Eu

Josu Erkoreka: "Eusko Jaurlaritzak parte hartuko du Bartzelonako manifestazioan biktimei elkartasuna adierazteko eta indarkeriaren aurka irmotasuna ere erakusteko”

2017.eko abuztuak 24
  • Josu Erkorekak dioenez, Eusko Jaurlaritzaren presentzia bermatuta dago, mailarik gorenean, Lehendakaria joango baita “biktimei eta Kataluniako gizarte eta erakundeei gure elkartasuna, hurbiltasuna eta laguntza eskaintzeko”
  • Ertzaintzak gainerako poliziekin egiten duen lan koordinatuaz gain, Jaurlaritzak lan egiten du yihadismoaren fenomenoari osoko erantzun bat emateko pasa den ekainean sortu zen lan talde baten bidez

Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak parte hartuko du, mailarik gorenean, datorren larunbatean, Bartzelonan, egingo den manifestazioan, Iñigo Urkullu Lehendakaria izango baita bertan. Josu Erkorekaren arabera, horrela, Jaurlaritzak helburu bikoitza dauka: “biktimei eta Kataluniako gizarte eta erakundeei elkartasuna, hurbiltasuna eta laguntza eskaini, eta horrez gain, indarkeriaren aurkako jarrera irmoa erakutsi, indarkeria ezin baita izan gizarte ekintzan eta politikan jarduteko tresna”.

Bilboko Udalak Aste Nagusian eskaintzen duen harrera ofizialean, Bozeramaileak, halaber, gogora ekarri du Ertzaintza kontaktuan dagoela Estatuko gainerako segurtasun indarrekin, ezarritako protokoloen barruan, eskuragarri dagoen informazio estrategikoa partekatuz. "Kolaborazioa eta kontaktuak etengabekoak dira”, esan du Josu Erkorekak, “eta informazio partekatzea ere etengabekoa eta positiboa da, ekintza terroristen prebentzioan ahalik eta eraginkorren lan egiten laguntzeko”. Gai horren harira, halaber, “Eusko Jaurlaritzak erkidegoetako poliziak informazioa garrantzitsua partekatzen den Europa eta munduko foroetan egotea aldarrikatzen jarraituko du”, esan du Erkorekak, terrorismoaren aurka modurik eraginkorrenean borrokatzeko.

Josu Erkorekak, gainera, jakinarazi du, pasa den ekainetik, Lehendakariak berak eskatuta, lan talde bat lanean ari dela, honako sail hauek osatuta: Hezkuntza; Enplegu eta Gizarte Politikak; eta Segurtasuna; Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin batera. Horrela osatzen da Eusko Jaurlaritzak yihadismoaren fenomenoari  eman nahi dion erantzuna. Helburua da “osoko erantzun bat ematea”, etorkinen kolektiboak integratzeko neurriak ere hartuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)