Eu

Eusko Jaurlaritza mugaz gaindiko mugikortasunaren kudeaketa prestatzen ari da

2017.eko irailak 06
  • Mugaz gaindiko zerbitzuei buruzko azterlan juridikoa eta teknikoa aurrerapen garrantzitsuak dira tren alorreko erronka berrien buru izan ahal izateko.
  • Martxan ipinitako lanek zerbitzu berrien kudeaketan aurrerapausoak ahalbidetzen dituzte, Euskotrenek eskaini dezakeen Baiona-Donostia loturaren aukera aurreratuz.

2017ko otsailean, Euskadi-Akitania-Nafarroa Euro-lurraldeak, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, mugaz gaindiko tren zerbitzuei buruzko Txosten Juridikoa eta Teknikoa jarri zituen martxan. Proiektu hori, Europar Batasunak sustatzen duen eta Europar Batasuneko zenbait estatutako Autonomia Erkidegoen eta Eskualdeen arteko proiektu interesgarriak diruz laguntzen dituen POCTEFA deialdira aurkeztu zen. Deialdi horretan Eusko Jaurlaritzaren proposamena aukeratua izan zen, eta aurrekontuaren %65eko laguntza jaso zuen.

Azpiegitura egokitzeaz harago 

2019an Hendaia eta Donostia arteko hirugarren erraila martxan hasten denean, trenbideko interoperabilitateak aurrerapauso erraldoia emango du, trenbide zabalera desberdinaren arazoa konponduta geratuko baita. Dena den, arazo horrez gain beste batzuk ere badaude, mugaren bi aldeetako katenariak daukan tentsio desberdina, azpiegitura kudeatzaile bakoitzaren seinaleztapen propioa (TVM iparraldean, ASFA hegoaldean, etorkizunean operatibo egotea aurreikusten den ERTMS izenekoaz gain), arautegi ezberdinak eta baita aurreikusitako eskaria ere. Arazo horiek ezin dira ahaztu.

Beraz, azpiegituraren egokitze hutsa ez da nahikoa, sakondu beharreko lan eremu asko daude. Euro-lurraldeak, Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritzapean, martxan jarri dituen azterlanek, alderdi horiei aurrea hartzea eta horietan aurrera egitea bilatzen dute, alderdi horiek baitira trenaren etorkizuneko kudeaketa zehaztuko dutenak, mugaren bi aldeetan.

Atlantic Freight Corridor erakundeak ere bateragarritasun teknologikoko gaietara (interoperabilitatea), material errodagarrira eta eskaria aztertzera zuzendutako beste txosten bat egiten ari da.

Azterlanaren edukiak

Egiten ari den Azterlanaren edukiak oso alderdi garrantzitsuak jasotzen ditu, lan arautegia, langileen eta material errodagarriaren homologazioak, interoperabilitateari buruzko arautegia eta Europako estandarrak, bi estatuetako Zerbitzu Publikoko Beharrari (ZPB-OSP) buruzko legedia eta une honetan martxan dauden ZPB-OSPekin izan dezakeen interferentzia posiblea, eta baita laugarren tren paketeak eskaintzen dituen aukerekin bat etorriko diren eragiketa aukerak ere.

Gaur egun, Europar Batasuneko bi estatuen arteko bidaiarien trafikoak liberalizatuta daude, eta 2019-2020 epemugan Estatu barrukoak ere horrela egongo dira. Dena den, asko dira kontuan izan beharreko alderdiak, aipatutako zerrendan ikusi den bezala. Eusko Jaurlaritza zorroztasunez ari da horiek aztertzen, eguna heltzen denean, eta hirugarren erraila errealitate bilakatzen denean, igarobide horretan zerbitzuak eskaini ahal izateko.

Horri guztiari, gainera, Euskal Yaren eta Nafarroara eta Akitaniara izango dituen loturen Eskariari buruzko Azterlana ere gehitzen zaio. Hori ere Euro-lurraldearen barruan kudeatzen da eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen du. Proiektu horrek, Azterlan tekniko-juridikoak bezala, Europar Batasunaren diru-laguntza jaso du.

Aukera berriak Euskotrenentzat

Horrekin guztiarekin, Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren tresnak eta azterketak izango ditu, Baiona eta Donostia arteko trenen zirkulazio posiblerako, baina, hori bai, horrelako tren zerbitzuak barne hartzen dituen alderdi guztiak kontuan izango dituen lan zorrotzaren ondoren.

Eusko Jaurlaritzak ulertzen du aukera berri bat sortzen dela Euskotrenentzat. Gaur egun, Euskotrenek badu lizentzia ferrobiarioa, Baiona eta Donostia arteko zerbitzuak kudeatzeko eta eskaintzeko aukera ematen diona.

Euskadi mugaz gaindiko agertoki berriaren kudeaketarako prestatzen ari da. Bi azterlanak, Iparralde eta Hegoalde arteko mugikortasuna goitik behera aldatuko duen pauso irmoa suposatzen dute. Jaurlaritzaren ustez, trenak funtzio egituratzailea betetzen du, eta nazio eraikuntzan aurrera egiten laguntzen du, gaur egun trenaren ikuspegitik dagoen muga desagerraraziz.

 

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @o_franco_aleman
    2017.eko irailak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [TRENBIDE-GARRAIOA] Eusko Jaurlaritza mugaz gaindiko mugikortasunaren kudeaketa prestatzen ari da ➡ https://t.co/Xw9i5PXOuC htt…

  • @GlaciarBlue
    2017.eko irailak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [TRENBIDE-GARRAIOA] Eusko Jaurlaritza mugaz gaindiko mugikortasunaren kudeaketa prestatzen ari da ➡ https://t.co/Xw9i5PXOuC htt…

  • @Gob_eus
    2017.eko irailak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [TRENBIDE-GARRAIOA] Eusko Jaurlaritza mugaz gaindiko mugikortasunaren kudeaketa prestatzen ari da ➡ https://t.co/Xw9i5PXOuC htt…

  • @Gob_eus
    2017.eko irailak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [TRANSPORTE FERROVIARIO] El Gobierno Vasco prepara la gestión de la movilidad transfronteriza ➡ https://t.co/9szO0MGO7w https:/…

Komunikabideek behera kargatzeko