Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaur argitaratu du EHAAn Udaltzaingoaren LEP bateratuaren lehenengo deialdia Euskadiko hamabi udaletako 72 plaza betetzeko

2017.eko abuztuak 30

Interesa dutenek bihar hasi eta datorren urriaren 1era arte eman dezakete izena

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratu da Euskadiko hamabi udaletan orotara 72 plaza betetzeko Udaltzaingoaren lehenengo sarbide eta hautaketa prozesua egiteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren deialdia. Prozeduran parte hartzeko interesa dutenek bihar, abuztuak 31, hasi eta datorren urriaren 1era arte, egun hori barne dela, izango dute eskabidea aurkezteko aukera.  

Ekimena Segurtasun Sailak jarri du abian EUDELen laguntzaz eta udalek eskatuta, eta udaltzaingoetako agenteak hautatu eta prestatzeko taldean planteatu ondoren. Udalerriek kudeaketa-agindu bat onartu behar izan dute aldez aurretik prozesua bera Arkauteko Akademiaren esku uzteko, adostutako oinarri batzuk ezarrita eta deituko dituzten plazak zehazteko Lan Eskaintza Publikoa onartu eta argitaratu ondoren.  

“Udaltzaingoetan sartzeko eta hautaketa egiteko prozesuak sinplifikatu eta bateratzea da deialdi bateratuaren helburuetako bat, hautaketa-profil bera aplikatuz eta gainkostu-arazoak saihestuz efizientzia administratibo hobea lortze aldera", esan du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak, eta gogora ekarri du zer-nolako zailtasunak izaten dituzten udalerri txikiek langile eta material espezializatuak izatea eskatzen duten era honetako probak egiteko.   

Azkenean Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agenteen 72 plaza deitu dira orotara, eta honako udalerri hauetan: Abadiño (2), Arrasate (5), Arrigorriaga (1), Bilbo (25), Basauri (1), Galdakao (3), Getxo (14), Mungia (2), Santurtzi (7), Pasaia (3), Zarautz (6) eta Zumaia (3).

Bai aginduan bertan bai oinarrietan, udalek izangaiei eskatu nahi dizkieten baldintzak erabaki ahal izan dituzte, besteak beste, hizkuntza eskakizuna eta gidabaimen-motak, eta halaxe dago zehaztuta Akademiaren deialdian ere.  

Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa librea izango da, eta bertan egingo dira test erako proba bat, gaitasunak ebaluatzeko lau ariketako test psikotekniko bat eta nortasuna ebaluatzeko beste bat. Era berean, proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala ere egingo dira. Lehiaketa-fasean Udaltzaingoan egindako zerbitzuak baloratuko dira.

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da izangaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan.

Ondoren, hautatutako pertsonak praktiketako funtzionario izendatuko dira eta prestakuntza-ikastaro bat egingo dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, gehienez ere 30 hilabetekoa.

Behin deialdia EHAAn argitaratu ondoren, lehenengo hautaketa-prozesu bateraturako izena emateko epea urriaren 1ean amaituko da, eta aurreikusten da probak azaroan hastea eta Akademiako prestakuntza-ikastaroa 2018ko urtarrilean egitea.  

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak