Berriak Lehendakaritza
Eu

Giza eskubideen aldeko eta indarkeriaren aurkako diskurtsoa sakon sartu da unibertsitateko populazioan

2017.eko irailak 01
  • Eusko Jaurlaritzak eta Deustuko Unibertsitateak azterlan bat aurkeztu dute Unibertsitateko ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoan terrorismoaren eta giza eskubideak urratzearen inguruko ezagutza-mailari eta diskurtsoei buruz
  • Azterlanaren oinarria izan dira Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko gizarte-zientzietako eta hezkuntzako graduetako lehen ikasturtean dauden ikasleei zuzendutako 1.000 galdeketa

 

Eusko Jaurlaritzak eta Deustuko Unibertsitateak gaur, irailak 1a, azterlan bat aurkeztu dute Unibertsitateko ikasle gazteek Euskal Autonomia Erkidegoan 1960 eta 2010 artean izandako terrorismoaren eta giza eskubideak urratzearen inguruko ezagutza-mailari eta diskurtsoei buruz. Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak ikerketa hori egin du Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak eskatuta, 2016an.

Azterlanak lehen argazki bat agerian uzten du Unibertsitateko populazioak terrorismoaren eta giza eskubideen inguruan dituzten ezagutzaren eta diskurtsoen inguruan. Txostenaren edukiaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak bizi duen ziklo politiko eta sozial berriaren eraginez, instituzioek bakearekiko eta bizikidetzarekiko duten konpromisoa oso nabarmen areagotu da, planen, programen eta ekintza ugariren bitartez. Horien guztien helburua da giza eskubideekiko zalantzarik gabeko konpromisoa finkatzea eta xede politikoak dituen edozein motatako indarkeriari zilegitasuna kentzea. Helburu hori oso garrantzitsutzat hartzen da gazteen kasuan. Hori dela-eta, beharrezkoa da hobeto jakitea gazteek zer pentsatzen duten; horrela, Unibertsitateko ikasle horiei zuzendutako ekintza zehatzak prestatzeko.

Aurkezpenean izan dira Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandez, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Gorka Urrutia eta institutu horretako lankide Iker Uson. Usonek adierazi duenez, azterlanaren oinarri dira Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko gizarte-zientzietako eta hezkuntzako graduetako lehen ikasturtean dauden ikasleei zuzendutako 1.000 galdeketa.

 

Emaitzak 10 datutan: 

  1. Ikasleek interes pertsonal handia erakusten dute Euskal Autonomia Erkidegoan izandako terrorismoaren eta giza eskubideak urratzearen inguruan. Dena den, interes zertxobait txikiagoa dute beste egoera batzuei dagokienez. Interesa belaunaldiaren araberakoa da. Izan ere, 10etik 8k uste dute gaia neurri batean interesgarria edo oso interesgarria dela gazteentzat.
  2. Azterlanak berresten du, neurri batean, belaunaldi-eten bat dagoela; gazteen erdiek uste baitute gai horien inguruan duten interesa haien gurasoek dutena baino txikiagoa dela.
  3. Gazteak ez dira geldo azaltzen. Bada, 10etik ia 6k diote azken urtean bakearekin eta bizikidetzarekin lotutako jardueraren batean parte hartu dutela Euskal Autonomia Erkidegoan.
  4. Gertatutakoaren ezagutzari dagokionez, 10etik ia 6k uste dute euren belaunaldiaren ezagutza ertaina edo handia dela, eta adierazi dute informazio-iturri hauek izan dituztela nagusiki: hedabideak, familia eta sare sozialak. Zehazki, % 60,7ko gehiengoaren iritzian, familiak eragin handia edo oso handia izan du ezagutza horretan. Dena dela, % 60 ez dago asebeteta, oro har, jasotako informazioarekin.
  5. Gertaera zehatzen inguruan galdetuta, erantzun zuzenak nagusitzen dira; baina, era berean, ezjakintasun- edo zalantza-maila nabarmena geratzen da agerian. Adibidez: badirudi erdiek ez dutela behar adina informazio Hipercorreko erasoa zer izan zen zehazteko. % 44k, ordea, jakinaren gainean daude. Lasa eta Zabalaren kasuaren aurrean, % 32k erantzun dute ez dakitela, edo ez dute erantzun.
  6. Azterlanak agerian utzi du, hori bai, indarkeria erabiltzearen aurkako gaitzespen nabaria. Hala, % 91 nahiko edo erabat ados daude edozein proiektu politiko ez dadin izan pertsonaren bizitza-eskubidea baino garrantzitsuagoa. Eta % 79 erabat edo nahiko aurka daude ETAren indarkeriari dagokionez. % 2, ordea, horren alde azaldu dira.
  7. Biktimen arretarako eta memoriarako politikei dagokienez, 10etik 8k uste dute garrantzitsua dela biktimekiko aintzatespena eta ordaina, eta Administrazioak memoria-politikak bultzatu behar dituela.
  8. Torturari dagokionez, 10etik 7ren iritzian, poliziak oso maiz erabili du.
  9. Ikasleen gehiengoak aldeko jarrera erakutsi du Euskal Autonomia Erkidegoan bakea eta bizikidetza babesteko jardueretan parte hartzeko. Hala, 10etik ia 6 prest agertu dira konpromisoak hartzeko eta jardueretan parte hartzeko.
  10. Unibertsitateari dagokionez, 10etik ia 9k uste dute Unibertsitatea terrorismoaren eta giza eskubideak urratzearen inguruko jarduerak eskaintzeko esparru izan beharko litzatekeela. Gehienen aukera izan da (% 44) jarduera horiek hautazko prestakuntza gisa barne hartzea.

 

Aurrera egiteko lehen azterlan bat

Azterlan hau lehen hurbilketa bat da errealitate horrekiko, eta bere gomendioen artean dago gaia modu kualifikatuan sakonduko duten ikerketak ondoren egiten jarraitzea. Ildo horretatik, uste da hobetzeko tarte handia dagoela iragan hurbileko urratze larriak ezagutzearen inguruan. Horregatik, egoki jotzen da bai nahitaezko hezkuntzan, bai Unibertsitatean abian jartzen ari diren ekimenetako batzuekin jarraitzea.

Ikertzaileek egiaztatu dute giza eskubideak babestu eta errespetatzeko diskurtsoa sakon sartu dela eta Unibertsitateko populazio gaztearen baitan presentzia handia duela. Izan ere, giza duintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako mezu argia erakutsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urrutia, Iker Usón