Berriak Hezkuntza
qrcode

42 milioi euro Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroen finantziaziorako, 2018-2021 aldian (Gobernu Bilera 2017-09-12)

2017-09-12
  • Hezkuntza Sailak bi milioi euroan handitu du finantziazioa, 2014-2017 aldirekin alderatuta
  • Diru-laguntzak jasoko dituzten zentroek zientzia-dibulgazio eta transferentzia Plan bana aurkeztu beharko dute
  • Bikaintasunera bideratuo da gutxienik arrekontuaren %40 

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2018-2021 aldian Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroei (BERC deiturikoei) diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituen agindua. Hezkuntza Sailak 42 milioi euro bideratzen ditu laguntza horietarako, aurreko lau urteko deialdian baino 2 milioi euro gehiago (2014-2017 aldia izan zen aurrekoa). 

Diru-laguntza hauen bidez lehen mailako ikerketa zientifikoa sustatu nahi da, Euskadin ikerketa zientifiko eta teknologikoaren kalitatea areagotzeko, batetik, eta estrategikotzat jotako espezializazio zientifikoko arloetan nazioartean ezagutza lortu duten ikertzaileak erakartzeko asmoz, bestetik. Arlo horiek egiten den ikerketaren bikaintasuna eta nazioarteko eragina katalizatuko dituzte. Horregatik, ekimen honek harreman estua du Ikerbasque Fundazioak  Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistematik kanpoko ikertzaileak erakartzeko egiten duen lanarekin. 

Deialdi honek, lehen aldiz, bikaintasunezko ikerketan mundu mailako erreferentzia izango den zentro bat edo gehiago eratzeko berariazko finantziazioa jasotzen du, deialdiaren aurrekontuaren %10 ekimen horri eskainiz. 

Diru-laguntza hauek, beraz, BERCen garapenari laguntzea dute helburu, haien jarduera ez ekonomikoari finantziazioa eskainiz, proposamenen eta emaitzen ebaluazioaren bidez. Diru-laguntza jasotzen duten ikerketa zentroek, besteak beste, honako gastu hauei aurre egitek erabili ahal izango dituzte laguntza ekonomikoak: pertsonal gastuak, ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu, hobetu edo alokatzeko, material suntsikorren hornidurarako, edo jarduera zientifikoak antolatzeko. 

Ikerbasque Fundazioa, erakunde laguntzaile denez, diru-laguntza hauen kudeaketaz arduratuko da. Beste zenbait eginkizunen artean, zentroek aurkezturiko proposamenen ebaluazioa burutuko du, bai eta lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa ere.  

Zientzia-dibulgaziorako plana

BERC zentroek Euskadiko zientzia-dibulgazio politiketan erreferentziazko eragile izan behar dutenez, deialdi berri honek badakar beste berritasun bat ere, aurrez aipaturiko aurrekontu igoeraz gain: erakunde onuradunek zientzia-dibulgazio eta transferentzia Plan bana aurkeztu beharko dute. Neurri hau mesedegarri gertatuko da gizartean zientziaz den ezagutza areagotzeko, eta ikerketara bideratzen diren bitarteko publikoak zertarako erabiltzen diren ezagutaraziko zaizkie herritarrei. Era berean, 2018-2021 aldi berrian, elkarte onuradunek nazioartekotze eta berdintasun plan bana ere aurkeztu beharko dituzte. 

Zientzia bikaintasunezko esparruan ikerketa berritzailea sustatzeko helburuarekin bat eginez, deialdi honetan bikaintasunera bideratutako finantziazioa aurrekontuaren %40koa izango da gutxienik. Ondorioz, gainerako %60 bideratuko da gehienez BERC zentroen egitura finantzatzera. Aurreko deialdietan %75 bideratzen zen egituraren finantziaziorako, eta %25 bikaintasunerako. 

BERC. Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak

Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak (Basque Excellence Research Centres- BERC)  Euskadirako  interes zientifikoko eremuetan ezagutza sortzeko egiturak dira eta ikerketaren bikaintasuna dute ezaugarri. Zentro hauek Euskal Unibertsitate Sisteman eta Euskadin burutzen den ikerketa zientifiko guztian puntako izateko sortuak dira, bai eta Europako jakintzagune izan daitezen ere, mundu zabalean dauden beste zentro batzuekin loturik. 

BERC zentroak eratu eta martxan jarri ondoren, Euskadiko unibertsitateetako eta beste I+G+b zentro batzuetako ikertzaileekin elkarlanerako mekanismoak ezartzen dituzte, honela ikerketarako duten gaitasuna nahi lehiakortasuna bultzatuz.  

Egun, honako hauek dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean BERC kategorian –eta Hezkuntza Sailaren menpe-  aurki ditzakegun zentroak:

-Achucarro - Basque Center for Neuroscience

-BC3 – Basque Centre for Climate Change

-BCAM – Basque Center for Applied Mathematics

-BCBL – Basque Center on Cognition, Brain and Language

-BCMATERIALS – Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures

-DIPC- Donostia International Physics Center

-FBB -  Bizkaia Biofisika Fundazioa

-MPC – Materials Physics Center

-POLYMAT – Basque Center for Macromolecular Design and Engineering 

Gaur egun, zentro hauek 500 ikertzaile inguru dituzte lanean, BERCaren ikertzaile esklusiboak eta atxikitako langileak batuta (Euskal Unibertsitate Sistemako langileak, UPV/EHUkoak, zentroarekin ikertzaile gisa lankidetza estuan ari direnak). Zentro hauen produkzio zientifikoari dagokionez, 2016an Euskadiko BERC zentroek 780 artikulu publikatu zituzten aldizkari indexatuetan. Kopuru hori dagoeneko Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sistema osoaren produkzio zientifikoaren %15 da, eta zentro hauek sisteman duten gero eta pisu handiagoaren erakusle. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko