Eu

Euskadi, ohorezko gonbidatua Fibegan, Buenos Airesen egingo den Gastronomiako Azoka Iberoamerikarrean

2017.eko irailak 13
  • Elikaduraren balio kateko Euskadiko ordezkariek hitzaldiak, sukaldaritzako erakusketak eta dastaketak egingo dituzte
  • Euskadi gonbidatu berezi aukeratzeak esan nahi du onartzen dela Euskadi erreferentea dela munduko sukaldaritzaren eta gastronomiaren panoraman
  • Azoka honek ia herrialde iberoamerikar guztietako profesionalak biltzen ditu, eta aurreikusita dago 60.000dik gora lagun bertaratzea

Euskadiko erakundeen eta profesionalen ordezkaritza bat, elikagaien ekoizpenaren eta gastronomiaren sektoreetako eragileek osatua eta Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muela buru duela, Argentinara joango da Euskadiko gastronomia eta elikaduraren sektorea sustatzeko, Gastronomiako bigarren Azoka Iberoamerikarrean – FIBEGA–, zeina irailaren 15etik 17ra egingo baita Buenos Airesen. Euskadik protagonismo bikaina du azokan, edizio honetako gonbidatu berezia baita. Stand zabala edukiko du, eta bertan Euskal Herriko eskaintza gastronomiko eta turistikoa erakutsiko du. Horrez gain, hitzaldiak emango dira eta tailerrak, ardo dastaketak eta pintxoen “show cooking”-a egingo dira.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ez ezik, ordezkaritzan ere egongo dira Andoni Luiz Aduriz, Mugaritz jatetxeko chefa; Edorta Lamo, Donostiako “A fuego nego” jatetxeko chefa; Ines Baigorri, Arabako Errioxako Upategien Elkarteko (ABRA) lehendakaria; eta Joxemari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria.

Hitzaldiak, sukaldaritza erakusketak eta dastaketak

Aurreikusitako ekintzen artean azpimarratzekoa da Isabel Muelak emango duen hitzaldia. “Euskadi-Basque Country, sukaldaritzaren arrakasta” izena du hitzaldiak, eta bertan Euskadik arrakasta gastronomiko gisa egin duen ibilbidea sakon ezagutaraziko du Isabel Muelak.

Era berean, ia egunero pintxoen hainbat “show cooking” egingo dira, Edorta Lamo chefaren eskutik, bai eta dastaketa komentatuak ere, InesBaigorri sommelierraren eskutik. Gainera, Sukaldarien Topaketa Iberoamerikarra ere egingo da azokan. Luis Aduriz sukaldari ezaguna egongo da bertan, zeina Mugaritz jatetxearen buru baita eta munduko erreferente goi mailako sukaldaritzaren berrikuntzan.

FIBEGAren bi edizio baino ez dira egin eta azoka jada oso hitzordu garrantzitsua da nazioarteko gastronomiaren eremuan; izan ere, ia herrialde iberoamerikar guztietako ekoizle, inportatzaile eta turismoko, sukaldaritzako eta horiekin harremana duten beste sektore batzuetako profesionalak biltzen ditu.  Azokak irauten duen hiru egunetan zehar, aurreikusita dago 60.000 pertsona inguru bertaratzea. Pertsona horiek aukera izango dute “usain eta zaporeetatik bidaiatzeko, eta oso eskualde desberdinetako sukaldaritza aukerak deskubritzeko, esaterako Mexikokoa, Guatemalakoa, Perukoa, Brasileko edo Euskadikoa”. Horregatik, garrantzitsua da antolatzaileek Euskadi aurtengo gonbidatu berezi aukeratu izana; izan ere, horrek esan nahi du Euskadiri aitortzen zaiola munduko sukaldaritzaren eta gastronomiaren panoraman erreferente gisa duen zeregina.

Babesa euskal elikadurari eta gastronomiari

Eusko Jaurlaritza azoka honetan presente egotea beste urrats bat gehiago da elikaduraren kate osoa eta elikaduraren goreneko espresioa, gastronomia, babesteko exekutibo autonomoa garatzen ari den estrategiaren barruan. Izan ere, aukerako lurraldetzat jotzen du –2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren RIS3 Espezializazio Adimentsurako Estrategian hala jotzen da–, bai eta Euskadiren nortasun ezaugarrietako bat ere, bai gure mugen barruan, bai munduko gainerako lekuetan.

