Eu

Langabeziak abuztuan behera egin du luzaroko langabeen kolektiboan, eta datu orokorrean zertxobait igo da

2017.eko irailak 04
  • Artolazabal: “datu baikorra da langabeziak behera egin duela luzaroko langabezian daudenen artean, mota horretako mila langabek lana aurkitu baitute abuztuan”
  •  “Urte arteko datuari erreparatuta, duela justu urtebete baino ia 10.000 langabe gutxiago dira. Beraz, enplegua suspertzen ari da”
  • Susperraldi ekonomikoa aukerak ematen ari zaie langabe kronifikatuenei

VG 04 09 17

Uda oro gertatzen denez, abuztuan, era berean, Lanbiden langabetzat izena emandakoen kopurua zertxobait igo da. Gaur egun, 133.000 langabe daude izena emanda Euskal Autonomia Erkidegoan, uztailean baino 2.300 gehiago. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek honako hau zehaztu du: “abuztuko datu hori ahaztu gabe, eta urte arteko datuari erreparatuta, duela justu urtebete baino 10.000 langabe gutxiago daude. Beraz, enplegua suspertzen ari da”. 2015ean, orain baino 22.000 langabe gehiago zeuden, eta duela hiru urte baino 36.000 gehiago. Beheranzko joera iraunkorrari eusten zaio”.

Langabeziak gora egin du abuztuan hiru lurraldeetan, bai adin tarte guztietan, baita gizonen eta emakumeen artean ere. “Baina, datu batek baikor izatera garamatza: langabeziak behera egin du luzaroko langabeen artean. Mota horretako ia mila langabek lana aurkitu dute abuztuan, hil hori txarra izan ohi bada ere. Gainera, urteko erreferentziari erreparatzen badiogu, ikusten dugu luzaroko langabeak aukerak izaten ari direla. Langabeziak % 9,87 behera egin du kolektibo horretako pertsonen artean; batez beste, ordea, % 6,92 jaitsi da. Duela urtebete baino 10.000 langabe gutxiago eta duela bi urte baino 22.000 gutxiago dira”, azaldu du Artolazabalek.

2017ko abuztuan, LANBIDEren bulegoetan erregistratutako langabeak 2.338 gehiago izan dira; hau da, guztira 133.210 dira. Termino erlatiboetan, igoera % 1,8koa izan da. Erregistratutako langabeziak abuztuan beti gora egiten duela kontuan izanik, azken hil honi dagokion hazkundea zertxobait handiagoa izan da aurreko bi abuztuetakoa baino; baina, krisiaren aurreko urteetan antzemandakoa baino txikiagoa. Izan ere, urte horietan, langabe kopuruaren igoera 3.000 eta 4.000 lagun bitartekoa izan ohi zen.

Urte arteko saldoan, 9.904 langabe gutxiago daude. Azken hilean, langabezia gehiago hazi da gizonen artean emakumeen artean baino. Gizonen artean, termino portzentualetan, % 2,46 egin du gora, eta emakumeen artean % 1,27. Baina, urteko erlazioari dagokionez, gizonen langabezia % 9,34 jaitsi zen, eta emakumeena % 4,95 besterik ez. Egun, langabeen % 56,18 emakumeak dira. Krisiaren hasieran, berriz, gizonen langabeziak izandako portaera okerragoaren ondorioz, sexuaren araberako langabeen kopurua oso antzekoa izatera iritsi zen. Gizonengan krisiak eragin handiagoa izan zuen, baina suspertzeko ahalmen hobea ari dira erakusten.

Azken hil honetan, langabeziak gora egin du adin tarte guztietan, eta 25 eta 34 urte artekoak nabarmentzen dira gehien arlo horretan. Urte arteko saldoan, korrelazio sendoa antzematen da langabeziaren jaitsieraren eta lan-eskatzaileen gaztetasunaren artean. Langabeen ia erdiak (% 48,6) 44 urtetik gorakoak dira, % 24,7 35 urte artekoak, eta gainerako % 26,7ak 35 eta 44 urte artekoak. Lan-merkatuan berriro sartzeko zailtasunak areagotu egiten dira langabeen adinak gora egin ahala. Krisiak egiturazko langabeziaren poltsa zabalak utzi ditu langabe helduenen artean, hobekuntza ekonomikoaren egungo egoera gorabehera.

Abuztuan, 2.012 langabe gehiago daude zerbitzuen sektorean (% +2,34). Industrian 539 langabe gehiago daude (% 3,41). Hain zuzen, gehikuntza handiena da termino erlatiboetan. Eraikuntzan 177 gehiago dira (% 1,6) —handiena termino erlatibo eta absolutuetan—.Lehen sektorean besterik ez da lotutako langabe gutxiago egon, 55 laguneko jaitsierarekin. Aurretik lanik ez zutenen artean, 335 gutxiago dira (% 2,22).

Jarduerak

Desagregazio-maila altuagoan, lotutako langabeziaren jaitsieragatik, termino absolutuetan, jarduera hauek nabarmendu dira azken hil honetan: hezkuntza, 577 langabe gehiagorekin, eta enpleguari lotutako jarduerak (ABLEak), 463 gehiagorekin. Enplegua nabarmen jaitsi deneko beste jarduera batzuk hauek dira: metalezko produktuen fabrikazioa (+176), txikizkako merkataritza (+167), jaki eta edarien zerbitzuak (+139), ostaturik gabeko gizarte-zerbitzuak (+110), eraikuntza espezializatua (+108) eta handizkako merkataritza (+105). Abuztuan, jarduera hauetan nabarmendu da langabeziaren jaitsiera: eraikinetarako zerbitzuak eta lorezaintza-jarduerak (-123); nekazaritza eta abeltzaintza (-59); bestelako jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (-37); segurtasun eta ikerketako jarduerak (-27); eta hondakinak bildu, tratatu eta ezabatzea (-20).

