Berriak Hezkuntza
qrcode

Cristina Uriartek hasiera eman dio 2017-2018 ikasturteari

2017-09-07

Hezkuntza sailburuak hezkuntzarako akordioa erdiestea nabarmendu du ikasturte berrirako erronka nagusi

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 2017-2018 ikasturteari hasiera ofiziala eman dio gaur goizez, Gasteizko Angel Ganivet Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxean. Zentro honen bi eraikinetan bisita labur bat egin ondoren, ikasturte hasiera honetako daturik esanguratsuenak ezagutarazi ditu sailburuak, dakartzan berritasun nagusiekin batera.

374.878 ikasle hasi dira dagoeneko ikasgeletara joaten Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikasketa mailetan. Datu honek igoera arin bat dakar (%0,46koa) iazkoarekin alderatuta. Hala ere, Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-2 urte) jaitsiera gertatu da aurten ere, bi puntu pasatxoko jaitsiera, azken urteetako jaiotzen beherakadaren ondorio. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan ere (2-5 urte) matrikula beherakadak jarraitzen du: aurreko ikasturtean baino %2,7 gutxiago dira aurten.

Euskadiko familiek aukeratzen duten hezkuntza sareari dagokionez berriz, publikoa eta itunpekoaren arteko orekak jarraitzen du ezaugarri nagusi izaten. Ikasleen %50,8k sare publikoan ikasten dute, eta gainerako %49,2k itunpekoan. Hizkuntza ereduei begiratuta, D eredua da ikasleek gehien eskatzen dutena. Haur Hezkuntzan, ikasleen %78,9k D eredua aukeratzen dute, iaz baino puntu bete gehiagok. Beste aldean dago A eredua: hezkuntzara sartu berrien %3,8k bakarrik aukeratzen dute eredu hau.

55 milioi unibertsitatez besteko beketan

Uriarte sailburuak, berak zuzentzen duen Hezkuntza Sailak bekak ziurtatzeko egiten duen ahalegin ekonomikoa ere izan du hizpide: 55 milioi euro 2017-2018 ikasturte honetarako. “Baina diru hori agortuko balitz, gehiago jarriko genuke. Bekaren bat jasotzeko eskubidea duten familia guztiek jasoko dute dirua. Gure beka sistemak geure errealitate sozialari erantzuna ematen dio, eta euskal gizarteak bere buruari eman dion kohesio eta ongizatearen erakusle da”, nabarmendu du sailburuak. Aurreko ikasturtean unibertsitatez besteko mailetako 125.750 ikaslek jaso zuten bekaren bat, eta orotara 188.809 laguntza eman ziren.

Ikasturte hau hastearekin batera, gainera, lanean hasi dira 2017ko Enplegu Publikorako Eskaintzan plaza eskuratu zuten 734 irakasleak (Haur eta Lehen Hezkuntzakoak). Gai horri dagokionez, Hezkuntza Sailak irakasleen lan-egonkortasunarekiko egiten duen apustua nabarmendu du Uriartek, eta legealdi honetan zehar urtero Enplegu Publikorako Eskaintza bat deitzeko konpromisoa berretsi.

Erronka: hezkuntzaren aldeko akordioa

Baina zalantzarik gabe, abiatzear den ikasturte honetarako erronka nagusia hezkuntzaren aldeko akordioa lortzea izango da. “Ikasturte hasierarekin batera, hausnarketa prozesu bateratu bati ekingo diogu, hezkuntzaren aldeko akordioa erdiestea helburu hartuta. Hezkuntza Sailaren gidaritzarekin burutuko den prozesua parte hartzaileak, hezkuntza eragileen, eragile politikoen zein sindikalen parte hartzea izango du, hainbat etapatan eta espaziotan. Beharrezkoa da guztion artean gure hezkuntza sistemaren modernizazioa adostea. Euskal hezkuntzaren kalitatea zein egonkortasuna egituratuko eta indartuko dituen akordioa lortu beharra dugu, hezkuntzaren modernizazioaren bidez”.

Cristina Uriartek azaldu du irailaren amaieran hezkuntza eragileak eta sindikatuak deituko dituela lehen bileretara, haien ikuspuntua, iritzia eta ezagutza jasotzeko. Lehen fase horretan, gure hezkuntza sistemaren erronkak jasoko dituzten bost lan arlo eratuko dira. Honako arlo hauek izango dira: bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa eta berrikuntza, hezkuntzaren modernizazioa eta ikastetxeen autonomia. Lehen faseko hausnarketa eta parte hartze lan hori burutu ondoren, Eskola Kontseilura igorriko da, eta Eusko Legebiltzarrera ondoren.

“Lan-taldeak eta eztabaida-taldeak eratuko ditugu. Izan ere, hezkuntzaren hobekuntza talde-erronka da, herri baten erronka. Guztion lankidetza da beharrezkoa. Datozen urteetarako, gure hezkuntzaren etorkizuna adosteko aukera dugu. Esku artean dugun aukera honi ezin diogu ihes egiten utzi. Gertatzen ari den paradigma aldaketaren aurrean egoki kokatuko gaituen akordio bat; eta gainera, etorkizuneko eta goragoko helburuak lortzeko oinarri moduan balioko digun akordio bat” nabarmendu du Hezkuntza sailburuak.

Irakurketa Plana eta Bizikasi

Ikasturte honetarako berritasunen artean, abian jarriko diren bi plan berri ere iragarri ditu Cristina Uriartek. Batetik, ikasturtean zehar martxan jarriko den Irakurketa Plana. Ikastetxe bakoitzak bere berariazko Irakurketa Plana izango du, bere ezaugarrien arabera atondua, baina diseinatzeko orduan laguntza emango dion aterki nagusi baten azpian eratua. Irakurmena garatzea erraztuko duen plan bat izango da, gainerako edukiak ulertzeko oinarrizko elementua baita irakurmena. “Irakurketa Planaren helburua da ikasleek irakurtzeko gaitasuna hobetzea. Lehen Hezkuntzatik hasita modu sistematikoan landu behar da irakurtzeko gaitasuna, arlo, ziklo eta ikasmaila guztietan, eta aurrez antolatutako eta planifikatutako jardueren bidez. Ahaztu gabe, irakurtzeko zailtasunak izan, eta berariazko laguntza behar duten ikasleak”.

Bestetik, ikasturtetako beste lehentasunen artean, eskola-jazarpenari aurrea hartzeko Plana aipatu du Uriartek, Bizikasi izenekoa. “Zalantzarik gabe, gizarte guztiaren erantzukizuna da, eta beraz gurea ere bai, jazarpen kasuak identifikatu eta gutxitu ahal izateko lanean jardutea”, azaldu du.

Ikasturte honetan zehar aurkeztuko eta abian jarriko da irakaskuntzako profesionalekin landu den plana. Eskola-jazarpenari ikuspegi sistemikotik eta era integralean helduko dio plan honek, eta bizikidetza positiboa hobetzera orientatua dago. Euskadiko ikastetxeetan gerta daitezkeen balizko jazarpen kasuak prebenitzeko eta garaiz antzemateko interbentzioan du oinarria. “Eskola-jazarpena da gure lehentasunetako bat, eta halaxe izaten jarraituko du. Hezkuntza-komunitate guztiarekin batera egingo dugu lan. Irakasleen formazio espezifikoa landuko dugu, baina familiekin etengabeko harremanean” ziurtatu du Cristina Uriarte sailburuak. 

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2017-09-07

    Comentario de Twitter:
    La sailburu @c_uriartetoledo ha dado inicio al curso escolar 2017-2018 ➡ https://t.co/1q5X2I7zq8 https://t.co/HrcdABYrTD

  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2017-09-07

    Comentario de Twitter:
    .@c_uriartetoledo sailburuak hasiera eman dio 2017-2018 ikasturteari ➡ https://t.co/r2ihrirMV2 https://t.co/Pz5W9BGPg4

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)