Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzaren gomendioak Athleticeko zaleei, osteguneko Hertha BSCaren kontrako partida dela eta

2017.eko irailak 12

Espero da 700 zale Berlinera bidaiatzea Europa Leagueko partida ikustera

Datorren ostegunean, irailaren 14an, Berlingo Olympiastadion estadioan, Hertha BSCaren eta Athleticen arteko partida dela eta, Ertzaintzak zenbait gomendio eta aholku egin nahi die zale zuri-gorriei. Alemaniara, Europa Leagueko partida ikustera, joango diren Athleticeko 700 zaleen segurtasuna bermatzea da helburua. Ertzaintzako bi agente ere Berlinera joango dira, bertako polizia-arduradunekin euskal zaleen segurtasunerako eta laguntzarako neurriak koordinatzeko.

Azken aste hauetan Ertzaintza harremanetan izan da, eta informazioa trukatu du, Alemaniako poliziarekin, datorren ostegunean Berlinen jokatuko den partidarako segurtasun-neurriak koordinatzeko. Ondorio horretarako, Ertzaintzako bi agentek aurrea hartuko diete Olympiastadioneko partida ikusteko bidaia egingo duten Athleticeko zaleei —aurreikuspenen arabera 700 zale espero dira—.Koordinazioa izango da bi ertzain horien egitekoa, eta Alemaniako poliziaren eta zale zuri-gorrien arteko lotura izango dira.

Alemaniako poliziak Ertzaintzari helarazitako jarraibideen artean nabarmentzen dira estadioaren sarbideetan aplikatu beharreko segurtasun-neurri zorrotzekin lotzen direnak. Hori dela eta, behar besteko aurrerapenez iristea eskatzen dute, ezarritako onarpen-kontrol handiak zeharkatzeko.  

Estadiora sartzeari eta estadiotik irteteari dagokionez, zaleei gomendatzen zaie Olympischer Platz plazako aparkalekua saihestea (bertako zaleen sarrera) eta, ahal den heinean, Passenheimer Str. kaleko aparkalekua erabiltzea. Autobus antolatuan iristen diren zaleek Jesse-Owens-Allee hiribidean aparkatu ahal izango dute. Erradio horretan dago, halaber, S-Bahn Olympiastadion tren-geltokia, eta bertara zuzenean iristen da hirigunetik, S-Bahn S 5 edo S 75 tren-lineen bidez. Bisitarien sarrera Coubertinplatz plazan dago, eta estadiora soilik Hegoaldeko atetik sartu ahal izango dira, 19:00etatik aurrera. Ezin izango dute beste ate batzuetatik sartu.

Kasu jakin batzuetan, beharrezkoa izan daiteke zale-talde handiek poliziaren babesa izatea alboetatik, haien segurtasuna bermatzeko eta taldeen arteko zaleak bereizteko.

Bestalde, nabarmendu dute ez dagoela baimenduta estadiora sartzea DIN A4 orri bat baino handiagoak diren poltsekin edo motxilekin; edonola ere, objektu horiek estadiora sartu aurretik gordetzeko aukera izango da.

Era berean, zaleei gomendatzen zaie edozein gorabeherarik izanez gero, klubeko arduradunekin harremanetan jartzea, klubeko ordezkariek harreman zuzena baitute polizia-bitartekariekin. Era berean, dei berezia egin diete zaleei indarkeria-ekintzak eragin ditzaketen pertsonengandik argi urruntzeko, haien jarrerak zehaztuko baititu polizia-ekintzak.     

Argibide eta gomendio horiei guztiei Ertzaintzak egiten dituen gomendioak gehitzen zaizkie, eta zaleei helarazi nahi zaizkie guztiak. Berlingo estadioaren arauen arabera, alkoholaren eraginpean egotearen zantzu argiak dituzten pertsonak ezin izango dira estadioan sartu. Estadiora sartzeko aukera uka diezaiekete zaintza-zerbitzuak.

Gogorarazi nahi da debekatuta dagoela material piroteknikoa eramatea eta erabiltzea, baita lesioak eragin ditzakeen beste edozein objektu ere. Guztiz debekatuta dago estadiora horrelakoak sartzea.  Segurtasuna tarteko, zaintza-zerbitzuak ikuskapen handiak egingo ditu estadioaren sarreran, leihatilak irekitzen direnetik partidaren hasierara arte.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Open_Govern
    2017.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    Recomendaciones de ertzaintzaEJGV a la afición del AthleticClub ante el partido del jueves contra el Hertha BSC https://t.co/3cmFpXpDyp

Komunikabideek behera kargatzeko