Eu

Erkorekaren ustez, U-1en ondoren, Kataluniako eta Espainiako gobernuek “elkarrizketaren bidea ireki” beharko dute

2017.eko irailak 06

Bozeramailearen iritziz, Kataluniako Gobernua erreferenduma egiteko “iragarritakoa betetzen ari da”

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak aitortu du Katalunia ezarritako ibilbidea jarraitzen ari dela, gaur Parlament-en urriaren 1eko erreferenduma egiteko legea erregistratu baitu. Erkorekaren iritziz, murrizten ari dira Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko aukerak data horren aurretik akordio batera iristeko , baina berriz ere esan du U-1en ondoren ez dutela beste aukerarik izango, “elkarrizketaren bidea irekitzea” baino. Hala ziurtatu du gaur Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

Gobernuko bozeramailea, gainera, kezkatuta agertu da, Kontuen Auzitegiak Artur Mas president ohiari eta beste 10 goi-karguri eta funtzionariori A-9ko kontsulta egiteko baimendu zuten diru publikoaren gastua beren gain hartzeko exijitzen dien erabakia hartu duelako. Baina ez du harritu erabaki hori hartu izanak; hala ere, aukeratu duten unea eta egoera salatu du; izan ere, ”beldurra eragitea” bilatzen du.

Gaur Parlament-eko mahaiak Erreferendumaren Legea dena izapidetzeko onartu izanari buruz galdetu diotenean, Erkorekak esan du Kataluniako Gobernua “iragarritakoa betetzen ari dela”, eta herritarrei planteatutako estrategiaren esparruan urratsak ematen ari dela. Hori horrela, onartu egin du murrizten ari direla Espainiako Gobernuarekin urriaren 1a baino lehen akordio batera iritsi ahal izateko denborak; baina berriz ere esan du urriaren 1aren ondoren bi gobernuek ez dutela beste aukerarik izango, “elkarrizketaren bidea irekitzea” baino.

Euskadi dela eta, Erkorekak espero du Eusko Jaurlaritzaren ustez lehentasunezkoak diren transferentziak “ahalik eta lasterren” negoziatzen hasi ahal izatea, besteak beste, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa edo espetxeak. Hori horrela, PPri exijitzen dio, Katalunian legea betetzeko hain tinko agertzen dela kontuan izanik, Gernikako Estatutua ere betetzeko. 

Gainera esan du “keinu positibo”tzat kalifikatu behar dela Diputatuen Kongresuan estatutu autonomikoa modernizatzeko elkarrizketa-batzordea sortzeko erregistratutako ekimena, izan ere, Estatuaren egungo egitura berrikusteko ekimena da. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)