen familiak gonbidatuko dira bertara, baita elkarte memorialistak ere. Hori dela eta , Eusko Jaurlaritzak dei egiten die bertaratu nahi duten senitartekoei GOGORArekin harremanetan jar daitezen eta horretarako jarriko diren autobusetan izena eman dezaten. (*)

Historia

Gurseko esparrua, hasieran, 1939an eraikitako errefuxiatu-esparru bat zen, bertan Gerra Zibileko gudari errepublikarrak hartzeko. Ez zen bakarra; izan ere, urte horretan bertan Frantziako Gobernuak zenbait esparru eraiki zituen estatu espainiarretik zetozen 250.000 pertsona errefuxiatutik gora hartzeko. Agintari frantsesek erbesteko Eusko Jaurlaritzaren eskaera onartu zuten, Gursen euskal herritarrak hartzeko. Gainera, Estatuko txoko guztietatik ere borrokalariak iritsi ziren.

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, milaka pertsona iritsi ziren Gursera Hirugarren Reich-etik ihesi, gehienak juduak. Naziek Frantzia okupatu ondoren, Gurs kontzentrazio-esparru bihurtu zen eta milaka judu preso eraman zituzten hara.

Gurseko kontzentrazio-esparrua 52 herrialdetako 60.000ren bat pertsonaren helmuga izan zen (6.500 euskaldunak). 1942ko abuztuaren eta 1943ko otsailaren artean, sei konboik pertsona horietatik 3.907 garraiatu zituzten Auschwitzera.

1950ean esparrua itxi zuten eta ezer gutxi geratzen da hartatik; izan ere, barrakoiak suntsitu eta laurogei hektarea horietan zuhaitzak landatu ziren.

 

(*)OHARRA: bertaratu nahi duten senitartekoek jarri harremanetan GOGORArekin (94-403 28 40 / gogora.idazkaritza@euskadi.eus)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko