Eu

Lanbidek enpresei enplegua sortzeko adorea eman nahi die euren beharretara egokitutako lau laguntza-programaren bidez

2017.eko irailak 14
  • Gutun bidez, informazioa igorri die 20 langiletik gorako Autonomia Erkidegoko 4.700 enpresari
  • Eusko Jaurlaritzak 6,41 milioi euroko zuzkidura egin du laguntza-deialdietan Lehen Aukerarako, txanda-kontraturako eta atzerrian lantokiak dituzten EAEko enpresentzako bi kontratazio-programatarako
  • Beatriz Artolazabal: “enpresen beharretara hobekien moldatzen diren profil profesionalak igortzen saiatzen gara”

Vitoria-Gasteiz, 2017/09/14

Lanbidek aste honetan gutun bat bidali die Euskal Autonomia Erkidego 20 langiletik gorako plantilla duten 4.700 bat enpresari. Gutunean, enpresen arduradunei adorea ematen die talentu berriak (gehienbat gazteak) kontrata ditzaten, uda honetan onartutako lau laguntza-programa hauen bidez: Lehen Aukera, txanda-kontratua eta atzerrian lantokiak dituzten enpresentzako bi kontratazio-programa.

 

Horiez gainera, EAEko enpresa-parkeko gainerako enpresek ere jaso ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzak, Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatuta, eskaintzen dituen diru-laguntzak.

 

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duenez: “laguntzak guztira 6,41 milioi eurokoak dira eta, zalantzarik gabe, pizgarri bat dira gazteen kontratazioa bultzatzeko; baina, zenbatekoa bezain garrantzitsua da programa horiek enpresen egungo eskakizunetara egokitzen direla”. “Enpresen beharretara hobekien moldatzen diren profil profesionalak igortzen saiatzen gara”, gehitu du Artolazabalek.

 

Lehen Aukera programak 4 milioi euroko zuzkidura du, eta helburu du lehen lan-esperientzia bat eskaintzea 30 urtetik beherako gazteei. Lanbidek enpresei laguntzak eskaintzen dizkie enplegu garbia sortzea dakarten kontratu mugagabeak sinatzeagatik, baita sei eta hamabi hilabete arteko iraupeneko praktiketako kontratuak sinatzeagatik ere.

 

Lehenengo modalitatean, diru-laguntza 8.360 euro artekoa izan daiteke, eta bigarren modalitatean, berriz, 4.950 euro artekoa. Bestalde, langilearentzako urteko gutxieneko ordainsariak 11.200 eta 18.000 euro artekoa izan behar du, haren titulazioaren arabera.

 

Bigarren programak milioi bat euroko laguntza ematen du atzerrian lantokiak dituzten EAEko enpresek 35 urtetik beherako langabeak praktiketan kontratatzeagatik. Praktiketako kontratuak gutxienez 12 hilabete iraungo ditu (horietatik 6 kanpoan), eta diru-laguntzaren zenbatekoa 11.800 eta 13.100 euro artekoa izango da, kontratatutako pertsonaren titulazioa kontuan izanda.

 

Aurreko programaren aldaera batek 400.000 euroko zuzkidura du atzerrian lantokiak dituzten EAEko enpresek 35 urtetik gorako langabeak kontratatzeko. Kasu horretan, langabezian dauden lan-esperientziadunak dira helburu. Diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu egiten da adinaren arabera: 22.250 euro, kontratatutako pertsona 35 eta 49 urte artekoa bada, eta 22.500 euro, 50 urtetik gorakoa bada.

 

Enpresei bidalitako idatzian, Lanbidek beste neurri bat sustatu du enplegua bultzatzeko: txanda-kontratua. Kontratu modalitate horretarako milioi bat euroko laguntzak gaitu dira, eta helburu du erretiro partziala hartzen duen langilearen ordez lanaldi osoz kontratatutako 30 urtetik beherako bat kontratatzea. Kontratu horrek mugagabea izan behar du hasieratik, edota txandakatutako pertsonak erretiroa hartzen duenean berori mugagabe bihurtzeko konpromisoa hartu behar da.  Modalitate horretako laguntzen zenbatekoa 6.000 euro da kontratatutako pertsonako.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2017.eko irailak 15

    Comentario de Twitter:
    Lanbide anima a las empresas a crear empleo a través de cuatro programas de ayudas adaptados a sus necesidades https://t.co/enq6KHHOHD

  • @Gestion_Local
    2017.eko irailak 14

    Comentario de Twitter:
    .lanbideejgv anima a las empresas a crear empleo a través de 4 programas de ayudas adaptados a sus necesidades https://t.co/Zydvxk14h6  … …

  • @Bank_Practices
    2017.eko irailak 14

    Comentario de Twitter:
    .lanbideejgv anima a las empresas a crear empleo a través de 4 programas de ayudas adaptados a sus necesidades https://t.co/oWnUZxijyU  … …

  • @Open_Govern
    2017.eko irailak 14

    Comentario de Twitter:
    .lanbideejgv anima a las empresas a crear empleo a través de 4 programas de ayudas adaptados a sus necesidades https://t.co/oHfdxrNiq9

Ekitaldiko kargudunak