Berriak Hezkuntza
Eu

Hezkuntza Sailak milioi bat euro bideratu du Eskolatze Osagarriko Programetarako

2017.eko irailak 01
  • Deialdi honen bidez, Eskolatze Osagarriko 17 programa lagundu ziren diruz iaz. 215 ikaslek parte hartu zuten horietan

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak milioi bat euro pasatxoko diru-sorta bideratu du hastear den 2017-2018 ikasturte honetan Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako. Laguntza ekonomiko hauek itunpeko ikastetxeei, irabazi asmorik gabeko entitateei, mankomunitateei, udalei edo azken hauek sortutako entitateei zuzenduak dira, betiere 2017-2018 ikasturtean Eskolatze Osagarriko Programak abian jartzeko asmotan badira eta horretarako proiektua aurkezten badute. Aste honetan bertan Gobernu Kontseiluak onartu duen deialdiak 1.029.996 euroko diru-kopurua du orotara.

Eskolatze Osagarriko Programak hezkuntza-premia bereziak –eskola moldagabeziari lotutako egoera larrietatik sortutakoak- dituzten ikasleei laguntzeko sortuak dira, hain zuzen ere beren hezkuntza-prozesuen aurrean, ikaskideen eta irakasleen aurrean eta gizarte-ingurunearen aurrean jarrera positiboak garatzen laguntzeko. Programen xedea hauxe da: aipaturiko ikasleei, berariazko taldeetan antolatuta, beren garapen pertsonalerako, berriro eskola-sistema arruntera egokitzeko edo ondoren lanbide-hastapeneko ikasketei (horiek helduaroan eta bizitza aktiboan sartzeko gaituko dituzte) ekiteko baliagarriak diren ikaskuntzak eskaintzea.

Edonola ere, tailerren bidez curriculumeko alor instrumentala lehenesten dute programok, betiere ikasleen beharretara egokitutako metodologia erabiliaz. Programa hauek berritzaile izaten eta ikasleen jakingura piztuko duten jarduerak burutzen egiten dute ahalegina. Era horretan, ikasleen motibazioa lortzen dute, hezkuntza-ibilbidean jarrai dezaten.

Programa hauek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduak dira, programa hasten den urteko abenduaren 31n gehienez 15 urte beteta dituzten ikasleei zuzenduak. Aldi baterako neurri gisa ulertu behar da, inoiz ez behin betikoa, ikaslea ahal bezain laster sistema arruntean berriro sartzea lortu nahi baita. Era berean, ezohiko neurria ere bada, DBHren ohiko araubidean aniztasunari erantzuteko aurreikusitako gainerako neurriak agortu ondoren aplikatzekoa, hala nola, hezkuntza-indargarriak, curriculuma egokitzekoak edo berariazko parte hartze proiektuak.

17 programa, 215 ikasle

Hezkuntza Sailak bere ekimenez garatzen ditu programa hauek beharrezko diren ikastetxe publikoetan, baina gorago aipaturiko entitateekin lankidetzan ere aplikatu daitezke. Hain zuzen ere, aurreko 2016-2017 ikasturtean Eskolatze Osagarriko 17 programa lagundu zituen diruz Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez, guztiak ere Euskadiko 15 entitatek garaturikoak. Orotara 215 ikaslek hartu zuten parte 17 programa horietan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gorabide
    2017.eko irailak 05

    Comentario de Twitter:
    .@Gob_eus dedica un millón de euros a planes de escolarización y formación para alumnado con necesidades especiales. https://t.co/cmvtBtzMsZ