Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegiaren aurrean defendatu du 12/2016 Legearen, biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoaren legezkotasun osoa (Gobernu Bilera 2017-09-12)

2017.eko irailak 12
  • Espainiako Gobernuak 12/2016 Legearen aurka aurkeztutako helegitearen aurka Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako alegazio nagusien laburpena 
  • Aurkaratutako artikuluen kautelazko etendura baliogabetzea eskatzen du eta horien legezko bat-etortzea mantentzen du, biktimen errekonozimendua eta erreparazioa esparru administratiboan islatzen delako eta ez penalean

12/2016 Legea, uztailaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 artean indarkeria politikoko egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazio ematekoa, 2016ko abuztuaren 10eko EHAAn argitaratu zen. 2017ko maiatzaren 10ean konstituzio-kontrakotasuneko helegitea jartzeko epea amaitu zen. Maiatzaren 5eko Ministro Kontseiluak hura jartzea erabaki zuen.

Estatuko administrazioak aurkeztutako helegiteak Espainiako Konstituzioaren 161.2 artikulua argudiatu zuen artikulu jakin batzuk automatikoki eteteko. Zehazki, 2.3 eta 2.4 artikuluak azken tartekiari dagokionez; 4.2 c) artikulua; 7.1 artikulua; 14.1 artikulua azken tartekiari dagokionez; 14.2 artikuluaren c), d) eta e) letrak; 14.4 artikulua; 14.7 artikulua; 14.8 artikulua; 14.9 artikulua; 15. artikulua, eta seigarren xedapen gehigarria.

Legearen artikulu horiek etenda daude Konstituzio Auzitegiak etendura horretaz iritzia eman artean, 5 hileko epean gertatu behar dena. Hots, urriaren 10a baino lehen. Hala ere, ez dago epe jakinik goi-auzitegiak helegitearen funtsari buruz bere ebazpena eman dezan. Ohikoena da bi urte baino lehen ez gertatzea.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak, epean eta forman, alegazioak aurkeztu ditu helegitearen aurka, eta aurkaratutako artikuluen kautelazko etendura kentzea eskatu du. Alegazio-dokumentuak ondorioztatzen duenez, legeak jasotzen ez dituen enuntziatu arauemaileak legeari esleituta eraikitzen dira helegitearen argudioak. Hiru tesi nagusi defendatzen ditu: legea nazioarteko zuzenbidearen eskakizunekin bat etortzea; arauaren konstituzionaltasuna eta segurtasun juridiko osoa, eta EAEren eskumena lege hori sustatzeko.

  • GIZA ESKUBIDEAK ETA BIKTIMAK BABESTEAREN ARLOKO NAZIOARTEKO TRATATU ETA AKORDIOETATIK DATORREN DOKTRINAN OINARRITZEN DA LEGEA

Biktimen eskubideak giza eskubideen gune gogorraren zati dira. Nazioarteko tratatuek, hitzarmenek edo ebazpenek estatu guztiak lotzen dituzte eta betebehar argiak ezartzen dituzte haientzat. Nazioarteko arauetan jasotako erreparazio-sistemek giza eskubideen urraketak beti modu judizialean argitzeko zailtasuna aurreikusten dute. Horregatik aurreikusten dute, espresuki, biktimen errekonozimendua eta erreparazioa prozedura administratiboen bidez, “urraketaren egilea identifikatu, atxilotu, epaitu edo kondenatu den gorabehera” (Nazio Batuen 60/147 Ebazpenaren 9. artikulua).

  • BIKTIMEN ERREKONOZIMENDUA ETA ERREPARAZIOA 12/2016 LEGEAREN XEDEA DA, ZUZENBIDEZKO ESTATU BATEN BEREZKO ESKAKIZUNETAN TXERTATZEN DEN HELBURU BAT

Lege honek errekonozitu eta erreparatu nahi dituen biktimak badaudela modu objektiboan egiaztatu da txostenetan, argitaratutako informazioetan edo instantzia akademiko eta adituetan. Errekonozitu eta erreparatu ez diren giza eskubideen urraketa larriak izan direla jakinik, agindu etikoa eta demokratikoa da haiek errekonozitzeko eta erreparatzeko tresna bat sortzea. Biktimak artatzea zuzenbidezko estatuarekiko konpromiso demokratikoaren adierazpidea da.Lege hau 107/2012 Dekretuarekin sortutako politikaren jarraipena da. Orain Legearen aurka egiten diren gaitzespenik gabe abian jarri zen arau bat.

Helegiteak dio biktima-izaera lortzeko jarduketa judizial bat edo Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen txosten bat egon behar dela. Alegazioetan frogatzen da ebazpen judizial irmoa aurkeztea ez dela eskubide baten urraketa egiaztatzeko era bakarra. Izan ere, badira legeak indarrean, kasu bakoitzean eskatutako eskakizunen egiaztapena espresuki aurreikusten dutenak, zuzenbidean onargarriak diren beste froga mota batzuen bidez.

  • LEGE HAU EMATEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ESKUMENA EZTABAIDAEZINA DA

Espainiako Gobernuak artikulu guztiak baliogabetu nahi ditu, argitu gabe arauaren zer aginduk gainditzen dituzten eskumen autonomikoak.Legearen aurreikuspenak, bereziki ordaina emateko direnak, argi txertatzen dira gizarte-zerbitzuen esparruan, prestazioen biztanleria onuradunean benetako egoera edo gabezia bati erantzuten baitiote, eta hura errekonozitu eta arindu nahi da.

Euskal botere publikoak, beren eskumenaren esparruan, behartuta daude herritarren funtsezko eskubide eta betebeharren erabilera egokia zaintzera eta bermatzera (EAEAE 9.2 artikulua eta EK 9.2 artikulua). Hori oinarri hartuta, hiru dira Euskal Autonomia Erkidegoak lege hau emateko duen eskumen eztabaidaezina baieztatzen duten eskumen-tituluak: Gizarte-laguntza (EAEAE 10.12 artikulua), Osasuna (EAEAE 18. artikulua) eta gizarte-garapenari dagokiona (EAEAE 10.39 artikulua).

  • EZ DAGO JURISDIKZIO ESKUMENEN INBASIORIK. LEGEAREN HELBURUA ERREKONOZIMENDUA ETA ERREPARAZIOA DA, EZ ZIGORRA

Estatuak formulatzen duen jurisdikzio-eskumenen inbasioaren tesiak ez du aurkaratutako legearen literaltasunaren berri.Legeak ez du oztopatzen zigor-arloko prozesua eta ez du ezartzen inolako zehatzeko ahalik giza eskubideen urraketa sortu duten ekintzen aurka.Haren helburua ez da egitateak delitu gisa kalifikatzea ere, ezta horien egiletza finkatzea ere. Artikuluetan ez dago horri buruzko inolako erreferentziarik.

Ez da hori bakarrik; Balorazio Batzordeari dagokionez, Legeak espresuki hartzen ditu honelako kautelak: une oro bermatzea espedienteetan islatuta ager daitezkeen hirugarren pertsonen eskubideak (4.2.d artikulua); bide judizialari komunikatzea preskribatu gabeko espedienteak (7.2.b artikulua); jarduketa oro etetea, egitateei buruz kausa judizial edo administratibo irekiak daudela jakiten bada (14.5 artikulua), eta datuen babeserako eskubidea babestea administrazio publikoen artean lankidetza gertatzen denean (14.2.c artikulua). Legean aurreikusitako prozedura administratiboaren erregulazioak jurisdikzio penalaren nagusitasuna errespetatzen du, eta biktimen errekonozimendura eta erreparaziora mugatzen da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko