Eu

ETSk Topoaren Lugaritz-Mirakontxa tartea esleitu du 38 milioi euroren truke

2017.eko irailak 07

 Moyua, Viuda de Sainz eta Comsa enpresek osatutako ABEEak 46 hilabete ditu lanak amaitzeko

Euskal Trenbide Sarearen, euskal trenbide administratzailearen, kontratazio mahaiak Donostiako Topoaren Lugaritz-Mirakontxa tartearen lanak esleitu dizkio gaur goizean Moyua, Viuda de Sainz eta Comsa enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (ABEE), 38,1 milioiren truke. Udazken honetan hasiko diren lanak 46 hilabeteko epean amaitu beharko dira.

Lugaritz-Mirakontxa bide-zatia, 2,1 kilometroko luzera izango duena, bide bikoitzeko tune bat izango da, lurpeko geltoki batekin: Bentaberri. Lugaritzetik Amarara doan oraingo tunelarekin lotzeko obrarekin hasiera emango zaio tunel berriari, Lugaritz geltokia utzita ehun bat metrotara. Lotune horren ondoren, Topoaren trazatu berria zabalduko da ipar-mendebalderako noranzkoan, kurban eta kontrakurban egongo den beheranzko trazatu baten ondoren leizera helduko dena, Bentaberri geltoki berriaren kokalekua, alegia.

Leize horrek, arrokan hondeatuak eta estaliak, Intxaurrondon eta Altzan duela gutxi eraikitako ETS geltokien eran, alboko nasak izango ditu –81 metro luze–, goragoko maila edo mezanina bat, erabiltzaile guztiek nahitaez erabiliko dutena bai nasetara heltzeko bidean bai kanpoalderako irteerako bidean, baita geltokiko zerbitzurako beharrezko gune teknikoak ere. Leizea Seminarioko mendi-hegalaren pean kokatuko da, Bentaberri auzoarekin mugakide duen isurialdean, eta gainazalarekiko bere sakonera 21 metrokoa izango da.

Bentaberri geltokiak bi sarbide-kanoi izango ditu: bata Bertsolari Xalbador eta Pedro Manuel Ugartemendia kaleen arteko elkargunean eta bestea Bentaberri enparantzan, Antiguo (Matia kalearen bukaera) eta Bentaberri auzoen mugan. Gainera, konexio-igogailu bat izango du Zarautz hiribideko 35. zenbakiaren aurrean.

 Lehen bide-zatia gauzatzeko bi eraso-arrapala daude proiektatuta, haietatik makineria sartzeko. Lehenak Zarautz kalean du sarbidea, geltokiaren hegoaldean. Bigarrenak Sanserreka pasealekuaren azpiko ezpondan du ahokatzea, Pio Baroja pasealekuaren 47. zenbakiaren aurrean. Azken hori izango da, behin lanak amaitutakoan, larrialdietarako irteera eta haizeztatzeko galeria. Aurretik, gune sentikorretan kokatuta dauden eraikinen beharrezko ikuskapena egingo da haien oraingo egoera ziurtatzeko eta lanak amaitzean alteraziorik izan ez dela bermatzeko. Eta halakorik gertatuz gero, dagozkien birjartze-lanei ekingo zaie.

Topoaren tren-saihesbideak, Lugaritz eta Morlans artean, 4,2 km-ko luzera izango du. Azpiegitura berriak, bere exekuziorako bi bide-zatitan banatuko denak, metro-sistema batez hornituko du Donostiako erdialdea, zerbitzua eskainiko dio Antiguo-Unibertsitateak eremuari eta Amarako geltokiak gaur egun adierazten duen zaku-hondoa kenduko du.

Mirakontxa-Easo zatiak, gaur egun lehiaketan dagoena, bi kilometro inguruko luzerarekin, Kontxa eta Easo –Amarako oraingoaren ordez– geltokien eraikuntza hartzen du barnean, biak lurpekoak izango direlarik. Jarduketa horrek oraingo trenbide-lubakia eta trenbide-hondartza kentzea ahalbidetuko du eta beraz 21.000 metro karratu gehiago izango ditu azalerak, herritarrek erabili eta gozatzeko.

Donostian erabiliko den eraikuntza-prozedura Intxaurrondo eta Altza geltokietako duela gutxiko lanetan erabilitakoaren berdintsua izango da, hau da, galeria-tunela indusketa bidez.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @satorralaia
    2017.eko irailak 08

    Comentario de Twitter:
    ETS adjudica el tramo Lugaritz Miraconcha del topo por 38 millones de euros https://t.co/qtNLOxahA4 #adjudicacionesenMarcha #MetroariEZ

Ekitaldiko kargudunak