Eu

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua 65. Zinemaldiko Euskal Zinemaren aurkezpenean izan da

2017.eko abuztuak 30

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua aurtengo Zinemaldiko Euskal Zinemaren aurkezpenean izan da gaur, Donostiako Tabakaleran. Guztira, 14 euskal ekoizpen izango dira zortzi sailetan. Horietatik, zazpi nazioarteko estreinaldiak dira eta Irizar Euskal Zinemaren Saria irabazteko lehian izango dira.

Sailburuarekin batera, Eusko Jaularitzatik, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Miren Arzalluz Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan dira gaurko ekitaldian.  Aurkezpenean bideo bat proiektatu da euskal zineak bizi duen momentuaz, 140 karakterretan bidalitako mezuz osatua. “Euskal kulturak hainbat diziplinatan bizi duen loraldiaren adierazgarria da gure zinearen egoera. Honen talentua, #65SSIFF-an izango da”, adierazi du sailburuak horietako batean. “Euskal zineak gure herria, kultura, historia eta istorioak mundura proiektatzen ditu. Talentuz eta ikuspegi unibertsal batez, mugak gaindituz”, gehitu du.

Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta jaialdiko Komunikazio arduradun Ruth Perez de Anucitak euskal zinemak Zinemaldiaren 65. edizio honetan izango duen presentziaz hitz egin dute, Zinemira sailetik hasita sail ofizialeraino.

Zinemira saila

Zehaztu dutenez, zinemira sailak lehiaketako hiru film hartuko ditu berean. Eñaut Castagnet (Berria 10 urte, When I Was a Child) eta Ximun Fuchs, Le Petit Théâtre de Pain antzerki-konpainiaren sortzailea, fikzio zinematografikoaren alorrean estreinatuko dira Non filmarekin. Bertan, Frantziako herri txiki bateko komunitate baten borrokaren berri emango digute, enpresa batek itxi ondoren. Bi txirula, gogoetarako bidaia, Iñigo García lehen fikzio-film luzea da. Lanbidez arkitekto, zenbait film labur egin ditu aurretik, esaterako, Big Boy dokumentala eta Errusia. Eta Pura vida (2012) eta Walls (2015) filmen zuzendari eta ekoizleek, Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak (Iruña, 1978) eta Igor Otxoak (Donostia, 1978), Elkarrekin-Together zuzendu dute. Filmean, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean dagoen irla urrun bateraino joango dira euskal arkeologoen espedizio bati jarraikiz, euskal bale arrantzaleak eta bertakoak han elkartu eta lankidetzan aritu zirela baieztatuko duten frogen bila. Elkarrekin-Together izan da Euskal Zinema eta ETBren Galako emanaldirako aukeratutako filma.

Saila lehiaketaz kanpo parte hartuko duten bi filmekin osatuko da: Converso, David Arratibelen (Oírse) bigarren filma, eta Nur eta herensugearen tenplua, Juanba Berasategik (Pasaia, 1951-2017) zuzendutako azkenekoa. Arratibelek bere familiaren fede katolikorako konbertsioa ulertu nahi du filmaren bitartez, eta obra horrekin Publikoaren Saria jaso du Punto de Vista zinema-jaialdian, baita dokumental onenaren saria Malagako zinema-jaialdian ere. Berasategik, bestalde, Toti Martínez de Lezea arabar idazlearen pertsonaia literarioan oinarritutako animazio-filma zuzendu zuen.

Sail ofiziala

Sail Ofizialean bi obra izango dira Irizar sarirako hautagai: Morir, Fernando Francok (Sevilla, 1976) La heridaegin ostean zuzendutako bigarren filma, Marian Álvarez eta Andrés Gertrudix antzezleek protagonizatzen dute; aldiz, Handia-k, Aitor Arregiren (Oñati, 1977) eta Jon Garañoren (Donostia, 1974) filmak, Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse ditu protagonista.

Halaber, saria lortzeko lehian izango da Operación Concha, Antonio Cuadri (Trigueros, Huelva, 1960) zuzendariaren filma, Jordi Mollà, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramon Agirre eta Bárbara Goenaga protagonistekin. Belodromoan izango da emanaldia.

Irizar sariaren epaimahaiak kontuan hartuko du Bestelako jarduerak programaren esparruko Volar filma ere. Bertha Gaztelumendik (Irun, 1962) zuzendua -Zinemiran Mariposas en el hierro (2012) estreinatu zuen- genero-indarkeriaren biktima diren bederatzi emakumerengana hurbilduko da. Protagonistek asteburu bat elkarrekin ematen dute landa-eremuan.

Gainera, Koldo Almandoz (Donostia, 1973) berriz izango da Zabaltegi-Tabakaleran iaz Sipo Phantasmaaurkeztu ondoren. Aurten Plágan izeneko film laburrarekin parte hartuko du. Kimuak 2017 ekimenerako hautatua izan zen, eta, urtero bezala, ekimeneko zazpi obrak profesionalentzako emanaldia izango dute Zinemaldiaren esparruan. 

Lau euskal ekoizpen industria jardueren esparruan

Lau euskal ekoizpen ere -hiru hasiberriak, bat amaitzear- protagonista izango dira 65. Zinemaldiko industria-jardueren esparruan. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, euskal ekoizpena dute hastapenetan dauden bi proiektuk. Akelarre, 1609ko Euskal Herrian girotua, Pablo Agüerok zuzenduko du (El Bolsón, Argentina, 1977); hau da, 77 Doronship (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2009) eta Eva no duerme (Zinema Eraikitzen 27 eta Sail Ofiziala 2015) filmen errealizadoreak.

El doble más quince Mikel Ruedaren (Bilbao, 1980) proiektu berria da. Caminan (Zabaltegi-Tabakalera 2016 eta Kimuak 2016), New York. Bosgarren solairua (Zinemira 2016) eta A escondidas / Ezkutuan (Malagako zinema-jaialdia 2014) filmen egileak 30 urtek banatutako emakume eta nerabe baten istorioa kontatuko digu.

Horrez gain, Glocal in Progress ekimenak, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei emandako industria-jarduerak, Telmo Esnal (Zarautz, 1967) zuzendariaren Dantza aukeratu du lehenbiziko edizioan. Aurrez hainbat lan aurkeztu ditu zuzendariak Zinemaldian: Aupa Etxebeste! (Zuzendari Berriak, 2005), Asier Altunarekin batera; Amona putz! (Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama 2009);  Urte berri on, amona! (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2011); eta  Iraila, berriz ere Altunarekin, Kalebegiak talde-filmaren barruan.

Azkenik, Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko asmoz, elkarrekin antolatzen duten Ikusmira Berriak programan Las letras de Jordiaukeratu da, Maider Fernández Iriarteren proposamena. María Elorzarekin batera Gure hormek (Zabaltegi-Tabakalera 2016) eta La chica de la luz egin ditu Fernández Iriartek; azken hori, Kalebegiak (Belodromo 2016) film koralaren barruan.

Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak osatzen dute Donostiako Nazioarteko Zinemaldia elkartea.

Informazio guztia

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2017.eko abuztuak 31

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: .@ZupiriaB sailburua 65. @sansebastianfes - Zinemaldiko Euskal Zinemaren aurkezpenean izan da ➡ https://t.co/ooPaaeEot0 #65SSI…

  • @JosuneR
    2017.eko abuztuak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: .@ZupiriaB sailburua 65. @sansebastianfes - Zinemaldiko Euskal Zinemaren aurkezpenean izan da ➡ https://t.co/ooPaaeEot0 #65SSI…

Ekitaldiko kargudunak