Eu

Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia arduratuko da antidopin-kontrolak egiteaz Kontxako Banderaren bi modalitateetan

2017.eko abuztuak 22

Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia arduratuko da antidopin-kontrolak egiteaz Kontxako Banderaren edizio honetan. Donostia Kulturaren eta Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren artean sinatutako akordioari esker, erakunde hori arduratuko da lehen aldiz emakumezkoen modalitatean (orain arte bezala) zein gizonezkoenean kontrolak egiteaz.

Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren mendekoa, dopinaren aurkako agintaritza eskuduna da Euskadin, nahiz eta orain arte ez duen hartu Kontxako Banderaren bi modalitateetako kontrolak egiteko ardura. Festa Unitatearen bidez estropada herrikoi hauek antolatzen dituen Donostia Kulturarekin egindako akordioak aukera emango dio dopinaren aurkako arloan erreferentziako erakunde gisa finkatzeko euskal lurraldean egiten diren probetan.

40 kontrol inguru
Akordioak ezartzen du Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak bere gain hartuko dituela emakumezkoen modalitateko dopinaren aurkako kontrolen laborategi-kostuak, eta gizonezkoen modalitateko laborategi-kostuak “hiru estropaden artean (sailkapena eta bi jardunaldiak) 20 kontrol gainditzen duen guztian”. Hots, gizonezkoen modalitatean gehienez 20 kontrol egiten badira, gastuak Donostia Kulturaren kontura izango dira. Bi aldeen artean sinatutako akordioak ez du zehazten zenbat kontrol egingo diren, baina aurreikusten denez, guztira 40 kontrol inguru egingo dira (20 modalitate bakoitzean), azken urteotan egindako kontrolekin bat etorrita.

Era berean, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziari dagokio zehaztea kontrolen unea, horiek zer kirolarik egin beharko dituzten eta kontrol mota (odola, gernua…). Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak zehaztu beharko ditu laginak jasotzeko taldeak osatuko dituzten pertsonak eta dopin-kontroleko eragileak ere, eta zehaztuko duen dopinaren aurkako laborategiarekin kudeaketa egokiak egiteaz arduratuko da.
Donostia Kultura arduratuko da, berriz, besteak beste, laginak hartzeko gaitutako gunea lagatzeaz eta babesteaz, eta dopinaren aurkako kontrolak egingo dituen taldearen esku profesional talde bat jartzeaz, arraunlariei laginak hartuko diren zonaraino laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok akordio honen garrantzia azpimarratu du. “Dopinaren aurka zero tolerantzian sakontzeko gure helburuaren barruan, aurreko legealdian Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia sortu genuen, eta legealdi honetan haren egitekoa indartu nahi dugu erreferente bihurtzeko. Kontxako Bandera gure lurraldean egiten den hitzordu entzutetsuenetako bat da, proba nabarmenenetako bat. Testuinguru honetan, gure ustez, proba garrantzitsu honetan joko garbia zaintzea Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak hartu behar zuen zeregina zen, eta hori Donostia Kulturarekin egindako akordioari esker gauzatu da”.

Horrez gain, Alfonso Gurpegui Donostiako Udaleko Gune Publikoetako, Ekologiako eta Festa Jardueretako zinegotziak nabarmendu du akordio honek izango duen garrantzia kirolarien osasunaren ikuspegitik eta joko garbia defendatze aldera: “Kirolarien osasuna babesteaz gain, akordio honek bat egiten du baldintza berdinetako lehiaketen aldeko erakundeen politikekin; debekaturiko sustantziarik gabeko txapelketen alde egiten dugu apustu”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak