Eu

‘Euskara ikasiz, mundu bat irabazi’ goiburupean, Euskadiko 103 euskaltegietan izena emateko gonbita luzatu du Eusko Jaurlaritzak

2017.eko irailak 14

‘Euskara ikasiz, mundu bat irabazi’ goiburua da irailaren 29ra arte luzatuko den aurtengo euskaltegien matrikulazio kanpainaren mezu nagusia. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak kanpaina berri honen eta hastear dagoen ikasturtearen nondik norakoak aurkeztu ditu gaur, Bilboko Kafe Antzokian. Adierazi duenez, “euskara ikasteko pausoa ematen duenari parez pare zabaltzen zaizkio mundu berri baten ateak”, eta Eusko Jaurlaritzak inoiz baino erraztasun gehiago emango ditu ikasteko bidea errazteko. 35.000 ikasle inguruk ikasiko dute aurten Euskadiko euskaltegi publiko eta pribatuetan, eta Eusko Jaurlaritzak 1.250.000 euro bideratuko ditu euskara ikasten dutenen ahalegina errazteko, diru-laguntzen bidez.

Sailburuarekin batera, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, HABE (Helduen Alfabetatzeko eta Berreuskalduntzeko Erakundea) erakundeko zuzendari Jokin Azkue eta Gabriel Aresti euskaltegiko koordinatzaile Isabel Isazelai izan dira. Beste erakundetako ordezkariak ere izan dira (aldundietakoak, udaletakoak. EUDEL eta UEMAkoak), baita euskaltegien sareko kideak ere. Guzti-guztiek bat egin dute aurtengo mezu horrekin, bai eta euskara ikasteak dakartzan era ezberdinetako onurak aipatzean ere.

“Euskara ikasteko pausoa ematen duenari parez pare zabaltzen zaizkio mundu berri baten ateak. Hizkuntza ezagutu barik kostata ikusten den horrek zentzu guztia hartzen du hitzei esanahia jartzen diegunean. Aisialdirako abagune berriak, komunikatzeko aukera berriak, gauzak ikusteko era ezberdin bat, musika gehiago, literatura gehiago, poesia, lagun berriak… Bertatik bertara dagoen mundu oso bat zabaltzen da euskara ikasiz. Oso hurbil dagoen mundu bat deskubritzen da”, adierazi du Zupiria sailburuak.

Aurtengo kanpainari begira, Eusko Jaurlaritzak ahalegin berezia egin nahi izan du inoiz euskara ikasteko erronkari heldu eta bide erdian geratu zirenak berriz ere erakartzeko. Horretarako, mezu bana bidali die, ohiko postaz edo e-mailez, berriz ere erakartzeko (guztira 35.000 komunikazio bidali dira). “Esan diegu beren ahalegina eta esfortzua aintzat hartzen dugula, eta zinez eskertzen dugula. Horrez gain, azaldu diegu inoiz baino erraztasun gehiago izango dituztela euskara ikasteko”, aipatu du sailburuak.

Doakotasuna lortzeko bidean

Eusko Jaurlaritzak bideratuko dituen 1.250.000 euro horiez gain, aldundiek eta udal gehienek diru-laguntzak ematen dizkiete euskara ikasteko erronkari heltzen dioten ikasleei. Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, HAKOBA (Herri Aginteen Koordinaziorako Batzarra) bilgunean dauden erakundeek lanean dihardute datozen urteotan euskara ikastea doakoa izan dadin B2 mailara arte.

Era berean, aurten HABEko azterketen deialdi irekietara aurkezteko aukera maila guztietara ailegatu da lehen aldiz, trebetasunen arteko konpentsazio-sistema orokortu da HABEko azterketetan (idatzizkoa gainditu ez, baina ahozkoan maila ona erakusten duenari konpentsatzeko aukera ematen zaio; C2 mailan izan ezik) eta egiaztagiri guztien arteko baliokidetzak hizkuntzen Europako erreferentzia markora egokitu dira. Autoikaskuntza metodoek ere gero eta erraztasun gehiago eskaintzen jarraituko dute, eta ikasleen %16ak hauen bitartez ikasten du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen HABE erakundeak 19.575.000 euro bideratuko ditu 2017-2018 ikasturtean euskaltegi pribatuen lana diruz laguntzera, eta 11.519.370 euro euskaltegi publikoen jarduna laguntzera. Guztira, 103 euskaltegi daude Euskal Autonomia Erkidegoan, 64 pribatuak dira eta 39 udalenak dira; horietan, 1.300 irakasle inguru daude.

Iragan ikasturtean, 26.107 ikasle egon ziren euskaltegi pribatuetan, eta 9.176 publikoetan (693 bietan egon ziren). Horien artean, 22.903 emakumeak izan ziren (%66a baino gehiago) eta 11.687 gizonezkoak. Ikasleen bataz besteko adina 38 urtekoa da, eta adin tarterik ugariena 36-45 urte bitartekoa da (ikasle guztien %26,15a). Ikasleen beste laurden batek (%24a) 45 urte baino gehiago ditu eta beste erdia 35 urtetik beherakoa da (16-20 urte, %18,18a; 21-25, %8,87a; 26-30, %10,32a; eta 31-35, %12,41a).

Gaurko aurkezpenaren ostean, HABEk ikasturtearen hasiera ekitaldia izango du bihar, Christian Puren hizkuntzalariaren mintzaldi baten bitartez. Euskadiko Artxibo Historikoan izango da hitzaldia eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztuko du.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @bontxi
    2017.eko irailak 18

    Comentario de Twitter:
    @txargain Hemen informazio apur bat gehiago. Kanpaina, bide erdian geratu direnak... besterik ez
    https://t.co/he6GgyuQzb

  • @galtzaundi
    2017.eko irailak 14

    Comentario de Twitter:
    RT @AzkueFundazioa: ‘Euskara ikasiz, mundu bat irabazi’ aurtengo euskaltegien matrikulazio kanpainaren mezua
    https://t.co/VAdBtLTHNb https:…

Ekitaldiko kargudunak