Berriak Hezkuntza
Eu

Adolfo Moraisek Ikerbasquek antolaturiko workshop saioan parte hartuko du

2017.eko irailak 08
  • Mundu osoko eta jakintza-arko desberdinetako ikertzaileek ehun bat proposamen zehaztu dituzte, datozen urteotan euskal ikerketa hobetu ahal izateko.
  • Jardunaldian Pedro Miguel Etxenike DIPCko Presidenteak eta Andreu Mas-Colell, BISTeko (Barcelona Institute of Science and Thecnology) Presidente eta ICREAren bultzatzaileak parte hartu dute. ICREA eta Ikerbasque Estatuko erakunderik garrantzitsuenak dira Europa mailako zientzialariak erakartzeko ahaleginean.
  • Jardunaldiaren ondorioak IKERBASQUEk erabili ahal izango ditu 2018-2021 Plan Estrategikoa lantzeko.

Ikerbasquek Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko kontratatuak dituen nazioarteko 115 ikertzaile bildu dira gaur goizean Bilbon, datozen lau urteotan Zientzia Euskadin sustatzea xede duten ehun bat proposamen zehatz identifikatzeko asmoz.

Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea arduratu da jardunaldiari hasiera emateaz, eta ondoren, mundu mailako lehen lerroko bi zientzialariren arteko eztabaida entzuteko aukera izan da: Pedro Miguel Etxenike, DIPCeko (Donostia International Physics Center) Presidentea, eta Andreu Mas-Colell, ERCko (Europako Ikerketa Kontseilua, ingelesezko siglen arabera) lehen presidentea, ICREAren bultzatzailea eta BISTeko (Barcelona Institute of Science and Thecnology) egungo presidentea. Moraisen esanetan, “Kataluniak ikerketa bultzatzeko ahaleginean lortutako esperientzia eredugarria da Euskadirentzat”.

Pedro Miguel Etxenikek eta Andreu Mas-Colell-ek, zientzialari eta zientzia-kudeatzaile bezala duten ikuspegitik abiatuta eta nazioarteko panorama zientifikoaren gaineko ezagutzan oinarrituta, zientziaren Euskadiko etorkizunari buruz hitz egin dute, eta zehazkiago esanda, Ikerbasquek haien ustez datozen urteotan jarraitu beharko lukeen norabideari buruz.

Jarraian, Ikerbasqueko ikertzaileek, hainbat lan-taldetan banatuta eta nazioarteko ikerketan bildu duten esperientzia zabalaz eta Euskadiko egitura zientifikoaren gaineko ezagutzaz baliatuta, datozen urteotan ikerketa eta Ikerbasque bultza ditzaketen ideia garrantzitsuak, bideragarriak eta eragin positibokoak identifikatu dituzte.

ICREA eta Ikerbasque Estatuko erakunderik garrantzitsuenak dira nazioarteko zientzialariak erakartzeko ahaleginean. ICREAk 250 ikertzaile baino gehiago erakarri ditu Kataluniara 15 urteko ibilbidean. Ikerbasquek, aldiz, jardunean egin dituen 10 urteotan, 215 ikertzaile erakarri ditu Euskadira. Bi erakundeok eredu arrakastatsutzat jotzen dira, maila goreneko zientzialariei aukerak eskaintzeari dagokionez. Fernando Cossio Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoaren hitzetan, “Ikerbasque eta ICREA izeneko Kataluniako kidea Europa mailako erreferente bihurtu dira zientzialariak erakatzeko ahaleginean”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Miguel Etxenike; Andreu Mas-Collel; Fernando Cossío