Eu

Euskadi #porelclima komunitateari atxikitzeko proposamena, pertsona, enpresa, erakunde eta administrazio publikoen ekimen aitzindaria klima-aldaketaren aurkako borrokan (Gobernu bilera 2017-09-12)

2017.eko irailak 12
  • Klima-aldaketaren aurkako borroka Euskadin

Euskadi herrialde konprometitua da klima-aldaketaren aurkako borrokarekin. Europar Batasuneko guztizko emisioen ekarpen txikia da gurea, % 0,5 eskas, baina Euskal Autonomia Erkidegoak deskarbonizazioarekin duen konpromisoa irmoa da, Eusko Jaurlaritzaren Klima-aldaketaren Estrategia-Klima 2050 estrategiak, 2015eko ekainaren 2an onartuak, erakusten duen bezala. 

Estrategia zeharkako tresna da eta Eusko Jaurlaritzako sail guztien artean koordinatua, eta hiru lurralde historikoen eta horien udalerrien mailan bultzatzen ari diren politikekin lotua. Haren helburu nagusiak dira berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak 2030. urtean gutxienez % 40 murriztea 2005eko balioen aldean, eta 2050erako BEGen emisioak gutxienez % 70 murriztea, horiek ere 2005ekoen aldean. 

Eusko Jaurlaritzan uste dugu klima-aldaketa erronka izugarria dela eta maila administratibo guztietan gobernantza eraginkor batetik hel dakiokeela.  Nazioarteko politikak, nazionalak, eskualdekoak eta udalekoak beren artean koherenteak izatea lortu nahi da, ahaztu gabe elkarren osagarriak direla esparru bakoitzean dauden erantzukizunen barruan. 

Hain zuzen, klima-aldaketari buruzko Pariseko Akordioak aitortzen du azpiestatuko erabaki-esparruek zer zeregin duten munduak egin behar duen eraldaketan, planetaren tenperatura-gehikuntza 2º C-tik behera mantendu nahi badugu. 

Horren erakusgarri dira agertu diren ekimen ugariak: lankidetzakoak, jardunbide egokiak trukatzekoak edo emisioen inbentarioa egitekoak, hala nola Network of Regional Governments for Sustainable Development-NRG4SD, The Climate Group, ICLEI, Carbon Disclosure Project (CDP), The Compact of Regions, The Covennant of Mayors edo The Compact of Mayors. Horiek guztiak informazio-trukeari eta eskualdeen, udalen edo gizarte zibilaren esparruko lankidetzari begira daude. Euskal Autonomia Erkidegoak modu aktiboan hartzen du parte ekimen horietan Eusko Jaurlaritzaren eta Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea-Udalsarea 21en bidez. 

Erantzukizun eta konpromiso konpartituen testuinguru horretan planteatzen da Euskadi #PorElClima Komunitateari atxikitzea. Ekintza-plataforma bat da hori, Pariseko Akordioa inplementatzeko eta akordioa osatzen duten Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetatik (GIH) 13.a lortzeko. 

  • Zer da #PorElClima Komunitatea?

#PorElClima Komunitatea aurreko COP22 klimaren gailurrean onartutako Marrakex-eko Aliantzatik sortu da eta beste urrats bat da Pariseko Tratatuaren ondoren. Haren helburua da gizarte zibilari ekintzara dei egitea, berotze globalari aurre egiteko abian jartzen ari diren ekintzak arintzeko bide-orri baten bidez. 

Fundación Ecología y Desarrollo (ECODES) da #PorElClima Komunitatearen buru, eta ekimena bultzatzen duen taldeak partaide hauek ditu: Oficina Española de Cambio Climático, Fundación Biodiversidad, Asociación Española del Pacto Mundial, Grupo Español de Crecimiento Verde, Gurutze Gorria, WWF eta SEO-Birdlife. 

Horrela, #PorElClima Ekintza-komunitateak Estatu osoko enpresa, erakunde, administrazio publiko eta herritar berritzaile, erantzunkide eta proaktiboenen topagunea izan nahi du. Gizartearen klimaren aldeko ekintza ikusgai egin nahi du, aktore berrien atxikipenak bilatuz eta lurralde osoan ekintzaren mobilizazioan lagunduz eta hura erraztuz. 2016ko azken hiruhilekoan abian jarritako ekimen hau, gainera, Nazio Batuen garapen iraunkorreko helburuak lortzea sustatzeko da, zehazki 13. GIH, klimaren aldeko ekintza, klima-aldaketa gelditzeko hezkuntza, sentsibilizazioa eta ekintzak inplementatzea hobetuta. 

Eusko Jaurlaritza #PorElClima Komunitateari atxikita, bultzada berria eman nahi zaio eragile publikoek eta pribatuek eta oro har euskal herritarrek klima-aldaketaren aurkako borrokarekin eta haren ondorioetara egokitzearekin duten benetako konpromisoari. 

  • Konpromisoak

Hartutako konpromisoak, Klima 2050 estrategian jasotakoen ildotik, bost puntu hauetan oinarritzen dira: 

  1. Zeharkako ekintza: klima-aldaketa arintzea eta hartara egokitzea plangintza publikoan integratzea.
  1. Ereduzko administrazioa: Administrazioaren ekintza eredu-emailea eta koordinatua bultzatzea, karbono gutxiko eta egokitutako gizarte baterako eraldaketa lortzeko.
  2. Berrikuntza eta aukerak: berrikuntza eta garapen teknologikoa sostengatzea BEGen emisioak sektore guztietan murrizteko, eta lurraldeak klima-aldaketaren aurrean duen ahultasuna murriztea.
  3. Zero emisioak kultura: arintze- eta egokitze-ekintzetan euskal eragile guztien erantzunkidetasuna erraztea.
  1. Eraldatzeko jakitea: klima-aldaketari buruzko ezagutza erabakiak hartzeari egokitzea. 

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak #PorElClima Komunitateari atxikitzea erabaki du. Ekimen aitzindaria, helburu komun batekin batzen diren pertsona, enpresa, erakunde eta administrazio publikoena: klima-aldaketaren aurkako ekintzaren protagonista izatea Pariseko Akordioarekin ezarritako gidalerroen arabera. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IngurumenEJGV
    2017.eko irailak 13

    Comentario de Twitter:
    Propuesta de adhesión de Euskadi a la Comunidad #porelclima, una iniciativa pionera de personas, empresas,... https://t.co/bZ9IptQFEQ

Komunikabideek behera kargatzeko