Horregatik, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa (PEGA) bukatzen ari da, sektorearekin elkarlanean. Plana, gainera, Elikaduraren balio katearen garapenean, lehen sektoretik gastronomiara arte, aurrera egiteko legengintzaldi honetan ezarritako erronketako bat da, eta BPGd-aren %10,6 da eta enplegu zuzena ematen die ia 1.000 pertsonari Euskadin.

Garbi dago ikuspuntu turistikotik ere garrantzia duela gastronomiak, Euskal Herria bisitatzen duten turisten %40 berriro baitatoz Euskal Herrira, “sukaldaritza” argudio hartuta. Espainian hiru Michelin izar dituzten jatetxeen erdiak Euskadin daude. Guztira, 29 Izar daude Euskal Herrian 20 jatetxeren artean banatuta. Donostia, adibidez, kilometro karratuko Izar gehien duen hirietako bat da munduan, eta Euskal Herriko lau jatetxe “The world’s 50 best Restaurants” zerrendako 20. lekuan daude, munduko foodieek eta gatronomia modernoenaren zaleek gehien kontsultatzen zerrenda baita.

Era berean, FIBEGAn egoteak nazioarteratze estrategia integrala indartzen du, EUSKADI Basque Country, alegia. Herri marka bat da, zeinak gure indargune eta berezitasunetatik abiatuta aktore global, bikaintasunaren eta kohesio sozialaren erreferente eta lurralde berritzaile eta lehiakor egiten gaituen.

Asmoa da lortzea euskal gizarteak partekatzen dituen balioak, hala nola esfortzuaren kultura, konpromisoa, hobera egiteko gaitasuna, eraldaketarako bokazioa eta emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna Euskadiren irudiari lotzea eta gure aurkezpen txartela izatea nazioartean.

FIBEGA PROGRAMA

Ostirala, irailak 15

12.00 h

Azokaren inaugurazio ofiziala.

15.00 h

Pintxoen showcookinga, “A fuego negro” jatetxeko chef Edorta Lamaren eskutik.

Lekua: Euskadi-Basque Countryren standa.

17.50 h

“Euskadi-Basque Country, sukaldaritzaren arrakasta” hitzaldia, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muelaren eskutik.

Lekua: FIBEGAko auditoriuma.

19.00 h

Pintxoen showcookinga, “A fuego negro” jatetxeko chef Edorta Lamoren eskutik.

Lekua: Euskadi-Basque Countryren standa.

20.00 h

Inaugurazioko afaria, non Txakolina, Euskal Sagardoa eta Arabako Errioxako ardoak dastatzeko aukera egongo baita.

Larunbata, irailak 16

15.00 h

Pintxoen showcookinga, “A fuego negro” jatetxeko chef Edorta Lamoren eskutik.

Lekua: Euskadi-Basque Countryren standa.

17.30 h

 “Basque Culinary Center: trebakuntza, ikerkuntza eta berrikuntza gastronomian” izeneko hitzaldia, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxemari Aizegaren eskutik. Iraupena: 45’

Lekua: Auditoriuma.

19.00 h

Euskal Herriko ardoen dastaketa (arabako errioxakoak, txakolina eta sagardoa), Abrako somellier eta gerente Ines Baigorrik zuzenduta.

Lekua: Euskadi-Basque Countryren standa.

Igandea, irailak 17

13.00 h

Pintxoen showcookinga, “A fuego negro” jatetxeko chef Edorta Lamoren eskutik.

Lekua: Euskadi-Basque Countryren standa.

14.30 h

Sukaldarien Topaketa Iberoamerikarra, “Mugaritz” jatetxeko chef Andoni Luis Adurizen partaidetzarekin.

Lekua: Auditoriuma.

15.30 h

Ardoen dastaketa (arabako errioxakoak, txakolina eta sagardoa), Abrako somellier eta gerente Ines Baigorrik zuzenduta. Lekua: Euskadi-Basque Countryren standa.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Open_Govern
    2017.eko irailak 13

    Comentario de Twitter:
    Euskadi, ohorezko gonbidatua Fibegan, Buenos Airesen egingo den Gastronomiako Azoka Iberoamerikarrean https://t.co/9QwYYPby1l

  • @Open_Govern
    2017.eko irailak 13

    Comentario de Twitter:
    Euskadi, invitado de honor en Fibega, Feria Iberoamericana de Gastronomía que se celebrará en Buenos Aires https://t.co/6D9YwusIgG

Ekitaldiko kargudunak