Hil horretan, aipatzekoa da luzaroko langabeziaren murrizketa, 1.016 langabe gutxiagorekin. Iraupen laburrekoan, ordea, 3.354 langabe gehiago daude. Urteko erreferentzian, murrizketa handiagoa antzematen da luzaroko langabeen kolektiboan (% 9,87ko jaitsiera). Iraupen laburrekoen kolektiboan, berriz, % 3,42ko murrizketa erregistratu da. Susperraldi ekonomikoa, era berean, aukerak ematen ari zaie langabe kronifikatuenei.

Azken hilabetean, Gipuzkoan 977 langabe gehiago egon dira (% 2,9ko igoera). Araban, langabezia % 2,5 igo da (521 langabe gehiago). Bizkaiak izan du, berriz, portaerarik hoberena: % 1,1eko gehikuntza (840 langabe gehiago).

Urteko saldoan, portaerarik onena Gipuzkoari dagokio, % 9,44ko jaitsiera erlatiboarekin. Ondoren, Araba eta Bizkaia datoz, % 7,43ko eta % 5,56ko murrizketarekin, hurrenez hurren. Gipuzkoan % 10,3ko langabezia erregistratu da. Bizkaikoa eta Arabakoa, berriz, nabarmen handiagoa da: % 13,9 eta % 13,4, hurrenez hurren.

EAEko hiriburuen artean, Gasteizen igo da gehien langabezia, 417 langabe gehiagorekin. Donostian 167 eta Bilbon 136 gehiago daude. Eskualde hauetan ere langabeziak nabarmen gora egin du: Ezkerraldea (+252), Donostia mendebaldea (+185) eta Durangaldea (+139). Abuztuan, eskualde hauetan soilik jaitsi da langabezia: Uribealdea (-10) eta Arabako Errioxa (-8).  Abuztuan, erregistratutako langabeziaren indize altueneko udalerriak hauek dira: Oion (% 23,05), Sestao (% 21,88), Alonsotegi (% 19,05), Balmaseda (% 17,95) eta Santurtzi (% 17,56).

Industria, hezkuntza eta garraioa

2017ko abuztuan, LANBIDEren bulegoetan erregistratutako langabeak 2.338 gehiago izan dira; hau da, guztira 133.210 dira. Termino erlatiboetan, igoera % 1,8koa izan da. Erregistratutako langabeziak abuztuan beti gora egiten duela kontuan izanik, azken hil honi dagokion hazkundea zertxobait handiagoa izan da aurreko bi abuztuetakoa baino; baina, krisiaren aurreko urteetan antzemandakoa baino txikiagoa. Izan ere, urte horietan, langabe kopuruaren igoera 3.000 eta 4.000 lagun bitartekoa izan ohi zen. Hortaz, esan dezakegu langabeziak azken hil honetan izandako portaera normaltasun-parametroen barruan dagoela. Dena dela, nolabaiteko nekea antzematen da langabeziaren jaitsiera-erritmoan azken lau hilabeteetan.

Azken hilabete honetan, langabezia gehiago igo da gizonen, gazteen, Gipuzkoako biztanleen eta autoktonoen artean. Nolanahi ere, profil hori ez dator bat joan den urteko abuztuko egoerarekiko konparazioarekin. Izan ere, kasu horretan profila justu aurkakoa da: bilakaera onena gizonei, gazteei eta Gipuzkoako biztanleei dagokie.

Oraindik ere, nabarmena da hezkuntza-jardueraren jaitsiera, jarduera horrek langileak langabeziara eramaten jarraitzen baitu. ABLE-etan ere nabari jaitsi da jarduera bolumena eta, horrenbestez, lotutako langabezia ere igo da.

2017ko abuztuan, langabe guztien % 29,8k eskubidea izan dute langabeziaren ondoriozko gizarte-prestazioa jasotzeko. Azken bi hilabeteetan, gorakada antzeman da langabezia kobratzen duten langabeen ehunekoan. Izan ere, udaldian, langabeziaren ondoriozko prestazioa jasotzeko eskubidea dutenen kopurua igo ohi da (adibidez, hezkuntza-sektorekoen kasuan).

Aurreko hilarekiko kontratazioak jaitsiera handia izan arren (abuztuak bereizgarri duen behin-behinekotasun faktorea dela-eta, erraz azaltzen da), kontratuen bolumena % 5,6 igo da aurreko urtearekiko. Kontratatutako pertsonen kopurua % 3,4 igo da: % 4,2 gizonen artean eta % 2,6 emakumeen artean.

Abuztuak dakarren jarduera-geldialdia jarduera hauetan antzematen da gehien: industria, merkataritza, ostalaritza, arte- eta olgeta-jarduerak, hezkuntza eta garraioa. Hain zuzen, horiek galdu dute kontratu bolumen handiena aurreko hilarekiko.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lanbideejgv
    2017.eko irailak 05

    Comentario de Twitter:
    El paro desciende en agosto en el colectivo de parados/as de larga duración y aumenta levemente en el dato general https://t.co/farZeKWzmd

  • @Open_Govern
    2017.eko irailak 04

    Comentario de Twitter:
    El paro desciende en agosto en el colectivo de parados/as de larga duración y aumenta levemente en el dato general https://t.co/UlbBCGoV8T

Ekitaldiko kargudunak